Kalean da Jon Benitoren ‘Bulkada’

Kalean da Jon Benito idazlearen bigarren poesia liburua, Bulkada. Aingurak erreketan atera eta bederatzi urtera iritsi zaigu lan berria, Susa argitaletxearen eskutik.


Luzaroan isilik egon diren ahots poetikoak plazaratu dizkigu aurten Susa argitaletxeak. Udaberrian Haragizko amoreak liburuarekin itzuli zen Omar Nabarro, hogeitabat urteren ostean; Bitsa eskuetan kaleratu du berriki Miren Agur Meabek, Azalaren kodeatik hamar urtera; bederatzi urte igarota heldu zaigu Jon Benitoren berria. Poesia zaleek erraz oroitzeko moduko izenak ziren hiruak, beren aurreko lanen harrera ona ikusita. Poesian ez baina bestelako arlo eta generotan jarraitu ahal izan dugu hiruen ubera, nolanahi ere. Jon Benitoren kasuan literaturari loturiko kazetaritzan, hala Sautrelako erredakzioan nola Berrian emandako literatur erreferentzietan. Uda aurretik Testuketan irratsaioko kolaboratzaile ere izan zen, musika eta literaturaren arteko harremanak transmititutako emozioak ardatz hartuta.
Batzuetan liburuaren azalak ederto islatzen du mamia, horrelakoetan titulua bezainbeste datorkigu gogora ongietorri irudia. Bulkadaren kasuan Oihana Leundaren margoak iradoki duen sentipenetik abiatuko da irakurlea liburuan, ezin zehatzago: elementu gutxikoa baina konplexua, definitua eta mugimenduan, bere baitako zurrunbiloan bildua. Ertzetik azaltzen den barne bulkada, gure begientzako biluzik eta era berean osagabe.
Donostian egin zen Bulkadaren aurkezpena. Bertaratutako askok jada irakurria zutela suma zitekeen, aurkeztu baino lehenagotik nolabaiteko oihartzuna izan duen liburua baita Bulkada. Bertaratutakoen artean bazen Hasier Etxeberriak bere blogean plazaratutako amua gustura irentsi zuenik, adibidez. Igandean argitaratu du Beñat Sarasolak Berrian liburuaren lehenengo kritika.
Gaika antolatutako atalak topatuko ditu irakurleak Bulkadan, eta haiekin poemak narraziogintzara lotzen dituen ahotsa. Jon Benitok zera aipatu zuen aurkezpenean:
‘Liburu honek historia intimo bat nahi bezala kontatzeko abagunea eskaini dit. Lehen pertsona susmagarriki erreal baten baliabidea niretzat hartuz egin nuen aurrera hasieran, baina hirugarren atala amaitu nuenean zalantza batekin aurkitu nintzen: liburua zentzurik izatera ezin nuen dena lehen pertsonara mugatu, bestela nire liburua niretzat izango zen ez beste inorentzat. Nik irakurlearen enpatia bakarrik ez, identifikazioa ere nahi nuen. Behar nuen lehen pertsona ez ezik hirugarrena erabili beraz, ezen zer naiz ni bestea ez bada, zuentzat bestea naiz. Beraz alboratu modu erraz batean liburua etiketatzeko tentazioa, utikan autobiografia edo auto-fikzio etiketak: liburu honek ez du indarrik edo zentzurik izango ez bada nirea bezala beste jende batena, nire garaiko jendarte baten historia’.
Poesia idazleen artean liburu bat argitaratu eta gutxira beste bat, eta beste bat argitaratzeko joera omen da nagusi, baina ez Benitoren kasuan ‘batetik konturatu nintzen literaturarekiko neukan pertzepzioa asko aldatu zela idazlea bilakatu nintzenean. Askoz gutxiago gustatzen zitzaidan irakurtzea, edo literaturan zegoen mundua, liburua idatzi nuenetik. Aurreneko hiru urteetan idazle bat beti ari da konparatzen besteen lanekin, nik ez dut hau egin, besteak horrela egin du… Bestetik asko ikasi nuen aurreko liburua egiten eta era berean oso esperientzia intentsoa izan zen’. Ekaitza eta bulkada poemak erreferentzia egiten dio bi liburuen arteko prozesuari ‘nik banekien berriz ateratzen banintzen, ez dakit ona edo txarra baina bai behintzat beteko ninduen liburu bat egin behar nuela’.
Susaren webgunean topa ditzakezue Aingurak erreketan eta Bulkada liburuak osorik.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>