Ornitorrinkus

Esan zuten aurkezpenean espazio txikiegia zela diska ornitorrinkoa bertan sartzeko. Ertz sailkaezin guztiak forma karratura biltzeko. Baina kalean da Ornitorrinkus disko-liburua (autoekoizpena, 2010), zuzenekoen azken geltokia. Normalean, zuzenekoekin hasteko aurkezpen txartelak izan ohi dira diskak gure artean, baina Xabi Erkiziak, Judith Monterok eta Maialen Lujanbiok kontrako bidea, bide ornitorrinkoa egin dute, bidaiaren osteko argazki albuma bailitzan Xabier Gantzarainek eta Eneko Aristik diseinaturiko eta Jose Belmontek maisuki ilustraturiko diska.







Izen izan

“XIX. mendera arte ez zekiten bazenik. Europan. Australian, bertako biztanleek ezagutzen zuten mullangong-a, uretako satorra.
1978an Londresa animalia bitxi haren lehen ale disekatua heldu zenean, zoologoek taxidermista txinatarren faltsifikazio bat zela uste izan zuten.
Izate hirukoitzeko animalia, arrain, hegazti eta lau hankako. Zatika osatutakoa zirudien: obiparoa, baina ugaztuna, arraultzatik jaio arren esnez elikatzen zena. Ugatzak izan eta titibururik ez. Ileduna baina mokoduna. Mokoa izanik hortzak zeuzkana. Uretakoa eta birikaduna. Hatzaparrak, baina hatzapar arteetan mintzak. Kloakaduna baina odol berokoa.
Ugaztun pozoitsu bakarra, hala esango zuten humanoek… Ez zen ordura arteko sailkapen arauetan kabitzen. Nondik begiratzen zitzaion, ertzen batek beti ihes. Platypus Anatinus “lau hankako gorputz batean txertaturiko ahate mokoa” definitu zuten lehenik. Ornytorhynchus Paradoxus “izate ulertezineko animalia” deitu zioten gero. Ornytorhynchus Anatinus izendatu ondoren “Ahatearen tankerako txori mokoduna”… 80 urte iraun zuen eztabaidak.

Artean, uretan, urteetan, bera izan bazen, nahiz ez izan izen.”

Sailkaezina nola kabitu gure buru sailkatuetan? Ornitorrinkus emankizunetan etengabe jokatu dute ertzekin, deseirakitzearekin, galderabakiekin, zalantzekin, errimatzen duten antonimoekin (eta beste hainbat kontraesan ederrekin). Proiektuaren aita-amek euren atarian definitzen duten bezala, “Ornitorrinkus musika garaikideak, elektronikak eta bertsoak elkar hartuta osaturiko hotsen eta ahotsen emanaldia da, performance-aren, kontzertuaren eta happening-aren artean kokatzen dena.”

“Saxofoiak (Judith Montero), elektronikak (Xabi Erkizia) eta ahotsak (Maialen Lujanbio) -a priori elkarrengandik urrun leudeken hiru jardunek-, bakoitzak bere alorra arakatzen du lehenik eta elkar eragiten ausartu ondoren. Hiru ahotsek hizkuntza berri trinko bat sortzeko ahalegin honek esperimentazioa du bide eta helburu. Ornitorrinkoa -ezaugarri ustez bateraezinak batean bere dituen animalia-, irudi sinboliko bezala hartuta, sailkaezina denaz, izateaz eta izan ezinaz ari da Ornitorrinkus.

Entzun hemen, Belarri niniak eta Gald-e(ra)bakia piezak.

Aurkezpena, Artelekun

2006ko abenduaren 27an eskaini zuten aurreneko emanaldia Hernaniko Milagrosa hermitan, eta bide horretan etengabe jarraitu du esperimentazioak, etengabe joan da aldatuz ornitorrinkoa. Esan dezagun, diskan bildu dutena ez dela ornitorrinko osoa, baina disekzionaturiko piezak elkarri juntatuta animaliaren osotasuna usaindu ahal izango duzue.

Joan zen astean Artelekun egin zuten disko-liburuaren aurkezpena, eta bertan izan ginen. Borobilean antolaturiko aulkietan, zaleak, eta erdian mikroak, saxoak, soinu-mahaia, Judith, Maialen eta Xabi. Entzunaldi-tertulia moduan antolatu zuten aurkezpena. Azpian dituzue aurkezpeneko zenbait bideo.

Lagun ornitorrinkoak

Lujanbiok, Monterok eta Erkiziak hainbat bidelagun ornitorrinko izan dituzte diska hau osatzeko lanetan. Diskaren ondoan, beste artelan bat da liburuxka bera ere, Jose Belmonteren marrazkiek ia izaki bizidun bilakatzen dutena, eta barruan, Jakoba Errekondoren, Ixiar Rozasen eta Joseba Sarrionandiaren testuak ere aurkituko dituzue.

Non eros daiteke?

Diska Lanku-k zabalduko du. Durangoko azokan erosi ahal izango duzue Lanku-ren stand-ean, edo baita sarean ere Lanku-ren dendan.

Osterantzean, beste hainbat dendatan ere badago salgai:

Gipuzkoan, Donostian (Hontza), Zarautzen (Garoa), Errenterian (Xenpelar), Azkoitian (Hizki, Iratzar), Elgoibarren (Pitxintxu), Beasainen (Mirentxu), Lazkaon (Gerriko) eta Hernanin (Kronika, Dobera).

Bizkaian, Gernikan (Amilotx, Gaubeka), Durangon (Hitz, Urrike), Lekeition (Aralde) eta Bermeon (Luma).

Nafarroan, Iruñean (Karrikiri), Leitzan (Maimur) eta Lesakan (Legarra).

Zuberoan, Maulen (Herri ekoizpen).

Behe Nafarroan, Donibane Garazin (Kukuxka).

Loturak
Berrian

Testuketan irratsaioan 2008ko abenduan egin genien elkarrizketa

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>