Patxi Zubizarretari elkarrizketa

Joserra Senperena eta Mintxo Cemillanekin plazaratutako “50″ nobela eta “Baso bat opari” emanaldia izan ditugu hizpide

Patxi Zubizarretak 50 nobela plazaratu du Txalaparta argitaletxearen eskutik, CD batez lagundurik. Joserra Senperena musikaria eta Mintxo Cemillan ilustratzailea izan ditu bidaide proiektu honetan, hala audio-liburuan nola oholtzarako prestatu duten “Baso bat opari” emanaldian.

50

Izen ugari bildu ditu Patxi Zubizarretak bere nobelaren harira: Joserra Senperena bere piano doinuekin eta Mintzo Cemillan bere ilustrazio eta koadroekin izan ditu lagun, hala audio-liburuko edukiak osatzerakoan, nola “Baso bat opari” emanaldia taularatzerakoan. Zubizarretak nolabaiteko jolasa planteatu du liburuko edukiekin, izan ere emanaldi bat egitera doazen idazlea, musikaria eta pintorea baitira fikzioko protagonistak.

Izen gehiago ere bildu zaizkie audio euskarriko proposamenera: Antton Valverde, Maddi Oihenart, Rafa Berrio eta Oihane Igerabide.

Liburua, elkarlana

50 nobela plazaratu berri duzu Txalaparta argitaletxearen eskutik, Joserra Senperena eta Mintxo Cemillanekin elkarlanean. Ezagutu dizkizugu antzeko ahaleginen emaitzak lehenago ere, Urrezko giltza, Mundua lo dagoen bitartean eta Joan liburuak adibidez. Zerk eramaten zaitu horrelako elkarlanak bultzatzera?

Baneki… Beharbada Henry Bengoa Inventarium edo Mandarin dotore bezalako lan hibridoekin lehendik gozatu ederrak hartu izanak. Edo bertan goxo geratu nahi ez izanak. Edo diziplina desberdinak elkartzean, denen negar eta lanturuekin halako alkimia berezia sortu, eta barre algarak, bizipoza pizten delako. Hala ere, batzuetan pentsatu izan dut haur literatura —ere— egitearen ondorio ez ote den: haur txiki-txikientzat album zoragarriak egiten ditugu, irudia nagusi da haietan, apenas dagoen testurik; marrazki koloretsuekin batera testua nagusitzen hasten da gero; baina nerabeentzat, egotekotan, zuri-beltzeko marrazkiak egoten dira, edo hutsa, letra hutsa alegia… Bitxia da irudiaren, pantailaren garaiotan. Eta zer esanik ez helduentzat: badirudi seriotasuna letra hutsetik datorrela. Eta, benetan, irizpide horren kontra nago erabat, horrela ezin baita konplizitate handiegirik sortu, gazteekin batez ere. Sarrik aspaldi idatzi zuen euskal literatura zuri-beltzekoa izan zela luzaroan; hala iruditzen zait niri ere, eta gaineratuko nuke, oro har, sorkuntza zuri-beltzeko zinemaren garaian bezala geratu zaigula. Eta horrek ez du esan nahi betiko formatua gutxiesten dudanik, horren adibidea da Hiru gutun Iruñetik nobela. Bide guztiak dira ibilgarri eta erakargarri, baina beti-betikoa da gailentzen da oraindik ere, ia hori bakarrik.

Eta zer ematen dizu? Kasu honetan, sortze prozesuan izan du eraginik besteek egindakoa, edo testua idatzi ostean sortutako musikak eta irudiak dira haienak?

Joserra eta Mintxori ideia azaldu nienean, lehenik eta behin haien baiezkoa (!) pozaren pozez jaso nuen; mantra antzeko zerbait iruditu zitzaien nik proposatutakoa, antza. Handik gutxira, konposatzen eta pintatzen hasi ziren, eta haien lanekin kementsuago eta kutsatuago egin nuen nik aurrera, aldi berean. Gustuko dut promiskuitate hori, sorkuntzaren bokazio likido hori; beharbada, gero eta minoritarioa den arte eta kulturaren esparruan zaudela jakinik, horren bakarrik ez zaudela sentiarazten dizulako.

