“Ibilera desegoki batzuen kontakizuna da, erraietatik azaldua”

Gaizka Zabartek nobela berria aurkeztu du: Jende desegokia (Susa)

Gaizka Zabartek Donostian eskaini duen prentsaurrekoan adierazi duenez, ibilera desegoki batzuen kontakizuna egin du bere nobela berrian. Pertsonaien artean hurbiltzeak eta urruntzeak emango dira, amodio-desamodio kontuak, bakardadea, gorrotoa, mendekua, botere harremanak eremu diferenteetan… “Baina batez ere, presenteenak mendekua eta amodioa-desamodioa dira. Nahiz eta elementu gehiago ere gurutzatzen diren, bizitzan ohikoak diren elementuak”, Zaldibarko idazleak aditzera eman duenez.

Jendedesegokia

Komedia gaizto bat. Gaizka Zabartek honela definitu du bere bigarren nobela, Jende desegokia (Susa). Bi hari nagusi ditu nobelak: “Peter Zuazo postari ohia da, eta idazle ohia, eta Desegokituen Elkartearen eskutik topaketa batzuetan partehartzeko gonbitea jaso du. Hori da tramaren abiapuntuetako bat. Bestea, Desegokituen Elkartearen beraren genesia”.

Aipatutako Peter Zuazo eta Desegokituen Elkarteko kideak dira nobelako pertsonaiak. “Narratzaile orojakile batek kontatua”, Gaizka Zabartek berak aditzera eman duenez. “Pertsonaia hauen ibilera desegokien kontakizun maltzurra da liburuan jaso dudana”.

Sei pertsonaia nagusi daude nobela honetan. “Bat izan ezik beste guztiek arazoak dituzte gizartearekin edo jendartearekin, nahiz eta denak pertsona arruntak izan”.


Erraietatik azaldua

“Nire asmoa izan da erraien begietatik ikusitakoa kontatzea”. Pertsonaien artean hurbiltzeak eta urruntzeak emango dira, amodio-desamodio kontuak, bakardadea, gorrotoa, mendekua, botere harremanak eremu diferenteetan… “Baina batez ere, presenteenak mendekua eta amodioa-desamodioa dira. Nahiz eta elementu gehiago ere gurutzatzen diren, bizitzan ohikoak diren elementuak”, Zaldibarko idazleak aditzera eman duenez.

Liburuan aipamenik egiten ez den arren, 2011 eta 2012 urteetan gertatutakoak kontatzen dira nobelan, eta kontu horiek 80etako urteetan gertatutako beste kontu batzuekin uztartzen dira. “Bai orduan eta bai gaur egun ere, egokiak ez diren jarrerak, ekintza artistiko-politikoak… Horiek guztiek zipriztintzen dute kontakizuna”.


Komedia zorrotz bat

Gorka Arreseren esanetan, Gaizka Zabarteren liburu berria komedia zorrotz bat da. “Ez dakit munduari begiratzeko modua aldatuko dizun. Baina komedia bat aski sutila bada, bere izaera xumearen bitartez edota bere zorroztasunaren bitartez, seguru asko zure pentsatzeko modua, zure portaera aldatuko duela oharkabean”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.