Kilkerren soka zikloko lehena izango da Andoaingoa. “Hurrengo hitzorduak Usurbilera eramango gaitu: martxoaren 5ean, ostegunez, Jose Luis Otamendik 2014an Susa argitaletxearen eskutik kaleratu duen Kapital publikoa poesia-liburuan oinarrituriko izen bereko errezitaldia eskainiko du 19:30ean Potxonea kultur etxean”, 111 Akademiatik aditzera eman dutenez.
Eta biharamunean, martxoaren 6an ostirala, “ziklo honen azken hitzordua. Bide Ertzean taldeak eta Oier Guillan eta Asier Sarasola errezitatzaileek Joxan Artzeren Heriotzaren ataria dugu bizitza eta Bizitzaren atea dukegu heriotza poesia-liburuetan (Elkar, 2013) oinarrituriko Nola belztu behar zuria errezitaldia eskainiko dute Eskoriatzako Zaldibar aretoan gaueko 22:30ean”.
Irakurzaletasuna sustatzea helburu
Kilkerren soka egitaraua 2010ean jarri zuen abian 111 Akademiak, eta lehenengo zikloetan liburu aurkezpenak nagusi baziren ere, azken saioetan errezitaldiak eta bestelako emanaldiak ere bildu izan ditu.
111 Akademiak euskal literatura eta irakurzaletasuna sustatu eta bultzatu asmoz garatu du egitasmo hau, eta urteko sorkuntza ezagutzera eman eta idazleei sorkuntza hori irakurleekin partekatzeko aukera eskaintzea du helburu.
Egitaraua
Martxoaren 3an asteazkena, Andoainen
Martin Ugalde: diskurtso baten kartografiak. Larraitz Ariznabarretaren hitzaldia (Argazkia: Berria).
111 aldizkariaren aurkezpena.
19.00etan Bastero kulturgunean
Martxoaren 5ean osteguna, Usurbilen
Kapital publikoa. Jose Luis Otamendiren errezitaldia.
19.30ean Potxonea kultur etxean.
Martxoaren 6an ostirala, Eskoriatzan
Nola belztu behar zuria. Bide Ertzean, Oier Guillan, Asier Sarasolaren ikuskizuna.
22.30ean Zaldibar aretoan.