Bergarako Amodiozko Gutunen Lehiaketan saritutako lanak

87 gutun aurkeztu dira aurtengo edizioan, inoiz baino gehiago

Amodiozko Gutunen Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia egin zen aurreko astean Bergaran. Jardun elkarteak antolatzen du lehiaketa, 23. edizioa zen aurtengoa, eta inoiz baino gutun gehiago aurkeztu dira. Guztira, 87 idatzi. Dagoeneko erreferentzia bilakatu den seinale. Partehartzaileak gainera, Euskal Herriko txoko ezberdinetakoak dira.  Goiena hedabidearen bitartez ezagutu ditugu aurtengo irabazleen izenak eta lan sarituak.

Amodiozko0

87 gutun aztertu behar izan ditu epaimahaiak. Horietatik lau gutun izan dira sarituak. Epaimahaikide lanetan Maite Toledo idazlea aritu da, eta Goienari adierazi dioenez, lan sarituak hasieratik nabarmendu ziren. Gutunen maila handia izan da ordea, “gustura irakurri ditut lan guztiak, oso ondo idatzita zeuden”.

Lehenengo saria Burlatako Josune de Goñik irabazi du, eta bigarren saria Elizondoko Fernando Anbustegirentzat izan da. Bergarar onenaren saria Maddi Elortzak lortu du, eta 26 urtez azpikoek idatzitako gutunen artean Leire Urretabizkaia ikaztegietarrarena izan da onena epaimahai gaztearen iritziz.

Amodiozko

Ezkerretik eskuinera: Leire Urretabizkaia, Maddi Elortza eta Fernando Anbustegi. Josune de Goñik ez zuen sari banaketa ekitaldira bertaratzerik izan.


Lehen saria, Josune de Goñi (Burlata, Nafarroa)

 

2014ko azaroaren 23an

Poetari:

Zuregana doaz nire kresal-hitzak, mendeetan zehar, denbora arnas hartze bat balitz bezala. Ez ditut musen izenak aipatuko, ez amodioaren itzalak. Begiak itxiko ditut eta ametsaren ezpainetan ahaztuko dut nire gorputza, zure ahots guztiak, bion artean igaro diren gauak.

Gogoan ditut zure eskuen laztanak, arrosa zimelen hostoak ernaberritzen zituzten eskuak. Gogoan dut zure urratsen erritmo barea, betiletan zeneraman harearen kolorea. Gogoan ditut ekaitzak, malkoak, zure larruazalaren ilunabarrak.

Adatsa biltzerakoan izotzak ezagutzen ez duen zuritasuna desestaltzen zenuen, eta nik zure lepoan urperatu nahiko nituzke esan beharreko guztiak, poesiaren belaontzi galduak. Aparrez jantziko banintz, hesitzen nauen azalaren ordez ezkatak banitu, agian orduan izango ginateke itsaso.

Ez dakit tarteen jostura orainetik desegiten ote den, edo iraganeko kantuek gorputzen arteko zubiak eraikitzen dituzten, zuregana heltzeko antzinateko jainkosei otoitz egin behar diedan, hitzezko ontziren batek eramango nauen gurea izan zen irla hartara. Inoiz ez diot zure ilargiari poemarik idatzi; zorigaitz gehiegi ikusi du nireak elkarri agur esan zeniotenetik. Guda gehiegi. Hildako seme gehiegi.

Baina gogoan dut Mitileneko emakumeen ahotsa, begietan zeramaten sua. Kaioen itzalak itsasoari zainak marrazten zizkion, urak bihotza balu bezala, arrainen taupada badiarena bailitz. Eta han zeunden, zeruertzean infinitua bilatzen, haizearen xuxurlan amodioa izendatzeko moduak eta olatuen azpian bion gorputza.

Gogoan zaitut, Safo. Gogoan dut brontzezko ispiluek sorgintzen zuten begirada hura, Lesboseko harresien arrailak. Nire ahotsa ez da jainkosaren hatsa, nire hitza ez da zurea, baina goizaldeak dakarren lore-begia zure itsasoan erein nahiko nuke, gure gorputzen arteko mende luze hauetan.

