Kattalin Miner: “Poesiak genero eraikuntzan duen pisua aztertuko dut”

Literatura Eskolako azken saioa zuzenduko du, larunbatean Gasteizen

Literatura Eskolak urriaren 25ean abiatu zuen ikasturtea.  Larraitz Ariznabarretak Martin Ugalde, Deserriaren kartografia gaiaz aritu zen Zarautzen. Ibon Egaña, Ana Morales-Itziar Diez de Ultzurrun, Xabier Olarra, Ixabel Etxeberria, Andoni Egaña eta Asisko Urmeneta izan dira ikasturteko beste solaskideak. Eta bidean, Virginia Wolf, Ulyssesen itzulpenak, Piarres Larzabal, Xabier Amurizaren bertsoa eta komikigintza izan dira hizpide nagusiak. Ikasturteko azken saioa larunbat honetan izango da, Gasteizko El Pilar gizarte-etxean. Kattalin Minerrek abiatuko du Poesia feminismotik irakurtzen izeneko solasaldia. “Poesiak genero eraikuntzan duen pisua aztertu nahi izan dut”, Hitzen Uberan adierazi digunez. “Baina batik bat, poesia nola erabili dezakegun feminismotik irakurrita, nahi dugun hori ulertu, aztertu eta aldarrikatzeko”.

kattalin

Euskal literaturak gay eta lesbianen arteko harremanak nola jorratu dituen aztertu zenuten Desira desordenatuak liburuan (askoren artean, Utriusque Vasconiae 2010). Larunbatean eskainiko duzun solasaldian, poesia izango da aztergai eta feminismoa hautatutako ‘begirada’ edo ‘ikuspuntua’.  Bi ahaleginak –orduko liburua eta larunbateko Eskola– parekatzeko modukoak dira ala batak ez du bestearekin zerikusirik?

Esango nuke parekatzekotan, ikuspuntu feministari dagokionez parekatuko niztuzkela bi lanak. Hain zuzen, lehen lan horretan, desirak, lesbianismoa eta emakumeen eraikuntza soziala landu nituen, hain zuzen, narratiban horiek nola lantzen ziren aztertu asmoz.

Oraingo honetan ordea, poesiak genero eraikuntzan duen pisua aztertu nahi izan dut, baina batik bat, poesia nola erabili dezakegun feminismotik irakurrita, nahi dugun hori ulertu, aztertu eta aldarrikatzeko.

Bertako poesiari bakarrik zuzenduko al zaio begirada? Edo ikuspegia “globalagoa” izango al da?

Oinarria euskal poesian badago ere, beste emakume batzuen ahotsak ere ekarriko ditugu, batik bat alderaketak egiterako orduan, zein antzekotasun eta ezberdintasun dauden aztertzeko eta identifikatzeko. Eta gehiengoa emakumeek idatzitako poesia bada ere, errebisio kritiko bat ere egingo diogu euskal poesia hegemonikoenari, hori bera ere eraldatzen saiatuz.

“Bakea ez da existizen, feminismoa bai”. Lema hori topatu izan dugu ‘Erractus’ performance-ari loturik. Jule Goikoetxea eta Danele Sarriugarte Mochales dituzu bidaide. ‘Erractus’-en ukiturik / kutsurik / airerik ba al du larunbateko solasaldiak?

Bakea fikzio politiko bat da, batzuen ahotsetik eta egiatik soilik eraikitzen den artean. Emakumeontzako, besteontzako finean, ez da bakerik, bai feminismorik ordea. Goikoetxea eta Sarriugarte andereak zentzu askotan ditut bidelagun. Miresmen politiko-literariotik, elkarlanera pasa ginen, eta lagunak gara, noski; baina bai bata zein bestearen lanak ondo ezagutu eta landuta ditut, beraz noski, asko izango du Danele eta Juletik larunbatekoak.


Poesia feminismotik irakurtzen

Akuilaria: Kattalin Miner.
Biltokia: Gasteizko El Pilar gizarte-etxea.
Ordua: 10:00-14.00.
Eguna: Maiatzaren 23a larunbata.

Izena emateko, edo informazio gehiago jasotzeko: Literatura Eskola

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.