50 liburuak berehala deigarria egiten den ezaugarri bat dauka: idazle bat, pintore bat, musikari bat dira protagonistak, Nikolas, Rafael eta Joseba hurrenez hurren. Paralelismo bat sortu duzu liburuaren egileak zaretenokin. Nikolas narratzaileak Joan izeneko nobela bat idatzi duela aipatzen da adibidez… Jolas bat planteatzen duzu horrekin, edo zuen esperientzia errealetatik edan duzu?

Paralelismoa, agian, patetismotik dator, eta neure buruarengandik hasita diot hori, ez baita kasualitatea halako batean narratzaileak bere buruari Nikolas ez, baina Patxi deitzea… Kultura apaingarri gisa ulertzen den honetan, gainbehera eta dekadentzia da nagusi, eta diziplina desberdinetan aritu arren, antzeko bizipenak dauzkagulakoan nago: bakardadean sortzearen plazera, agertokian elkartzearen, lana partekatzearen eta plazaratzearen poza, baina gero, horra errealitatea: arrunkeria, bestsellerkeria, balizko dohainak kasik doan eskaini beharra… Hala ere, oraindik ere geratzen da hori guztia preziatu, eta argitaratzeko arriskua hartzen duen Mikel Soto bezalako editorerik, geratzen da irakurlerik.

50 liburuan hiru protagonistek Panticosan burutuko duten errezitaldi baten berri ematen duzu, “Baso bat opari” izenekoa, eta hor irakurriko dituzten narrazioak tartekatu dituzu liburuan. Narrazio horiek dira, hain zuzen ere, dagoeneko zuzenean eskaini duzuen “Baso bat opari” emanaldiaren hezurdura. Beste paralelismo bat errealitatearekin, egileok liburuko protagonistekin antzekotasunak dituzuen moduan, haiek liburuan egiten duten “Baso bat opari” emanaldia zuek egiten duzue. Zer bilatu duzu horrelako zubiekin?

Narrazioak eta gogoetak, giza kondizioari buruzko hari narratibo moduko bat proposatu nahi izan dut: funtsean, milaka urteren poderioz, pertsonak ez gara gehiegi aldatu eta emozionatzeko beharra dugu, emozionatzen jarraitzen dugu. Horixe bilatu nahi nuen: emozio oasi txiki bat, eta lehenik eta behin niretzat, proiektu hau bereziki egoista baita, bereziki neure plazer estetikoa bilatzen duena.

Zuzeneko emanaldia eskaini duzue, besteak beste, Literaktum-en. Senperenaren pianoarekin, Cemillan-en zuzeneko pinturarekin… zer nolako esperientzia izan da emanaldia, nola sentitu duzue publikoa? Emanaldiari begira, hainbat kolaborazio hala diskoan nola zuzenekoetan: Maddi Oihenart, Antton Valverde… nola sortu da haiekin elkarlana egiteko ideia edo aukera?

50 urte betetzean, batzuk New Yorkera joaten dira, edo Getariara bixigua jatera, edo itsas bidaia bat egiten dute Eskandinaviako fiordoetan; nik Maddi eta Antton gonbidatu nituen, letra ere eskaini nien, eta haiek onartu! Baina Oihane Igerabideren harpa ere nabarmendu nahi nuke, eta Rafa Berrio, haren bitartez gaztelaniaz sortzen duten bizilagunei keinu egin nahi izan nien. Alde horretatik, Literaktumeko saioa benetako oparia gertatu zen, agertokian gehientsuenok elkartu baikinen. Gainera, orain arte ni neu arduratu izan naiz ekitaldiotako xehetasun guztiez —atrilak, pantailak, pianoa, loreak…— eta orain Joxe Anjel Arbelaitz bidelagun izatea, ardura horiek nire gain hartu beharrik ez izatea benetan eskertu dut.