Bihotzez ala kresalez,

Nerea


Bigarren saria, Fernando Anbustegi (Elizondoko, Nafarroa)

 

Zorionak maitea:

Harritu eginen zara, Jesus, nere gutuna jasotzerakoan. Harritu, poztu, hunkitu…nork daki. Beharbada haserretu ere, orain arte beti gezurretan ibili izan naizen sentsazioa burura etorrita. Lasai egon, ez, ez dizut inoiz, sekulan gezurrik erran. Elkar ezagutzen dugun hirurogei urte luze hauetan ez da nere aho zein burutik gezurrik atera zugana. Ez nekien idazten, hori egia da. Orain ikasi dut.

Ederki asko dakizu, maitea, garai zailak bizi izan ditugula gure etxean jaioz geroztik. Ibiltzen ikasi orduko ia lanean hasi behar izan genuen, eta ez genuen irakurtzen eta idazten ikasteko aukerarik izan. Egoerak hala behartuta, lana eta lana izan da gure bizitzaren ardatza, eta gerora, adinean gora joan ahala ikasteko aukeraren bat egon bazen,  nekea ikasteko gogoari gailendu zitzaion. Bai, maitea, badakit zu behin baino gehiagotan saiatu zinela irakasten, baina nahikoa lan banuen nik 6 seme alabak hazten eta etxea gobernatzen. Aunitzetan damutu izan naiz zure irakasteko borondateari uko egin izanaz. Bereziki azken urteetan, ikusmen arazoak hasi zitzaizkizunetik.

Aunitzetan egon izan naiz, ixilpean, zirrikitu batetik zuri begira. Lehio ondoan, hainbertze gustatzen zaizun aulkian eserita, liburu amaigabe horien artean murgilduta orduak eta orduak ematen zenituenean. Miresten zintudan, eta miresten zaitut orain ere, maitea, nahiz eta zoritxarrez, zure begi nekatu horiek ez dizuten irakurtzea ahalbidetzen.

Azken urte hauetan, zure ikusmena urritzen zihoan heinean, irakurtzeari utzi behar izan diozun heinean, zure bizitzeko gogoa itzaltzen joan dela somatu dut. Zure begietatik sartzen ziren hizki eta esaldiek zure bizitzeko gogoa elikatzen zutela badakit. Orain, ezin irakurri, agortutako iturri baten gisan ikusten zaitut. Zure itzaladi prozesu honetan nik erruduntzat jo izan dut behin eta berriz neure burua, ezin baizintudan lagundu, irakurtzen eta idazten ez nekienez.

Baina bukatu da, Jesus, maitea, bukatu da zure sufrikarioa, erran bezala, ikasi baitut, esfortzu handiarekin, baina ikasi dut irakurtzen eta idazten. Gure biloba Haizeak erakutsi dit. Koitadua, a ze pazientzia! Gogoratzen nere lagunekin egunero kafea hartzera joaten nintzenean? zu etxean kopetilun bakarrik gelditzen zinenean? Haizearekin elkartzen nintzen, ikasteko. Bai, kafearena gezur txiki bat zen, sorpresa izatea nahi bainuen. Barkatu maitea, baina ulertuko duzu, ezta?

Gustatuko litzaidake artrosiak higatutako nere eskuarekin iziriaturiko gutun hau zuk irakurtzea, badakit ilusioa eginen lizukeela. Baina berdin dio, nik irakurriko dizut. Nabari duzunez, kosta egiten zait irakurtzea, pazientzia pixka bat eskatzen dizut nere abiadura motel hau jasateagatik.  Eta ez dizut aitortuko zenbat denbora pasa dudan gutun hau idazten. Ene! Dena den, merezi izan du. Zuregatik edozer gauza eginen nuke maitea, badakizu. Eta zalantza izpirik bazenu, uste dut orain uxatu izanen zaizkizula. Maite zaitut Jesus.

