‘Errusiar gaua’ Kafe Toreron

Errusiar gaua izeneko ikuskizuna estreinatuko dute gaur 21:30ean Zarauzko Euskalduna tabernan, Kafe Torero egitasmoaren barruan. Poesia, musika eta antzerkia izango dira nagusi ikuskizunean, Patxi Santamaria aktorea, Nekane Igarza piano-jolea eta Xabier Etxeberria idazlearen eskutik. Etxeberriak eman digu lanaren berri.

Errusiar iraultzaren bezperako kasino baten itxura hartuko du gaur (martxoak 31) Zarauzko Euskalduna tabernak, garai hartako poesia, musika eta antzerkia lagun harturik. Izan ere, Kafe Torero egitasmorako pentsatu den eta bertan estreinakoz plazaratuko den produkzio honetan, iraultza aurreko giro artistiko emankorra islatu izan nahi baita. Horretarako, garaiko artista handien lanen zatiak uztartu dira (Maiakovski, Tolstoi, Chejov, Moussourgsky…) eta Errusiako herri bateko kasinoan elkartu guztiak, umorea, nahigabea, ilusioa eta pena eragingo dizkigun ikuskizun berezi batean.

Xabier Etxeberriak eman digu argibide gehiago:

Nondik sortu zen ideia, zergatik, ze helbururekin?
Kafe Torero baten ostean, Patxi Santamaria egilearekin hizketan, Chejov-en monologo bat gustura egingo lukeela, baina jendeak horrelako autoreen izenak entzutean zaharkitu-tostoi-serio direla pentsatzen duela askotan eta hori hautsi beharko litzatekeela hitz egin genuen. Bestetik, gau “tematiko” bat egiteko gogoa ere bagenuen Kafe Toreron eta bi gauzak uztartu genituen.

Nolakoa izan da sormen prozesua, askotan elkartu zarete, talde lana izan da…?
Nik hasierako proposamen bat egin nien Nekane Igartza pianojoleari eta Patxi Santamariari, eta gero sarritan elkartu gara aldaketak egiteko. Patxik irakurri beharreko testuak, gidoia eta eszenifikazioan zer esan handia izan du eta Nekanek, jakina, musika arloari zegokion guztian. Oso aberasgarria izan da.

Nolakoa da gidoia? nolakoa izan da zure parte hartzea maila horretan?

Gidoia nahiko sinplea da, garai bereko egile ezberdinak leku jakin batean, Errusiako probintzia-kasino batean, biltzea da muina. Chejoven “Tabakoaren kalteei buruz” bakarrizketa da emankizunari bukaera ematen diona, baina bertsoetan bezala, bukaeratik abiatuta pentsatu dugu gidoia, bakarrizketan aipatzen diren elementuak (kasinoan kokatzea, neska gazteentzako pentsionatu baten jabe izatea, musika klaseak ematearena…) aurreko ataletan txertatu ditugu osotasun bat emateko emanaldiari.

Errusiar egileena zein neurritan da ‘aitzakia’ ikuskizuna egiteko, zein neurritan emango zaio ikusleari haiek gehiago ezagutzeko aukera?
Errusiar arteentzat oso une gozoa eta oparoa izan zen iraultzaren aurreko hura, bai musikan eta bai literaturan. Antzerkian, esaterako, Chejovek eta, ondorioz, Stanislavksik ekarri zuten aldaketa gabe ezin da gaur egungo antzerkia edo zinea ulertu. Alde horretatik, atal bakoitzaren hasieran, autoreen erreseƱa txiki bat emango da proiekzio bitartez atzealdean eta esku orriak ere prestatu ditugu ikusleak pintzelada txiki batzuk jasota irten daitezen emanalditik.

Zein izango da emanaldiaren tonua?
Orokorrean nahiko tonu melankolikoa izango duela esango nuke, nahiz eta, umore azidoa ere tartekatuko dugun. Zentzu horretan, ilunetik argira joko du emanaldiak, tristeago hasi eta alaiago bukatzeko. Jendea irribarre batekin ateratzea ere garrantzitsua izaten da eta.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>