Karmele Igartuaren poesia hizpide

“Itsaso kontra bat” liburuaren editore lanak egin ditu Tere Irastortzak

Iazko abuztuan zendu zen Karmele Igartua. Gaixotasun batek eraman zuen. Baina ondo lotuta utzi zuen Itsaso kontra bat poema liburua (Pamiela, 2011), inprentarako bidean. Bere lagun min batek, Tere Irastortza idazleak eman dio azken bultzada eta oraintsu ikusi du argia Itsaso kontra bat liburuak. Ekainaren 4an aurkeztu zuen Pamielak Larrabetzun, Literaturia egunetan. Bitxia. Urtebete lehenago, han bertan izan baitzen Karmele Igartua, bere poemak errezitatzen. Handik gutxira zendu zen. Baina Itsaso kontra bat utzi digu. Tere Irastortzak egin ditu liburu honen editore lanak eta eskaini digun elkarrizketan dioen moduan, “liburu hau idatzi zuen bitartean bere osasunak gorabeherak izan zituen, baina bizirik zegoela idatzi zuen eta bizitzeko idatzi zuen”.


Itsaso kontra bat ez da liburu postumo bat”, adierazi zuen Joxe Angel Irigarayk liburuaren aurkezpenean. Hitzaurrean ere hala diozu. Komeni zen hori nabarmentzea, hil ondoren argitaratu bada ere, Karmele Igartuak bazuen poema liburu hau argitaratzeko asmoa. Eta idatzia utzi zuen gainera, ezta?
Poema liburu honen argitalpena postumoa da, eta baita neuk argitaratzeko hartutako lana ere. Hala ere, liburu honen aurreko bertsioak Karmelerekin batera irakurriak eta zuzenduak nituen behin baino gehiagotan. Esan nahi dut, alde horretatik, ez naizela inolaz ere koadernoetan eta orri solteetan idatzitako poemez baliatu gero berak aurreikusi ez zuen poema-bilduma postumo bat editatzeko, baizik eta berak, bere oraingo forman, aurreikusia zuela, eta karpeta batean utzia zuela azken errebisioa egin ostean.
Bazituen orri solteetan eta ordenagailuan aurreko bertsio batzuk ere, baina azken bertsioari lotu natzaio argi eta garbi. Zalantza gutxi batzuk gora-behera, Karmelek argitaratzeko prest utzitako liburua da Itsaso kontra bat.

Postumoa ez bada ere, aparta den liburua dela esan daiteke. Bere sorreratik argia ikusi duen arte, aparta. Euskal letretan horrelako adibide gutxi izango dira. Horrek ematen dio liburuari dizdira berezi bat.
Karmeleren hirugarren poema liburua da honoko hau. Hemengo gaiak agertzen dira aurreko liburuetan ere. Bera hil ondoren argitaratu izanak, ekar lezake irakurlegoaren begirada bizitzaren alde ezkorrenetik zuzentzeko joera. Alde horretatik, heriotzarekiko geure begirada, minarekiko eta gaixotasunarekiko geure begiradak marka dezake irakurketa, liburuak berak adina. Zeren eta bai, liburu hau idatzi zuen bitartean bere osasunak gorabeherak izan zituen, baina bizirik zegoela idatzi zuen eta bizitzeko idatzi zuen. Horrek ez du esan nahi, inolaz, heriotza, mina, gaixotasuna, beldurra ageri ez direnik poema horietan. Izan ere, bizitzea -hala ikasi dut nik Karmeleren ondoan- ez da heriotzari ezikusia egiten saiatzea, bizitzea izan daiteke, halako batean, heriotza onartzeko saio sakon eta sumina ere.

Eta ez, euskal letretan, eta bestela ere, ez ditut nik liburu asko ezagutzen horrelakoak, hainbat zentzutan. Hor dira ars bene moriendiak, edo hainbat garaitan best-seller izan diren Ontsa hiltzeko bideak. Ez dira gutxi poetak heriotza -eta norbere heriotza ere- gai gisara ukitu dutenak.