Badakit ez ditugula urte aunitz gehiago elkarrekin emanen, zahartu gara jada, baina ni haur txiki baten ilusioarekin nago. Zure begi izan nahi dut, zure irakurle; hemendik aitzinet elkarrekin irakurketaz gozatuko dugu. Hain gustokoak dituzun Atxaga, Sarrionaindia, Irigoien, …gure egongelan sartuko dira berriz ere, hainbertze bizi ematen zizuten istorioak kontatzera.

Urtebetetze opari berexia nahi nuen aurten. Espero dut gustuko izatea.

Zure maitale maitatua,

Bibiana


Bergarar onenaren saria, Maddi Elortza 

 

Ene gorputzari:

Ezer baino lehen, barka nazazu gaur goizean, egiten zuen hotza kontuan izan gabe, ispiluaren aurrean biluztu izanagatik. Baina, barkamena eskatzen dizudan arren, aitortu behar dizut ez naizela damu. Ez naiz damu, ikusi egin nahi zintudalako, hobeto ezagutzeko, eta horrela, zu maitatu ahal izateko. Ikusteko biluztu zaitut; ezagutzeko biluztu zaitut; maitatzeko biluztu zaitut.

Hau guztia lortzen lagundu didan bitartekariari –ispiluari–, berriz, eskerrik asko. Beragatik ez balitz, nola ikusi zuok, nire begiok? Egungo gizartean, “perfektu” diren begi handi eta berde-urdinen antzik ez duzuen arren, ederrak zarete biok: bakarrak. Egungo gizartean “perfektu” diren betile luzerik ez duzuen arren, ikusgarriak zarete: bakarrak. Bakarrak zarete, eta horrexek egiten zaituzte polit.

“Perfektu” ez diren begi horiek zuri begira jarri dira, sorbaldatik behera irristatzen zatzaizkidan ile-mataza beltz horri. Hasieran, ez oso gustura –ez da “mespretxua” erabiliko nukeen hitza, baina ez dizute oso begi onez begiratu; hasieran, behintzat, ez–. Normalean lotuta eraman ohi zaitudan arren, ispiluan ikusi zaitudanean, askatzea erabaki dut: utikan loturak, izan aske, libre! Ohar daitezela guztiak –ene ile-mataza beltz eta kizkur hori– egiaz ederra zarela, benetan bakarra zarela. Ikus dezatela guztiek –telebistan Pantene edo Herbal Essences xanpuak iragartzeko ageri diren ile moten antzik ez duzun arren– ikusgarria zarela: bakarra.

Askotan aipatu didate ez dudala aho “perfektua”, ezpain finegiak ditudalako, akaso. Ezpain lodi eta haragitsuak direla “perfektuak”. Hori diote: lodiak, haragitsuak, eta gainera, kolore arrosakoak; zenbat eta arrosagoak, orduan eta politagoak, perfektuagoak”. Eta zuok, ene ezpainok, ez zarete batere lodiak, ez haragitsuak, ez oso arrosak. Baina bost axola niri! Nik horrela zaituztet gustuko. Irribarrea irudikatzen duzuenean zaituztet gustuko, transmititzen duzuen poztasuna bakarra delako. Irribarrea irudikatzen ez duzuen guztietan ere maite zaituztet, ordea. Zareten modukoak nahi zaituztet; zareten bezalakoak: bakarrak.

Eta zer esan paparrean, jaiotzatik, izan zaitudan orban horri? Zu bai zarela bakarra! Inork ba ote dauka zure moduko orban berdin-berdinik, toki berean? Jende gutxik, inork ez esatearren. Horrek egiten zaitu bakarra. Eta barka nazazu orain dela urte batzuk zutaz lotsatzen banintzen, jendeak zikin nengoela pentsa ez zezan ezkutatzen saiatzen nintzelako. Umeen kontuak, badakizu. Zinez, barka nazazu. Orain, ispiluaren aurrean jarri naizenean konturatu naiz zeinen polita zaren, eta zeinen bakarra. Amak musukatzen zintuenean sentitzen nuen harrotasuna berreskuratu dut. Harro nago zutaz.

