Literatura kurduaren paperezko musika

Euskal Idazleen Elkarteak plazaratzen duen Hegats aldizkariak literatura kurduari buruzko alea kaleratu zuen Durangoko Azokan. Bertan egindako aurkezpenean hainbat olerki errezitatu ziren, haien artean jarraian entzun-ikus ditzakezuenak.



Pasa da 45. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka, eta harekin erotismoan murgiltzeko aukera, Kurdistaneko literaturaren berri gertutik izateko parada. Pasa da azoka baina oraindik bizirik ditugu Ahotseneako oihartzunak, apaletatik deika ari zaizkigu tituluak eta doinuak. Pasa da beraz, azoka, baina arrastoa utzi du paperean aurkeztu diren liburu eta aldizkarietan.

Arrasto horien artean da literatura kurdua sakonean ezagutzeko aukera ematen du Hegats aldizkaria. Durangoko Azokan aurkeztu zen aldizkaria, lehenago ere aurreratu dizkizuegu Uberanen Hegats-en edukiak Urtzi Urrutikoetxeak Helim Yusiv eta Berivan Dosky-ri egindako elkarrizketaren bidez. Oraingo honetan poesiaren musika ekarri nahi izan dugu Uberaneko kaira: Urtzi Urrutikoetxeak Hegatserako hautatutako harribitxi batzuk irakurri ditzakezue jarraian, eta bideoan Hegats-en aurkezpenean egindako irakurraldiaren zati bat ikus dezakezue.

Askapena, Nazand Begikhani


Nire gorputza elurte bat bezain isila da
Nire izpiritua, errekasto bat

Gogoan ditut behinola hemendik pasa zirenak
Zeruan argi lerroa zeharkatu
Eta inoiz itzuli ez zirenak
Gogoan ditut eta eguzkiaren handitasunaz hausnartzen dut
Gogoan ditut eta haize leunaren miraria entzuten dut
Gogoan ditut eta harriaren isiltasuna ukitzen dut
Gogoan ditut eta nire samina ikusten dut kotoi bola bihurturik
haize bolada batek daramala

Bereizketa, Sherko Bekas

Nire poemetatik
lorea erauzten baduzu
nire poesiako lau urtaroetatik
urtaro bat hilko da
Nire maitasuna baztertzen baduzu
urtaroetako bi hilko dira
Ogia baztertzen baduzu
urtaroetako hiru hilko dira

eta askatasuna eramaten baduzu
lau urtaroak hilko dira

Gure poesia malkoz idazten da, Mehmet Emîn Bozarslan

Espetxeetan
espetxe ilun eta beteetan
gotorleku eta kasernetan
burdin astuneko atea eta barroteen atzean
arratoi eta kakarraldoen artean
gure literaturaren haziak hazten dira
eta gure historia umotzen ari da.

Malkoz
begietako malkoz
umeen malkoz
aitengana isurian
espetxean diren aitengana
gure poesia idazten da
eta gure historia umotzen ari da.

S.T. emakume gerrillariak 1994an Beritan-en omenez idatzia.

Nola maite ditudan mendi hauek
haien edertasun birjina
gure armekin ohoratu dugu
amaren umetokiak legez
aterpe eman diguten mendi hauek

Gure aurka diharduten turkiarren eta
arabiarren eta pertsiarren ezpatetatik
gure patua da, fusilaren kanoiaren
gainetik bi sumendi bikiren gisan
nire eskuak lotzen dituen pasio hau

Geroz eta gehiago borrokatu emakumeek,
ederrago bihurtzen dira.

Aurkezpen-errezitaldia Durangon


Jarraian, Durangoko azokan egindako aurkezpenaren zatia: literatura kurduaren ‘musika’ Irfan Güler idazlearen ahotsean, Igor Estankonak irakurritako Ehmed Husseyniren poema:

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>