barikuko erretratuak

Pagotxa, ailorbea, arrosa eta lirioa

Euskararen argazki bi ikusi ditut gaurko paperetan: koloretakoa, bata; zuri-beltzean, bestea.

Nafarroako Parlamentuak euskararen legea aldatzea erabaki du. Horra lehen argazkia, koloretan. Baldintzak baldintza… Nafarroako ume denek izango dute euskaraz ikasteko eskubide aitortua. Sare publikoan.

Jakina da belardietan dena ez dela pagotxa; ailorbea ere bada. Dena ez dago eginda; baina, inork uste al zuen hala izan zitekeenik? Hesia apurtu da, laiatu eta aitzurtu beharko da orain lurra, sasoia ere bada-eta.

Eusko Legebiltzarrak adostasuna lortu du hurrengo Arartekoa izendatzeko. Horra bigarren argazkia, zuri-beltzean. Alderdi Jeltzalea, Alderdi Sozialista eta Alderdi Popularra bat etorri dira hurrengo Arartekoa izendatzeko. Curriculum bikaina omen du. Eskarmentu handiko gizona ere ba omen da…

Kazetariak galdetu dio Alderdi Jeltzaleko bozeramaileari: “Eta euskalduna ba ote da hautagaia, ba ote daki euskaraz adostu duzuen Arartekoak?”. Hona haren erantzuna: “Ba, ez dakit… agian, bai… baina, ez dakit”. Jakina da loretan ere dena ez dela arrosa; melira, lirio ustela, ere bada.

Jose Inazio Basterretxea

About Jose Inazio Basterretxea

Galdakao (Bizkaia), 1959-06-07
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.