Ene gorputza, harrotasunez betetzen nauzu! Ez baituzu, ez “perfektua” den sabelik, ez “perfektua” den bernarik, ez “perfekua” den ipurdirik, ez “perfektua” den bularrik… Atal batzuk perfektutik” urrun daude, batzuetan handiegiak eta besteetan txikiegiak direlako. Baina nik horrela zaituztet gustuko. Horrela zaituztet maite. Ez dut nahi ipurdi txikiagorik, bular handiagorik, sabel eta berna argalagorik. Zaren modukoa nahi zaitut, besterik gabe.

Beraz, barka nazazu ene gorputz horrek; barka nazazu, orain arte merezi zenuen bezainbeste maitatu ez bazaitut; noizbait –edo noizbait baino gehiagotan– zutaz lotsatu banaiz. Barka nazazu, zuganako harrotasuna merezi zenuen bezainbeste sentitu ez badut. Barka nazazu, beste batzuk desiratu izan baditut.

Esnatu naiz, itzartu naiz, azkenean. Gaur gertatu da. Konturatu naiz zu zarela ni, eta ni naizela zu. Eta orain arte itsu egon banaiz ere, zu ikusteko gai izan ez banaiz ere, zin egiten dizut hori guztia iragana dela. Ohartu naiz gorputz oro dela liraina, gorputz oro dela ikusgarria, gorputz oro dela bakarra; izan ere, horrexek –bakar izate horrek– egiten gaitu eder.

Eta, oraingoan bai, ozen bezain harro esango dizut:

Maite zaitut.


Gazte saria, Leire Urretabizkaia (Ikaztegieta, Gipuzkoa)

 

Hiru urte joan zinela laztana. Segundu bakarrean zutaz ahaztu gabeko hiru urte luze. Lagun baten bidez ezagutu zintudan, ene Jone laztana. Honelaxe esan zidan berak; “Jone duzu hau”. Nik bi aldiz pentsatu gabe eman nizkizun bi musu, baina ez jendeari sarri edukazio edo kortesia hutsagatik eman ohi dizkiogun bi musu horietako. Bi amodiozko musu izan ziren. Segituan notatu nuen zerbait berezia sentitu nuela nire sabelean. Azken boladan triste antzean nenbilen, zuk ondo dakizu, nire mutil laguna zen Xabier oso berezi notatzen bainuen nirekin. Hasieran dena zen algara, dena musuak, dena laztanak. Baina denbora pasatzen joan ahala, gauzak asko aldatu ziren. Bere jarrerak hirurehun eta hirurogei graduko aldaketa bat izan zuen. Ez zen berdina. Berak zekien, nik nekien, baina inork ez genuen onartu nahi. Geroz eta menpekotasun handiagoz tratatzen hasi zitzaidan, non zaude, norekin, zertaz hizketan… Hasiera batean oso normala iruditzen zitzaidan, nire barruan behin eta berriz berdina pentsatzen bainuen; Maitenau… baina hilabeteak pasa ahala, konturatu nintzen ez zela horrela. Batera geundenean ez zen eroso egoten, beti zelatan baitzegoen batenbatek begiratzen ninduen edota nik batenbati begiratzen nion. Amodioa egiterakoan ere bere jarrera izugarri aldatu zen. Eta nire lagunek behin eta berriz errepikatzen zidaten arren; “ez zaitu maite, hori ez da maitasuna” nik itsu-itsuan jarraitzen nuen bere atzetik lerdea dariola.. Momentu gogor horiek bizitzen hari nintzen bitartean zu agertu zinen. Hondartzara joan nintzen egun batean, ezerezetik, nire lagunari besarkada bat eman eta niri bi musu emanez. Egun osoan nire ondoan egon zinen hondartzan etzanda, eta zuri buruzko gauza mordoa kontatu zenizkidan. Izugarri irekia zinen.  Nik berriz, Xabierrena kontatzeko beharra sentitzen nuen, baina konturatu nintzen, ezinezkoa egiten zitzaidala. Ez nuen ulertzen zergatik. Denbora pasa ahala konturatu nintzen, ez nuela nahi zuk Xabier bazegoenik ere jakiterik. Ez nekien zer ari zitzaidan gertatzen. Hain ordu gutxitan, txikitatik ezagutzen dudan lagun minena bihurtu zinen. Zure mugikor zenbakia eskatu nizun, lotsati samar. Etxera joan eta zenbaki horri so egon nintzaion denbora askoan. Uste dut buruz ikastera ere iritsi nintzela. 655248975. Nola ahaztu zure mugikorra… Nire bihotzak zuri ondo lo egin mezu bat bidaltzeko esaten zidan arren, nire buruak zoratzen ari ote nintzen galdetzen zidan. Hiru egun zure mugikor zenbakia behin eta berriz behatzen egon ondoren, mezu bat bidaltzea erabaki nuen. “Zer moduz dena? Maddi naiz”.

