Katixa Agirrek liburu berria aurkeztu du

Atertu arte itxaron du izenburua, eta eleberri bat da

Katixa Agirrek bere hirugarren liburu argitaratu berri du, eta asteazkenean aurkeztu zuen jendaurrean, Bilboko Elkar aretoan, argitaletxe horren eskutik kaleratu baitu lana. Aurrez bi ipuin-liburu argitaratutakoa da Agirre: Sua falta zaigu (2007) eta Habitat (2009), biak ere Elkar etxearekin. Sei urte igaro dira azkenekoz autoreen plazan ibili zenetik, eta, denbora-tarte horretan, besteak beste, doktore-tesia idatzi du. Eleberri hau idazteko proiektua aspalditik zeukan buruan.

katixa_agirreIrudia: Juantxo Egaña

Errepide-bidaia bat kontatzen du Atertu arte itxaron eleberriak, Ulia narratzaileak eta haren bikotekide Gustavok Euskal Herrian zehar egiten dutena. Hainbat txoko ikusiko dituzte, Uliaren jaioterri den Gasteiztik hasi eta Araban barrena ondoren, Bilbora gero, errepide nagusietatik ihesi Lekeitiora arte, Eibar eta Ermua pasata, Gipuzkoan zehar segi, Getaria eta Donostiaraino, ondoren Baztanera jotzeko. Agirrek ez du amaieraz ezer esan nahi izan, sorpresa bat dugu irakurleok zain, antza.

Liburuak hiru hari nagusi ditu, gatazkari aurre egiteko hiru modu direnak. Hona hiru ardatz horiei buruzko azalpenak, egilearen ahotik.

Uliaren eta Gustavoren istorioa:

Benjamin Brittenen istorioa:

Uliaren gurasoak, Gasteizko martxoak 3:

Esplikazio labur horien ostean, Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak gidatuta, hainbat xehetasun kontatu zituen Agirrek. Mendigurenek azpimarratu zuenez, eleberriko kapituluetako batzuk oso intentsoak dira, besteak beste, Madrilgo martxoak 11ko gertakarien pasartea eta haurtzaroko koruko pasarte bat, Lolita ekar dezakeena gogora. Hain zuzen ere, Agirrek Loliten figura izan du aztergai bere ikerketa-lanetan, eta, horrez gain, Bilbo Zaharra euskaltegiak eta Euskaltzaindiak antolatzen duten klasikoen berrirakurketan, hitzaldi bat eskaini zuen Jon Miranderen Haur Besoetakoari buruz.

Bestalde, Agirrek esan zuenez, atentatuak gertatu ziren garaian Madrilen bizi zen, gertutik bizi izan zituen, eta horrek arrastoa utzi zuen beragan. Gainera, nolabaiteko lotura bat ere ezarri nahi izan du Uliaren gurasoak ezagutu ziren moduaren (Gasteizko martxoak 3an) eta Ulia bera eta Gustavo ezagutu ziren moduaren artean (Madrilgo martxoak 11n).

Eleberriko hariak elkarri ondo lotzeko hainbat literatur baliabide erabili ditu autoreak. 1. pertsona, 2. eta 3. tartekatzen dira, guztiak ere Uliak baliatzen dituen arren. Izan ere, liburuaren funtsa da Uliak Gustavori egiten dion kontakizun bat, Uliak literatura baliatzen du bikotekideari zerbait azaltzeko.

Jakin-mina daukanak, liburuaren hasierako pasartea irakur dezake hemen.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.