Emanaldiko edukiak entzun daitezke liburuarekin batera datorren CDan. Audio euskarriek liburuaren esperientzia aberasten dute. Sentsazioa edo beldurra dut ez ote den geratu oro har ahalegin batean formatu hori, audio euskarriaren krisiak egun ez ote duen eragin ezezkorrik horrelako audio-liburuen kasuan… Nola ikusten duzu zuk, badu eraginik audio-liburuen euskarriarekin tematzeak egun?

Duela urte gutxi, Manuel Rivasen poema liburua eskuratu, zelofan gorrotagarri hori apurtu, eta barneko CDa lurrera erori zitzaidan… Liburu-objektua ez zegoen zaindua, seguruenik argitaletxean ez zutelako proiektu horretan benetan sinesten. Beharbada irakurlea bera ere ez dago molde berrietara ohitua. Edo ez du nahi, ez zaio beharrezko. Manu Lopez Gasenik Mozorroa ispiluan izeneko saiakeran ondorio bertsura iritsi zen, eta galdetzen zuenean ea hirugarren milurte honetako irakurlea prest ote dagoen testuekiko solasaldi dialektikorako, ezezkoarekin erantzuten zuen. Alde horretatik, zure galderaren ikuspegi ezkor horrekin neurri batean nator bat, baina neurri batean bakarrik, izan ere hemendik kanpora egoera oso bestelakoa baita. Audio-liburuen atalak oso nabarmenak dira Ingalaterrako edo Alemaniako liburutegietan. Jendeak, han, ordaindu egiten du nobela baten aurkezpenean egilea lehen kapituluak irakurtzen entzuteko, eta gero deskontutxo bat egiten zaio liburua erosi nahi izanez gero. Bereziki gogoan dut Joan nobelako Sendagile gaixoa ipuin grabatua, Martin Tejeria eta Maddi Oihenarten ahotsetan. Oraindik ere, kasik buruz jakin arren, zirraragarria gertatzen zait.

Edukia, testua

“50”. Belaunaldi jakin baten krisi baten marrazketa da oinarrian dagoena, edo edonork pasa ahal duen adin krisi bat?

Manuel Rivas aipatu dut lehen. Behin, Bilbon, ordu txikitan berarekin topo egin, eta benetan kezkatuta agertu zitzaidan: lehen, urtean 300.000 ale inguru saltzen bazituen, orain 30.000 mila saltzen zituela zioen… Hortik atera kontuak: gurean, nirean… Ez oso aspaldi, literatura sakratua zen gutako askorentzat, baina aldi berean puztuegi zegoen. Gogoan dut haur literaturan Espainiako sari bat 100.000 eurokoa izan zen garaia. Gero 50.000 izan ziren eta 30.000 dira orain. Izugarri, hala ere. Badirudi beroarena kentzen ari zaiola. Beharrezkoa genuela garbiketa hori ere. Eta orain, orain, daukaguntxoa daukagu. Horrek guztiak, ezin ukatuko dizut, areagotu egiten du, berez, ispiluak eragiten zigun krisi propioa… Baina, aldi berean, adinak ikuspegia zabaltzen dizu —utzidazu baikor samar izaten—, eta gauzak patxadatsuago hartzen.

Krisi horren isla izan daiteke, besteak beste, Euskal Herriko gatazkaz eta egoeraz iritziak agertzean pertsonaiek islatzen duten desilusioa eta nekea?