Idatzi, borratu, idatzi, borratu… ez nekien egokia ote zen, zer pentsatuko zenuen zuk mezu hau irakurtzean. Oso urduri nengoen. “Bidali” botoia sakatu nuen. Listo, egina zegoen. Ez zegoen atzera bueltarik. Orain zuk noiz erantzungo zain egotea besterik ez zitzaidan geratzen. Hala ere, aitortu behar dizut, ene Jone kuttuna, banuela nahiko beldur batere ez ote zenidan erantzungo. Pare bat orduren ondoren nire mugikorraren musika entzun nuen sukaldetik. Korrika nire logelara joan, mugikorra hartu eta hantxe ikusi nuen. Hor zegoen. Azken lau egunetan burutik kendu ezinik nenbilkien gauza. Horrela bada, egunero orduak eta orduak hitz egiten hasi ginen, munduko gainerako eta inguruko gauza guztiak ahantzita. Hilabete pasa zen, bi hilabete pasa ziren, eta geroz eta urduriago sentitzen nintzen nire buruarekin. Xabiren deiak saihesten nituen, berarekin apenas ikusten nintzen, eta zure mezu bat irakurtzen nuen bakoitzean izugarrizko tximeleta piloa sortzen zitzaizkidan sabelean, aurpegiko irribarre uka ezinaz ez hitz egitearren.. Xabi geroz eta okerrago zegoen. Geroz eta gehiago zelatatzen ninduen, baina inongo mutilekin kontakturik ez ikusita, lasaitu egiten zen, konturatu gabe, nik benetan maite nuena, pertsona bat zela, ez neska ez mutil, pertsona baizik. Banekien zuk ere nire berdina sentitzen zenuela. Igartzen zen. Gure elkarrizketak, lagun soilenak baina, bikote maitemindu batenak ematen zuten. Elkarrekin geratzen hasi ginen, lantzean behin. Izugarri ondo pasatzen nuen, barre asko egiten genuen, eta gure konfidentzia ezkutuenak kontatzen genizkion elkarri. Baina nik sekretu ezkutu eta ilun bat nuen, zuk ez zekizuna, eta kontatzeko ahaleginak egin arren esatea lortzen ez nuena, Xabi. Eskolatik atera eta Xabirekin nioan etxera egun batean. Gure harremana hozten hari zen, biok genekien, eta nik banekien zergatik zen, onartu nahi ez nuen arren. Eta Xabik musu bat eman zidan momentuan, zu agertu zinen. Hortxe zeuden, gure musuari so, izugarrizko susto aurpegiarekin. Momentu hori izan zen Xabi utzi eta zurekin maiteminduta nengoela onartzera eraman zidana. Gainera, zure aurpegiari erreparatuta, banekien zuk ere zerbait antzekoa sentitzen zenuela. Dagoeneko dudarik ez neukan. Baina zu haserre zeuden. Oso haserre gainera. Nik ulertzen nuen, baina zuri gauzen berri eman eta ondo azaldu nahi nizkizun. Zuk ordea, ez zenituen nire mezuak erantzuten. Azkenean, beste modurik ez eta bostetan parkera azaltzeko zioen eskutitz bat sartu nizun gutunontzian. Agertzen bazinen, dena azalduko nizula, eta ez bazinen agertzen oso harro esango nuela nire bizitzako hilabete batzuetan nire laguna izan zinela. Lau eta erdietan, etxeko atea itxi eta parkera abiatu nintzen. Nire nerbioak ez ziren nolanahikoak. Izerditan nengoen, sabeleko mina ari zitzaidan jartzen, eta etengabeko txizagura bat neukan. Baina banekien horiek denak urduritasunaren ondorio zirela. Bostak jo zuten elizako kanpandorrean. Baina zu ez zinen agiri. Bostak eta hamar, eta zure arrastorik ez Jone. Bost eta erdiak arte zure esperoan egon ondoren, ulertu nuen, ez zinela agertuko laztana. Nire bizitzako golperik handienetariko bat izan zen.  