Juan Ramon Makusoren errezitaldia Garoan

Juan Ramon Makusok Hitzak Argi (Pamiela, 2014) liburuan oinarritutako musipoema emanaldia eskainiko du larunbatean Donostiako Garoa liburu dendan.

makuso

“Elurraren zuriak dena iluntzen du bitartean maindireak beltz geratu dira pintzetan baina idazten dudan poesiaren euriak ez du isiltasunaren geroa aurkitzen. Ahaztuta neukan: elurra bizidun guztien gainean erortzen dela eta hilobiko lehenengo lurra dela.

Bazatoz?”

Horrela gonbidatu dute jendea Juan Ramon Makuso idazleak larunbatean (maiatzak 2) 19:00etan Donostiako Garoa liburu dendan eskainiko duen errezitaldira. Bertan, bi musikari izango ditu bidelagun: Iñaki Alberro txeloarekin, eta Eihar Uribe gitarrarekin. Lehenago Bizitzeak hil egiten du liburuko poemak eraman zituzten hiruek oholtzara. Eihar Uribe, ondarroarra bera, gitarra ikasketak Bartzelonan burutu ditu, eta hainbat rock musika taldeetan aritua da. Aldiz, Iñaki Alberro, formazio klasikokoa da. Egun txeloko musika irakaslea da Trintxerpeko musika eskolan. Eta berak hainbat orkestra, ganbera taldeetan, pop-rock taldetan, eta hainbat musikariekin lan egin du.

Juan Ramon Makusok zuzeneko emanaldiak eskaini izan ditu ere aurretik, plazaratutako poesia liburuei lotuta. Duela urtebete egin genion elkarrizketa Hitzen Uberanen. Bertan aipatu zigun egileak, liburuko poema baten harira, errezitaldiaren harira ekartzeko moduko hitz hauek: “Poesiaren hitza musika da, eta hor ariketa bat egin dut. Ideia, kontzeptua, musika bihurtu. Eta kantua, ahotsa, agian, musika tresna liluragarriena da”.

Egilearekin berarekin mintzatu gara emanaldiaz:

-Nolakoa izango da errezitala, nola uztartuko da adibidez musikarekin?

Azkeneko urtean Eihar aritu da musika konposatzen, sortzen poemen inguruan. Eta hori oinarri hartuta, errezitalean poemak harilkatuko dira. Baita ere esan behar dut, poema batekin ere kanta bat sortzen ari dela. Baita ere Imanol Larrinagak, propio poema bakoitzari egindako ur-margo bat proiektatuko da.

-Zeren arabera egin duzu poemen aukeraketa, badago nolabaiteko hezurdurarik errezitalaren edukietan?

Kontuan hartuta Hitzak argi nire azkeneko poema liburuko poemak direla errezitatuko ditudanak, liburuan hitza da kezka iturri, berau da uztardura.

-Zure aurreko liburuekin ere egin izan dituzu zuzeneko emanaldiak, zer bilatzen duzu haiekin?

Lehenik poesia hurbiltzea jendeari. Nik uste dut oso era egokia dela poesia irakurleak, beste era batera sentitzeko. Oso hurbil sentitzen dut jendea. Oso deigarria eta berezia izaten da niretzat, entzuleak poemak entzuten duen bitartean, haien begiradak sentitzea. Oso une zirraragarria da.

-Errezital gehiago egingo dituzue?

Hau lehena da, eta bai asmoa dugu hemendik aurrera gehiago egitea. Esate baterako, Donostiako Tedone Rest Biológico Jatetxean, maiatzaren 30ean, arratsaldeko 19:00etan badugu errezitala. Eta dinamika horretan sartu nahi dugu.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.