Koldo Izagirre: “Ez zekienaren jabe egin da, hori da Lorea Gernikaren abentura”

Lorea Gernika, Andrazko bat (Susa) nobela aurkeztu du gaur Donostian

Lorea Gernika, Andrazko bat nobelan “ageri diren pasarte asko prentsarako txatalak bezala pentsatuak neuzkan, astean behineko kolaborazio bat egiteko”. Berria egunkariak egin zion enkargu bati esker hasi zen Lorea Gernika pertsonaiaren ingurukoak idazten.  “Idazten jarri eta luzera gabe, pertsonaia nagusitu zitzaion anekdotari. Gero eta garapen handiagoa eskatu zidan andrazko honek. Ezinezkoa egin zitzaidan prentsak derrigor behar duen karaktere kopuru zehatz eta murritzera mugatzea. Hala ere, trinko idazten dudala esango didate”.  Ezerezean geratu zen kolaborazioa. Baina txatal horiekin eta ondoren idatzi dituen beste pasarte gehiagorekin osatu du gaur aurkeztu duen nobela: Lorea Gernika, Andrazko bat (Susa, 2015).

Koldo

Pertsonaia nagusi bat ageri da nobela honetan, Lorea Gernika, “baina pertsonaia honek ez du helburu jakinik eta ondorioz ez dago nobela beltzean edo nobela zurian hain funtsezkoa den intrigarik”.

Pertsonaia nagusiaren ibiliak, lehen inpresio batean, ez dira ezer lortzeko. “Ibiliotan ordea, istripuak sortzen zaizkio, gutiz gehienak halakorik bilatu gabe. Lorea Gernikak topatzen eta sortzen dituen traba eta arazo hauek dira bere nortasuna moldatzen dutenak”.


Ez zekienaren jabe egingo da, “hori da bere abentura”

Istripuei aurre eginez, ikasten joango da. Eta horri esker, garapen bat izango du protagonistak. “Lorea Gernikak ez dauka diskurtsorik, ez pentsamendu egituraturik, hauxe da gakoetarik bat. Baina deusetaz pentsatu ezinean ageri da hasieran, eta azkazalek sortu dioten gogoeta egiten du amaieran”, Izagirrek aditzera eman duenez. “Garapen bat izan du liburuan barrena eta kontziente da horretaz. ‘Ikasi dut’ aitortzen du azkenik. Ez zekienaren jabe egin da. Hori da bere abentura”.


“Zentzumenetik ulertzera kondenatu dut andrazkoa

Lorea Gernikak zentzumenen bitartez ulertzen du mundua. “Hunkibera dela erran gabe doa, beraz. Hau garrantzia handiko kontua da. Zentzumenetik ulertzera kondenatu dut andrazkoa. Horrelaxe sailkatzen zuten XIX. eta XX. mendean ere, gizonezkoek emakumeen literatura. Zentzumenen literatura, histeriazko literatura, garuna gizonezkoon jabego pribatua zelako”, Izagirrek azaldu duenez.


Garuna deskolonizatzen

“Hortxe kokatu dut protagonista, mundua ulertzeko arazoekin. Hunkiberatasunean. Alegia, gizonezkook emakumea definitu izan dugun topikoan. Horrelako pertsonaia interesatzen zitzaidan. Borroka bat azaltzeko”. Emakumezkotasunaren topikotik irteteko, Lorea Gernikak egin dituen saioen bilduma da liburu hau.

Bidean, “beste andrazko baten laguntza ukan du. Aurkezpenik behar ez duen Amaia Ezpeldoi detektibe ospetsua dauka laguntzaile (Itxaro Bordak sortutako pertsonaia da Amaia Ezpeldoi). Haren galdera eta komentario zorrotzei esker, ideietan antolatu ahal izan du gure protagonistak zentzumenen emana, garuna deskolonizatu duela esan genezake”. 


Umorea eta malenkonia

Gorka Arrese Susako editorearen esanetan, irakurleak ironia eta eztitasuna, umorea eta malenkonia topatuko ditu orriotan.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.