Bitsa eskuetan’ errezitaldiari buruzko elkarrizketa

Bitsa eskuetan (Susa, 2010) liburuan oinarritutako errezitaldia estreinatuko du Miren Agur Meabek otsailaren 18an, 19:30ean, Mungiako Mugire txokoan. Meabek Ibone Ibazeta musikaria izango du bidelagun.


Miren Agur Meaberengana jo dugu errezitaldi berri honen berri izateko.
Nolako errezitaldia izango da 18koa?
Xinglea, ez naiz montaje korapilotsuen zalea eta. Beraz, neu, poemak esaten edo irakurtzen, eta Iboneren saxofoi tenorra, tarteka-marteka pasoa emanez. Ordubete inguruko emanaldia prestatu dugu. Lehenengo hau kata bat izango da, ondoren moldaketaren bat egin behar ote dugun ikusteko.
Zer testu mota aukeratu duzu irakurtzeko?
Liburuko atal bakoitzetik poema batzuk, esanguratsuenak edo ederrenak iruditzen zaizkidanak, niretzat kutunenak direnak, baina aldi berean guztien artean hari moduko bat sumatzeko moduan. Musikari dagokionez, pieza batzuk nahitaezkoak ziren, liburuan erreferentzia egiten zaielako, hala nola “La vie en rose”, “Rien de rien” edo “Óleo de una mujer con sombrero”. Beste batzuk -”Oregon”, “Moonlight”, “Percent” eta abar- Iboneren ohiko errepertoriokoak ziren, eta testu motekin ondo uztartzen zirela ikusita, aprobetxatzea erabaki genuen.
Ezberdintzen duzu irakurtzeko diren testuak eta (irakurtzeko izateaz gain) errezitatzeko balio dutenen artean?
Idazten ditudanean, behin eta berriz irakurtzen ditut ozenki, erritmoa, kadentzia eta sonoritatea aztertzeko, poemak berez izan behar duelako harmonia, jendaurrean irakurri zein ez. Nire ustez, printzipioz, edozein testuk balio du errezitatzeko, baina kalean irakurtzeko orduan jendeari hobeto iristen zaizkio poema narratiboak, bisualagoak direlako. Beraz, ahalegintzen naiz proportzio egokian aukeratzen testu kontzeptualak, deskriptiboak eta intimitate-graduagatik jendaurrean leitzen zail direnak.
Nola iritsi zarete parte hartzaileok elkarrekin lan egitera? Ezagutzen zenuten lehenagotik elkar?
Ibone Ibazeta Goitia lekeitiarra da, irakaslea lanbidez.Besoetan izan nuen jaio zenean, lagun min baten alaba da eta. Orain, berriz, alboan, bera da laguna. Leire Bilbaok bere poema batean esaten duen moduan, “gure artean hogei urteko aldea dago, baina ez dago segundo erdi bat ere”. Neuk proposatu nion bion artean zerbait egitea, ahots hutsak ez liokeelako eutsiko saioari, eta konplizitatez hartu dugu egitasmoa, beti ere lagun giroan arituko garelakoan. Gurea partekatu nahi dugu hartu nahi duenarekin, eta nahikoa da. Horrela pentsatzeak lasaitu egiten gaitu.
Beste genero batzuk landu dituzunean, faltan bota duzu publikoarekin harreman zuzena?
Ez; izan ere, ume eta gazteentzat asko idatzi dudanez, aukera asko izan dut ikastetxeetan solasaldiak izateko, eta modu horretan, iritziak eta kritikak jasotzeko, azalpenak osatzeko eta abar.
Idazle askok nahiago du errezitaldirik ez eman, zuk poesiari estimatzen diozun aukera da hori?
Errezitaldiak emateak liburuari laguntzen dio biziago egoten, eta norberari ere bai, ondorioz. Bestalde, bidea errazten dio normalean poesia leitzea kostatzen zaion jendeari, formatu erosoagoa zaiolako, eta hori kulturaren alde egiteko era bat iruditzen zait.

Hauek izango dira hurrengo emanaldiak:
Martxoaren 10ean, 20:00etan, Azkoitiko Floreaga ikastetxean.
Martxoaren 17an, 19:30ean, Gasteizko Aldabe kultur etxean.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>