Geure gizartean, baina, gaixotasunari buruz edo ematen da larregiko positibismoz betetako iritzi bat, zeinetan ematen duen dena geure baitan dagoela, eta heriotzaren aurrean geure gogoak beste edozerk baino indar handiagoa duela, edo oso kutsu moralistara egiten dugu jauzi. Karmeleren liburuan ez dago ez bata, ez bestea. Ulermen saio handia dago, eta edertasunaren bidez beste ulermen maila batera iritsi eta beste ulermen maila bat ezagutarazteko saio erraldoia, esango nuke. Horretan, bere kasuan, amatasunaren sentipenak eta senak indar handia eskaintzen duelakoan nago.

Miresten eta biziarazten zuen edertasuna jakin-min eta sosegu izan du Karmelek, eta liburu honetan, poema askotan, galdera eta erantzun askotan ageri da jakintza hori jasoa uzteko ahalegina.

Zaila izango da lagunmin baten editore izatea. Nolakoa zen lanerako garaian, zorrotza eta zurruna zen bere planteamenduekin ala edizio lana errazten duen horietakoa zen Karmele?
Beno, Bergarako Idazle Eskolan ezagutu nuen Karmele ikasle zela, eta baita berehala poeta gisara ere, eta bere poema liburu guztiak ondo ezagutu ditudala esango nuke, eta idazle gisa hobeto ezagutzeak lagun gisa ere elkar hobeto ezagutzea ere ekarri gaituela. Nik uste dut idazle batentzat adi daukan irakurlea ezagutzea gauza handia izan dela. Nire kasuan Karmele nire irakurle partikularra ere izan da, eta beno aldez aurretik berak ezagutzen zituen nire poemak, baina nik ez nire irakurlea, eta nik pribilegiotzat dut ezaupide hori.

Karmelerekin ere, bai ikasle garaian eta baita bere liburuekin egin dudan zuzenketa-lana modu horretakoa izan da. Zintzoak izan gara elkarren gauzak irakurtzean eta iritziak ematean. Oso aberasgarria izan da norbere idazketa lanerako ere, nik uste.

Galdetzen didazu, uste dudanez, nolakoa zen iritziak jasotzerakoan. Karmele emakume sendoa da ez zurruna, bai iritziak ematerakoan eta baita jasotzean ere. Baina noski, bakoitzak du bere sena eta testuak norberarenak dira hasieratik bukaerara. Bere aurreko bi liburuetan ere asko mintzatu ginen liburuei buruz, liburuen formari buruz, osotasunari buruz… eta beraz, hirugarren liburu honetan ere prozesu berbera eraman dugu, nahiz eta, azkenean, argitalpenaz neu arduratu naizen. Asko mintzatu ohi gara liburu honetaz ere, eta nik ez dut, inolaz ere, ezer asmatu izanaren irudipenik, ezer aldatu diodan irudipenik. Eta oso lasai aritu naiz alde horretatik. Egin beharrekoaz jakitun.

Izan ere, bion artean adigarritasun eta aditasun handia mamitu da eta berak nire esku utzi zuela hori, eta ziurtasun eta aldi berean askatasun handiz jokatu dut. Beldur gabe.

Hala ere, ezin ukatuko dut, ez dela hain erraza izan niretzat bere heriotzaren ostean lan honi ekitea: hau ez da ganbara ilun batean aurkitutako esku-izkribu haustua, hau, niretzat, Karmeleren liburua da, eta edizio lanean neure burua jarri aurretik denbora behar izan dut.

Poema askotan, ohar modukoak daude kurtsiban. Argigarri izatea, poemak osatzea, zalantzak konpartitzea… Zein funtzio dute ohar horiek?
Karmele Igartuaren poesia poesia plastikoa da: Irudiak sortzen ditu, eta eszenak. Liburu bakoitzaren izenburua da horren adierazlea, izenburua bera bihurtzen baita liburuaren mamiaren irudirik onena ere: Hitzak orbainetan, Denbora enaren hegaletan, Itsaso kontra bat. Irudi horiek, bildu egiten dute kontzeptu batzuen inguruko mundu sinbolikoa: orbaina eta hitza, denbora geldia eta denbora jauzia, itsasoa babes eta itsasotik babestea… Irudi horien gardentasunak bere sakonera erakusten dute eta horrexek bilakatzen ditu Karmele Igartuaren poemak irakurterraz eta ahaztezin.
Irudi horiek, ordea, ia beti, metafora batetik abiatu eta beste jauzi bat emanarazten dute. Aldi berean, liburu honetan, metaforaren ifrentzuan ageri dira definizioak, zuk ohar deituak.