Ezer baino lehen, arestian aipatzen nizun emozio behar hori, ez dakit ez ote den berriro pizten ari, jendea ez ote den ekitaldietara itzultzen ari. Norbaiten xuxurla, kantua edo musika entzutea, aguarrasa usaintzea… Garai batean, ekitaldien gaindosia bizi izan genuen, gehiegizko esposizioa. Eta emozioa norberak zaindu behar du gutasunak horrenbeste markatu izan gaituen herri honetan. Ez dakit horretaz oso kontziente ote garen, eta, bide batez, ez dakit ez ote garen egoera berriaz oso kontziente ere. Desilusioa eta nekea ia kronikoak zirenean, oraindik ere bidegabekeria franko egon arren, sasoi berria bizi dugu, bestelako lurrina dabil airean. Erdi Aroko mapetan bezala, terra incognita dugu etorkizuna, baina hortxe dago abentura, hortxe sortzeko aukera zabala…

Adiskidetasuna: lagunak izan arren, protagonista guztiek dituzte sekretuak. Ezinbestekoak zaizkigu sekretuak pertsona izateko, edo gure egunerokoan beldurrek nola baldintzatzen gaituzten seinale dira?

Sekretuak, beldurrak, mediokritateak… horiexek dira artearen lehengaiak, noizean behin adiskideen artean, geroko damuak gorabehera, aho txikiarekin kontatzen direnak, gure liburuetan agertzen direnak.

Heriotza oso presente dagoen gai bat da. Zer da heriotza liburu honetan?

Bolo histerikoa zer zen ez nekien, baina halako estresaldi baten ondoren ondo kostata medikuarengana joan, eta horixe diagnostikatu zidan. Nahigabea, sosegatu ezina, pilpira azkarrak… ‘Balak gero eta hurbilago entzuten dituzu, ezta?’, esan zidan kasik burlaizean. Bai, heriotza oso presente dago. Beharbada, azken aldian, horregatik irakurri ditut horren gustura Paniker filosofoaren edo Julian Barnesen azken lanak, El sentido de un final bereziki. Liburu honetan heriotza bizitzeari buruzko hausnarketa hastapen bat egon daiteke, niregan hildura hori onartzearen antzea bilatu nahia egon daiteke, baina ez jakin ni neu ere zenbateraino naizen kontziente…

Idazlea den protagonistari, Nicolasi, “Beste” ezizena jarri diote lagunek, beti dabilelako beste idazleen aipuak ekartzen. Liburuak asko dira azaltzen diren aipuak, zer nolako paisaia osatu duzu haiekin, zer nolako garrantzia dute erreferentziek liburuan?

Sarrik Izkiriaturik aurkitu ditudan ene poemak hartan bezala, besteren gogoeta eta kontakizunak neure egin nahi izaten ditut, gero irakurlearekin ahalik eta ludikoen partekatzeko, baina ez dakit dosiarekin asmatzen ote dudan.

Zeuk, idazle moduan, era askotako lanak egin dituzu zure ibilbide profesionalean: narraziogintzan, itzulpengintzan, haur eta gazte literaturan, zuzeneko emanaldien bitartez beste arte diziplinekiko elkarrizketan… 50 urte bete dituzun honetan, zeintzuk dira aurretik ikusten dituzun erronkak?

Axularrek gaztigatu bezala, geroko gerotan ikusten dut neure burua, berkokatu nahian, berregokitu beharrean. Tiroak gero eta hurbilago zentzu guztietan sumatzen ditut, hain zuzen ere bestelako tiroak itzalixeak ditugun honetan, eta nahikoa lan egunean egunekoarekin, benetan, esan dizudan bezala, artea dohainekin ez, baina doantasunarekin lotu nahi den honetan. Batzuetan, Florida parkeko kultur etxera joan, eta bankuren batean norbait irakurtzen ikusten dudanean, udaleko kultura sailak diruz lagundutako kanpaina baten parte ote den sinestera iritsia nago… Idazle jendearentzat, behinik behin, sortzaileontzat eguraldi gorria dago. Horixe da gure aroa, hor abiatu beharra daukagu.

Albiste honen uberan:

Eta basoak esan zion margolariari

«Oihartzunez betea dago ’50′; nire irakurketen sintesi bat da»

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.