Zeru-lurrak berdindu balira bezala, Bizkaian argitaratzen diren egunkarietan ez dago beste konturik, Espainiako Errege-koparen finala jokatuko baita bihar Bartzelonan. Bizkaiko egunkarien azaletako argazkietan, bandera zuri-gorriak dira nagusi. Zuri-gorriz jantzitako lagunak. Zuri-gorrizko azala duten gozoki asmatu-berriak…
Katuak eta txakurrak bat-batean adiskidetu balira legez, Monarkia zentripetuaren eta periferia zentrifugoaren ikurrak, -Felipe Borboikoa, President Artur Mas eta Lehendakari Iñigo Urkullu- palko berean eseriko dira bihar, gladiadoreei so.
Odola eta elurra batera datoz zerutik. Eraikuntza partikular nahiz publikoetan jarri dira teilatutik kalerainoko oihal zuri-gorriak, metroak eta metroak. Kilometroak… Bilbo baita Bilbo.
Atentzioa ematen du bandera zuri-gorriak eraikuntza publikoetan ere izatea: eskoletan, udaletxeetan, ospitaletan… Atentzioa, umeak eskoletara sartzea bozgorailuetatik Athelic-en ereserkia entzuten dela.
Bizkaia eta Bilbo, Bilbo eta Bizkaia zuri-gorri bilakatu dituzte dekretuz. Ogia falta dela, ongi-etorria da zirkua.