Kalean da Mikel Antzaren azken lana: “Ametsak ere zain”

Sei poema luzek osatzen dute bilduma

Azken 10 urteotan idatzitako poemak bildu du Mikel Antzak, estreinako poesia-liburua duen Ametsak ere zain honetan. Forma berezia hartu dute horiek guztiek, izan ere, erreka moldeko sei poema luzek osatzen dute obra. Susa etxearen eskutik kaleratu du liburua, eta gaur aurkeztu dute Gorka Arrese editoreak eta … Lerro gordinak dira, heriotza eta gerra hartzen dutenak hizpide, baina baita maitasuna ere.  Obrari kantu zabal baten tankera hartzen zaio, eta horrexegatik dakar azpititulu gisa: garaitu gabeen balada.

ametsak-ere-zain

Gaur goizean aurkeztu du Susa argitaletxeak Mikel Antzaren azken liburua: Ametsak ere zain izenburuko poesia-bilduma. Autorearen halabeharrezko faltan, Gorka Arrese editoreak, Eneko Olasagasti zinemagile eta autorearen adiskideak, eta Jon Benito idazleak hartu dute parte prentsaurrekoan.

Arreseren hitzetan, idazle baten estreinako poema-liburuak beti du garrantzia berezia; izan ere, lehen ale horrek asko esaten du autoreaz, horren pentsamenduaz eta  munduari begiratzeko daukan moduaz. Idazlea beteranoa izanagatik, lehen poema-liburuak segitzen du esanguratsua izaten. Sei poema-errekek osatzen dute bilduma: Intro, Bellum, Carcer, Mors, Invictus eta De profundis. Hamaika gai jorratzen dira bertan: atxiloketa, klandestinitatea, heriotza, errepresioa… Edozelan ere, detaile xeheko eta gai ugariko obra honetan, guztiaren gainetik nabarmentzen da hitz bat, izenburutik bertatik datorkiguna: ametsa. Sarrionandiaren aipu luze batek ematen dio hasiera obrari, eta editorearen hitzetan, pasarte horrek ezinhobeto islatzen ditu kartzelako bizitzarekikoak:

Captura de pantalla 2015-04-30 a la(s) 12.24.04Urruti egonda ere, autorearen presentzia gutun bidez iritsi da gaurko aurkezpenera, Eneko Olasagastiren ahotsean. Idazteko orduan inspirazio-iturri izandakoak, kezkak eta idazteko mugak aipatu ditu, besteak beste.

Arresek liburuari buruzko irakurketa pertsonal bat eskatuta, Jon Benitok poema bateko lerro bat hautatu du, tximista-esaldi bat, eta horri tiraka ardaztu bere ikuspuntua. 85. orrialdean dago, Invictus atalean: ez genuen geure buruaz Houdini egin. Benitoren esanetan, paradoxa bat dakar esaldiak. Batetik, espetxetik ihes egin ez izana, eta ondorioz, orain bertan giltzapean egotea, gogoz kontra; bestetik, gai arantzatsuei, erantzukizunaren gaia eta beste hainbeste jorratzeari ihes ez egitea. Ausart heltzen baitie Antzak bere buruari pausatutako galderei, eta era berean erantzuten.

Sarrionandiak autodeterminazioaz aipatutakoak ere hartu ditu ahotan Benitok. Determinazioz aritzeak markatu du Antzaren bizitza, eta, era berean, autodeterminazioz ekin dio espetxeko bizitzari, preso egon arren aske izateko erabakiari, batez ere, norbera izanda libre izateko deliberoari.

Azkenik, liburuko poemak ardatz hartuta errezitaldian egingo dituzte, datozen hilabeteetan, Josu Landak, Gotzon Barandiaranek eta Itziar Castrillok. Gaur-gaurkoz bost hitzordu lotu dituzte, besteak beste, Donostian, Iruñean eta Ziburun. Data oraindik zehazteke daude.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.