Delako ohar horiek, eguneroko bizitzan erraz esaten diren hitzak berresanaraztera, berpentsaraztera garamatzate: zer ote, izan ere, hasiera, amaiera, -egi, egia, iruditu, jakin… eta bien kontrastean, poemako metafora eta oharreko metafora artean, poemaren espazioa hartzen duen testuaren eta bazter-testuaren artean, poemako hitz bat azpimarratzen duen ohar bidez, beste espazio bat sortzen da, beste jauzi bat, irudi berria, funtsean. Bi irudien artean hirugarren dimentsioa osatzen asmatzen du.

Poema bakoitza da, berez, osorik eta beste gabe irakur daitekeena, baina bazter-testuarekin, definizioarekin ematen asmatzen duen jauziak ematen dio liburu honi, nire iritzian, nortasunik bereziena.
Tematikari dagokionez, gaixotasunaz eta heriotzaz mintzo da baina ez erruki bila. “Ez dakit ondo zer nahi dudan / ezer handirik ez. / Hau, min hau, lokartzea, hori bai…”. Tonu hori mantentzea ez zen lan erraza izango, ala? Hor bada egilearen beraren asmo bat, errukitasunean ez erortzeko ahalegina. Bat zatoz ideia honekin?
Bai noski. Gaixo egon den hainbat jenderen liburuak argitaratzen dira, eta batzuetan, auto-laguntza liburu gisara aurkezten dira. Sarri garaileen liburuak dira, eredugarri, esan nahi dut, nahi baduzu, azken mutur batean, Inazio Loiolakoaren Ejerzizioak bezala, euskal jendartekoren bat aipatzeagatik. Baina Karmele Igartua, nire iritzian, Mila Lasturkotik zegoen gertuago, bazekin ez zela berdin sagar errea eta sagar gordina, edota zegoen Xalbadorrengandik gertuago “garaia da adiskidetzeko” dionean.

Izan ere, sentitzen duenaren, denaren, dakienaren berri uzten du islatuta Itsaso kontra bat-ean, eta ondo bizi nahi du, eta hemen geratzen direnei alferrikako minik eragin gabe.

Eta bai… tonua igartzen da, bere berea zuen estiloan. Baina ez da teknika kontua, nortasuna da, bere-bere duena (garen-garena dio) esanda utziz garatutako nortasuna. Harez gerokoan Itsaso kontra bat ez da toki bat, ez da une bat… da liburu bizi bat, bertara babes bila abiatzen denari abegiz zabaltzen zaiona.


Liburuaren aurkezpenean, poeta handi baten moduan definitu zenuen Karmele Igartua. Berandu hasi zen, ordea, bere poemak argitaratzen. Perspektibarekin begiratuz, bilakaerarik nabari al da poetaren idazteko moduan?
Hiru liburuak oso segidan idatziak izan dira. Estilo aldetik, bakoitzak urrats bat markatu arren, txirikordan lotuak bezala daude. Lehenengo poema liburuan hurrengoetan agertzen diren oinarri denak daude: espazioa, grafismoaren erabilera, ahozkotasuna eta espazioa lotzeko modua… Lehenengoa eta hirugarrena dira, agian, narratiboenak.

Hiruetan ageri da, baita ere, poema bakoitzaren eiteaz gain, poema-liburu bat osatzeko ahalegina, poema-liburuari haria ematea, liburua ataletan garatzea…

Beste bietan ez zegoena, niretzat, liburu honetan egiten duen “definizioen” jokoa dago.
Gaien aldetik ere esango nuke gaiak errepikatzen direla, nahiz eta, intentzioa, intentsitatea eta bizipenak aldatuz joan ziren.

