Mikel Ayllonek bere estreinako nobela aurkeztu zuen atzo

“Ez tiro egin anbulantziei” du izenburua, eta Igartza bekaren eskutik kaleratu du

Bi tokitan aurkeztu zuen Ayllonek atzo bere estreinako nobela: Ez tiro egin anbulantziei (Elkar, 2015). Igartza sariaren eskutik kaleratu du lana, eta, hortaz, goizean ohiko aurkezpena egin zuen Donostian, eta, arratsaldean, Beasaingo Igartza jauregian izan zen, herriko CAF enpresak, udalak eta Elkar argitaletxeak sustatzen baitute, elkarlanean, Igartza idazle gazteentzako sorkuntza-beka. Ayllonen esanetan, eleberri berezia eta konplexua da, eta lana irakurri nahi duenak arreta handiz ekin beharko dio irakurketari.

334_Ez tiro egin anbulantziei_AZALA.indd

“Ez tiro egin anbulantziei” eleberria gizarte distopiko batean kokatzen da, ez-leku eta ez-denbora batean. Garaiaren deskribapenari garrantzia berezia eman dio Ayllonek. Garai zaharrekikoa eginda dagoela dirudienean, artean ez da mundu berririk etorri, eta hortxe bizi dira eleberriko pertsonaiak. Antonio Gramsci pentsalari italiarraren aipu bat ipini du liburuaren hasieran, eta, hain zuzen ere, aipu horrek ondo islatzen du garai nahasiekiko abiapuntua, esaten baitu, mundu berria hil delarik eta berria oraindik jaiotzeke dagoela, argi-ilun horretan jaiotzen direla munstroak.

Munstroak bainoago, gizaki grisak ageri dira Ayllonen eleberrian. Gauzak patxadaz egiteko, bizitzeko astirik kasik gabe gelditzen ari gara Mendebaldeko gizarteetan, etengabe da leku-aldaketa, lana, presaka joatea etxetik lanera eta atzera itzultzea bulegotik bizilekura. Liburuak gizarte distopiko bat islatzen duela esan da, hain justu, gure gizartearekiko alde batzuk agertzen ditu protagonisten eta gizaki grisen mundu horrek: iturriek ez dute urik ematen, kalean ez dago jesartzeko bankurik, ezin da argazkirik egin… Alderdi horietako batzuk urrunak iruditu arren, beste batzuk gertatzen ari zaizkigu, liburuan bertan bezala edo beste modu batean.

Ayllonen esanetan, nobelak ez dauka ekintza gehiegi, eta, batez ere lehen bi parteetan, argazki finko baten itxura handiagoa du. Eleberria irakurtzeko beste gakoetako bat horren ordena da; izan ere, ez da oso ohikoa, kronologikoki atzekoz aurrera baitago kontatua. Lehenik, pertsonaien azken egoera ezagutuko dugu, egin zutenaren ondorioak, eta, amaieran jakingo dugu zer egin zuten, edo zer-ekintza segidare ondorioz iritsi ziren orain daude lekura. Antolaketa hori erronka bat izan da autorearentzat, idazteko orduan. Liburua horrela egituratzeko erabakiak badu funtsik: bestelako emaitzak lortzeko bestelako bideak baliatu behar direla-eta, eleberri konbentzional batek ez zuen balio; ondorio latzak hasieran jasotzen ditu irakurleak, ekintzak eta zergatiak ondoren. Liburu amaitzen duenean, ondorioak bainoago, gauzak aldatzeko grina dauka presente, eta, gainera, ikasi du zerk ez duen funtzionatuko. Alde horretatik, itxaropenerako dei bat ere bada nobela.

Interesa duenak, hemen irakurri dezake Ayllonen liburuaren aurrerapena.

Azkenik, Elkar argitaletxeko editore Xabier Mendigurenek akordura ekarri zuen martxan dela Igartza bekaren 18. deialdia. Ekainera bitarte egongo da zabalik lanak bidaltzeko epea.

Jon Benitoren hitzak:

Mikel Ayllonen hitzak:

Eleberriaren trailerra:

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.