Hiru aste bururik altxa gabe egon ondoren, Xabiren mezu bat irakurri nuen; “Hau amaitu da, beste neska bat ezagutu dut”. Bi urte elkarrekin egon ondoren, horrelaxe amaitzen zuen gure erlazioa. Mezu baten bidez. Mina egin behar zidala iruditzen zitzaidan arren, konturatu nintzen ez zitzaidala ia batere axola. Nik buruan gauza bakarra nenbilkien bueltaka; ZU. Baina banekien ezin nuela ezertxo ere egin zuk iritzia aldatzeko.  Bi hilabete pasa ondoren, zure mezu bat irakurri nuen, “Ezin zaitut ahaztu, biok dakigu zer dagoen gure artean eta ezinezkoa da jaramonik ez egitea. Orain amonaren herrian nago eta ezin zaitut ikusi. Datorren astean, ostiralean, bostetan Doneztebeko plazan izango nauzu. Agertu mesedez. Muxu bat”. Mezu hori izugarria izan zen. Ezin izango dut inoiz ahaztu irakurri nuenean sentitu nuena. Poza, poz izugarria! Baina.. urduritasuna ere itzela zen. Nik bi aldiz pentsatu gabe erantzun nizun “Hantxe izango naiz, beste bat zuretzat”. Oraindik gogoan dut behatzak nola egiten zidaten dardara.  Eta aste amaiezin horren ondoren, azkenean, iritsi zen ostirala. Ordu biak aldera mugikorra entzun nuen. Zure mezuak honelaxe zioen “Laster abiatuko naiz, gero arte laztana”.  Hainbeste hilabetean zehar hainbestetan imajinatutako unea iristear zegoen, eta ni sinestu ezinik nenbilen. Bostetan Doneztebeko plazan nengoen, zure zain maitea, inoiz iritsiko ez zinen horren zain, une horretan nik oraindik hori jakin ez arren. Bost eta erdiak eta oraindik ez zinen agiri. Oso urduri jartzen ari nintzen, zure haserreak oraindik bere horretan ote zirauen eta mendeku moduan egin zenidan tranpa bat ote zen pentsatuz. Seietan mugikorrera deitzea erabaki nuen. “Itzalita edo estaldurarik gabe”. Kaka! Ez nekien zer egin. Kotxea hartu eta etxera itzultzea izango zela onena pentsatu nuen, betiko galdu zintudala pentsatuz. Gauean, eguneko albisteak entzuten ari nintzela, mundua gainera erori zitzaidan. N-12 autobidean izugarrizko auto istripu bat izan omen zen eta 21 urteko neska Doneztebearra hil omen zen. “Ez aipatzeko Joneren izenik, ez aipatzeko Joneren izenik…”, nire pentsamenduak horiek ziren. “Jone Santos omen da biktimaren izena eta familiartekoek esan digutenez, amonaren etxetik omen zetorren istripua gertatu denean”. Ez zait sekula ahaztuko albistegiko gizonezko horrek zure izena esan zuenekoa. Jada hirugarren urteurrena da gaur zu joan zinela, eta zauden lekuan zaudela ere, jakitea nahi dut, beti maite izan zaitudala, eta baita maiteko zaitudala ere. Espero dut zuk behar duzun bezalako tratua jasotzea zauden leku horretan, eta egunen batean, inoiz izan gabeko baina hainbatetan amestutako musu hori gertatzea gu bion artean. Zu ikusteko esperantza osoz agurtzen naiz. Muxu handi bat laztana.

* Argazkiak, gutunak eta bideoa goiena.eus orritik hartu ditugu.

This entry was posted in ai-Testuak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.