Karmele Igartuaren alaba ere izan zen liburuaren aurkezpenean, eta esker oneko hitzak izan zituen zuretzat eta Pamiela argitaletxekoentzat. Karmele Igartua bera “oso pozik egongo zela” adierazi zuen alabak. Lan hau biribiltzeko garaian, etxekoen babesa sentitzea garrantzitsua izango zen zure kasuan, ezta?
Denontzat izan da zaila liburuaren edizioari noiz ekin erabakitzea. Etxekotzat hartu izanaren sentipenez lan egin dut eta ez dut hitzartu gabeko urratsik eman, hori bai. Hala ere, uste dut, niretzat Karmelerekin liburu bitartez hitz egitea garrantzizkoa izan den bezala, etxekoentzat ere orain liburu honen bidez aritzea sosegu-bidea izan dela.

Hitzetara ez dira sentipen guztiak iristen, eta esan beharrekoak egoki esan ahal izateak lanak ematen dizkio poetari baina baita sosegu handia ere. Karmelerentzat lehenengo liburutik argi zegoen hitzak zauritzaile izan zitezkeela, eta poesiak zauriak eta orbainak gozatzen asmatu behar zuela: ez ukatzeko eta ezabatzeko, baizik eta ferekaren ferekaz gogortasuna leuntzeko.

Karmelek biziaren handitasunaren eta edertasunaren aurrean zuen errespetua, geure neurriarekiko kontzientzia ere adierazten duelakoan nago. Liburu honen neurria, geure ahaleginarena ere bai.

Garazik (Karmeleren alabak) poz hori adierazi zuenean ni ere pozik sentitu nintzen, apur bat harrotuta ere bai. Askatasunez lan egin dut, baina Karmele ezagutu dugunak badakigu berak nahi zuen liburua argitaratu dela, eta bera ere pozik izango dela.


Zure liburu berriarekin batera (Eta orain badakit, Pamiela 2011) osatzen joan zen Karmele Igartuarena. Karmelek ere bazuen zure liburuaren berri. Azken batean, bi liburuak garai beretsuan erditu dira eta bietan parte hartu duzu. Zaila egin al zaizu bi plano horiek bereizten? Baten editore lana eta bestearen idazle lana?
Beno, biok egin genituen geure poesien zuzenketak aldi beretsuan. Eta orain badakit poema liburuko nire poema askok badituzte urte batzuk, baina poema bakoitzetik poema-liburura iristeko bidea, gutxi asko, 2010eko lehen lau hilabeteetan egin nuen. Are gehiago, Karmelek esaten zidan, “eh…. zuk niri ekiten didazu hurrengo liburuarekin hasi behar dudala esaten, ba… zuk ere ordu duzu”. Eta beraz, agian, akuilu hori gabe ez nituen bilduko, eta ez nuen liburua osatuko. Esan beharrik ez dago, gainera, geuretzat poesiaz aritzea eta geure poesia elkarrekin irakurtzea atsegin eta atseden aldi aparta izan dela. Beraz, berak niri bezala, neuk ere berari ere pasatzen nizkion, eta bion artean irakurtzen genituen.

Aldi berean, Karmele ere ari zen bere liburuari forma ematen. 2010eko udaberria amaitzerako edo, nire liburua Jose Angel Irigarayri pasea niolakoan nago. Karmele ere orduan ari zen bere liburuarekin.

2011n, aurrena nire liburuaren orrazketak egin nituen argitaratzeko eta gero Karmelerenak. Eta horiek, itsaso kontra bat liburuaren kasuan, geldi eta arreta handiz egin ditut. Gehien kostatu zaidana, batzuetan, urruntzea izan da, liburua ikuspegi tipografiko hutsetik begiratzea, alde batetik, eta bestetik, kasik kontrara, edizio kritiko bateko aparatoan harrapatuta ez geratzea eta hitzaurre gozo bat idaztea, esate batera. Gustura nago, eta Garazik (Karmele Igartuaren alabak) esan zuenez, pozik elkarlan eta elkar ezagupen baten emaitza izan delako hau guztia.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>