Gaur, Berrirakurtzen saioan: Lorea Agirre

Xuan Bello asturiarraren Hestoria universal de Paniceiros izango du hizpide

2014an jarri zuten martxa Berrirakutzen zikloa Memory Dumpeko kide Jon Benito eta Beñat Sarasolak. Bertan egon dira, besteak beste, Maialen Lujanbio eta Itziar Okariz. Hizlariek liburu bat aukeratzen dute, beren bizitzan bateko edo besteko garrantzitsua izan dena, eta hori berrirakurtzen dute, esan nahi baita horretaz hitz egiten diote ikus-entzuleei. Uda aurreko azken aurrenengo saioan Lorea Agirre kazetari eta Jakineko zuzendaria izango dute bidelagun. Koldo Mitxelena liburutegian egingo dute, 19:30etan. Agirrerekin hitz egin dugu saioari buruz.

Irudia: BERRIA

p022_f01

Xuan Bello idazle asturiarraren liburu ezagunenetako bat hartuko du hizpide Lorea Agirrek gaur Berrirakurtzen saioan: Hestoria universal de Paniceiros. Hain justu, Bellok urte luzetako isilaldi poetikoa hautsi du eta pasa den igandean Juan Luis Zabala kazetariak elkarrizketa egin zion, udazkenean kaleratuko duen El llibru nuevu poema-bildumaren harira. Besteak beste, identitate irekiez eta astuariarren egoeraz hitz egin zion Zabalari, eta hain justu identitate minorizatuz asko gogoetatu duenetako bat da Agirre. Belloren lana zergatik aukeratu duen galdetu diogu, eta hauxe kontatu digu:

Zergatik aukeratu zenuen Xuan Belloren lan hau?

Aukeratu dut ezagutu nuenean inpresio handia egin zidalako. Nitaz, gutaz ari zela sentitu nuelako. Eta gero, kasik, obsesiboki, beti kezka izan dudan gai bat tratatzen zuelako: desagertzen ari den mundu hori: rurala eta urbanoa, mitoa eta zientzia, sineskeria eta ideologia, herria eta hiria, euskara eta erdarak, tradizio eta modernitatea, barbaroak eta zibilizazioa, lokala eta unibertsala…

Alegia, egunero-egunero, oraindik ere, talka modura eta gainera, uste ustel askorekin, hedabideetan agertzen dena. Tentsio hori ikaragarri interesatzen zait eta nire biografían ere igartzen da hori.

Noiz/nola ezagutu zenuen eta zer inpronta utzi zizun?

2003 edo 2004an ezagutu nuen. Ez dakit ondo nondik, baina susmoa dut Susakoen ingurutik iritsi zitzaidala. Orduko Galeuscara asturiarrak ere hasi ziren joatean eta handik izan genuen liburuaren eta Xuan Belloren ezagupena. Urte berean Asturiasera joan ginen oporretan eta han erosi genuen liburua, eta han entzun genuen lehen aldikoz asturiera.

Berrirakurketan zer berri topatu diozu?

Hamar urte eta gero topatu dut nire begirada aldatu egin dela. Orduan nostalgia zaleago nintzela, mitozalegoa. Orain distantzia berri batekin begiratzen dut orduko dena, tartean nire burua. Tentsio, kezka horrek jarraitzen du nigan, eta gizartean ere. Eta irakurraldia baliatuko dut tentsio horrekin bakeak egiten saiatzeko, alegia, nire aurrekoekin, nire guarekian, nire Paniceirosekin.

 

48578824

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.