Celosamente gordetako agur bat

Uhinak utziko ditu Hala Bedi Irratiko saio beteranoak

Zortzi urtez, igandero, sintonia luze bat entzuten zuen irratira itsatsita zegoenak, musika barea eta hitzak tartekatuta: hau atzo ere gertatu zen. Gaizka Amondarain eta Manex Agirreren Celosamente Gordea irratsaioa zen, musika eta literatura uztartzeko eta mundutik apur bat aparte tarte bat eskaintzeko asmoarekin sortu irratasaioa. Tarteka izaten zituzten laguntzaileak ere, Nor dugun guarda atalean, eta aurtengo Literaturian ikuskizuna aurkeztu dute hainbat kolaboratzailerekin batera: Wino i Krew.

tumblr_inline_np95jhB9Xa1qb56xn_500

Motorrak topera amaituko dute ibilbidea Gaizka Amondarain eta Manex Agirre Celosamente Gordea irratsaioko sustatzaileek. Behar den moduko agur bat egiteko, bost saio aukeratu eta aldatu dizkizuegu hona. Gozatu!

Dabilen hitza

Eduardo Galeanori buruzko saioa.

“Bera ahotsa gehiegi altxa gabe joan da, baina eragin du harrabotsa Eduardo Galeano uruguayarraren heriotzak. Lotsaren muga bera gainditzeraino, eragin ere: Galeanoren esaldi hanpatuz bete dira sare sozialak, XXI. Mendeko erlijio ezkertiar usaineko baten mezu terapeutiko itxuran. Hiltzearen truke ordaindu beharreko prezioa, edo.

Arnas luzeagokoak irratiratu ditugu guk, bi iturritatik: Xabier Alegriak itzulitako “Ispiluak. Mundu ia ororen historia” eta Gerardo Markuletak itzulitako hainbat, Milabidai sailean argitaratutako “Historio hiperlaburrak” bildumakoak eta “Hitz ibiltariak” liburutik atereak”.

Amerria

Sophia de Mellori buruzko saioa.

“Eta beti sukarrez esaniko ele
Hain maitatuen araztasunagatik
Eleen kolore eta pisuagatik
Eleen isiltasun zehatz aratzagatik
Non aipatutako gauzak altxatzen baitira
Argiak liluratutako eleen biluztasunagatik”

Celosamente itsu

Garazi Arrula Ruizen kolaborazioa

“Ikasitako begiekin ikusten dugu mundua. Ikasitako hitzez eraikitzen dugu inguru bat, itsutasunetik libratuko gaituen koartada miopea, deblauki eroriko den arrazoiaren mendetako pisu astun hori. Iluntasunak argitasun eza suposatzen duelako gutako gehienontzat. Murrizte bat, ezintasun bat, itsutasunaren aurreko espantua. Beste bat da, zer den benetan ikusi nahi duguna eta zer erakusten digutena. Zergatik sortzen duen gutako gehienongan beldurra argitasun ezak, erabateko iluntasunak. Kontuan hartuta, iluntasun horretatik sortu direla gure burmuinak gobernatzen dituzten kondaira interesgarrienak.Eskaparate erraldoi baten aurrean eseriz egin dezakezu froga. Begiak itxi eta entzuten duzunari jarriz arreta osoa ordu batez. Begiak itzalita, zaratatik ihes. Saiatu handik gurera, eta bidean ezer galdu gabe, itzultzen. Gaurkoan, celosamente gordean, Garazi Arrula, iluntasunaren eta argitasunaren guarda lanetan”.

Nor dugun guarda: Nagore Tolosa

“Itzultzen duenak, ez du ezer itzultzerik espero. Ez bada hizkuntza arteko zubi bat, bere egin duena, denontzat itzultzea baino. Itzulitako zubi baten itzulpena egin.

 Zubi itzuli bat, ibaia doakio gainetik, zubiak eusten du ibaia, itzulita dagoelako. Lurrak eusten du ibaia, eta zubia, zubiak eusten du itzulitako ibaia.

 Zerbait itzultzen denean, ez dator, badoa. Eta badator aldi berean. Itzutzerakoan itzuli egiten da, buelta ematen zaio, gorantz doa ibaia”.

Ardoa eta odola

Literaturiarako prestatutako ikuskizuna irrati-saioa.

“Pantaila zurian dago orain. Ez da ezer ikusten. Itsutu egin zaitzake luzaroan begira egonez gero. Begiak ixtea komeni da. Dolare zaharraren mugimenduak sortzen duen zarata entzun daiteke horrela. Orban beltz bat behe lainotan bezain argi. Sei litro ardo. Pantaila zuria. Eta barruan, ontzi bat irakiten”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.