Pasolini (II.): testamentu izpiritual-intelektuala

Peter Dragadze kazetariak solasaldi ugari eduki zituen Pier Paolo Pasolinirekin, kasu askotan argitaratuak izateko zailtasunak izan zituztenak. Solasaldi haietatik hainbat pasarte hartu, eta Pasolinik berak berrirakurri eta berridatzi egin zituen: “hau testamendu izpiritual-intelektual bat da ia. Zeozer gertatuko balitz, Dragadze, publika ezazu. Zenbaiti interesgarria egin ahal zaiola uste dut”. Duela 40 urte erail zuten Pasolini, azaroaren 2an.

 

pasolini 2

Eta gertatu egin zen, eta publikatu zen, 1975eko azaroaren 17an, Pasolini eraila izan ostean. Amu honetan bildu ditugu literaturarekin zerikusia duten zenbait pasarte (Errata naturae argitaletxeak iaz publikatutako Pasoliniren saiakera bilduman topatuko duzue, kasu, testua osorik: Demasiada libertad sexual os convertirá en terroristas).

Italiar kultura

(…)

Abangoardiak esnobismo eta (zorionekoak oraindik kontu hauetan sinesteko gai diren abangoardista inuzenteak) literatur-botere kasuak dira!

(…)

Poeta handiak

Italian poeta gorena Sandro Penna da (txarrenetako bat berriz, Salvatore Quasimodo). Amerikarren artean Ginsberg maite dut beste guztien gainetik. Maite ditut ere berriki hil diren beste batzuk: Dylan Thomas, Machado, Cavafis.

Poesia idazten dut?

Ez, duela bi edo hiru urtetik ez dut poesiarik idazten. Inoiz ez nuen horrelako zerbait esperoko. Berez zazpi urterekin hasi nintzen idazten, eta etenik gabe idatzi izan nuen duela bi edo hiru urte arte. Zergatik ez dudan jada idazten? Hartzailea galdu dudalako. Ez dut ikusten norekin dialogatu poesiak berezkoa duen zintzotasun kasik krudel horrekin. Urtez luzez nire “aitorpen” eta “testigantzen” hartzaile bat existitzen zela pentsatu izan nuen. Baina orain konturatu naiz ez dela existitzen. Gure esajerazioak, gure gehiegikeriak, gure ideiak, haiek biziz adierazten dira. Poesiak exijitzen du jendarte bat egon dadin (hau da, hartzaile ideal bat) poeta gizajoarekin dialogatzeko gai dena. Italian ez da jendarte hori existitzen. Bada herri on bat, sinpatikoa oraindik (batez ere egunkariak eta telebista iristen ez diren leku horietan) eta burgesen elite kultu eta desesperatu txiki bat. Hala ere, ez dago jendarte bat zeinarekin harremanetan jarri poesiaren bitartez. (Poeta batek ilusioak eduki behar dituelako diot honakoa, baina haiek galtzen dituenean ez du bere burua engainatu behar oraindik badituela sinetsiz).

Antzerkia eta zinea

Badira (eta beti egongo dira) zine eta teatro komertziala egiten duten alprojak, ondo pasa arazteko (eta etekin ekonomikoak ateratzeko), eta badira (eta beti egongo dira) zinea eta teatroa jendea hezteko egiten duten ergelak (etekin ekonomikorik atera gabe). Funtsean autore zinea eta teatroa ez daude sortuak ez ondo pasa arazteko ez inor hezteko.

Ona eta gaizkia artean

Artea kontzeptu bat da: sistema linguistiko baten barruan dagoen sistema estilistiko bat. Kodigo baten barruko mezu bat. Honek konpromiso ugari dakartza. Zalantzarik gabe, arte modurik puruena ezer idazten ez duten poeten isiltasun osoa da.

Sexu askatasuna

Sexu askatasuna sormenerako beharrezkoa da? Bai. ez. Edo agian bai. Ez, ez, noski ezetz. Baina… bai. Ez, hobe ezetz. Edo bai? A, inkontinentzia zoragarria! (A, kastitate zoragarria!).

Mundua hobetu

Gauzak “mundua hobetzeko xedez” egiten dituena ergel hutsa da. (…) Munduak ez du inoiz hobera egiten. Mundua hobetzeko ideia kontzientzia ez-zoriontsu eta nahasiak kontsolatzeko erabiltzen diren ideia-koartada horietako bat da (sailkapen honetan sartzen ditut ere komunistak, “itxaropenaz” mintzo direnean). Gauzak horrela, munduari mesede egiteko modu bat mundua sekula ez dela hobetuko irmoki esatea da, eta bere hobekuntza oro metahistorikoa dela: norbaitek benetakoa den zer edo zer adierazten duenean edo balio intelektual edo zibileko ekintza bat egiten duenean ematen dira horiek. Soilik hitz edo ekintza horien batuketa (ezinezko) batek emango lioke bide munduaren hobekuntza zehatz bati. Eta paradisua eta heriotza litzateke.

Okerrera ordea, hori bai, munduak okerrera egin dezake. Hori da etengabe borrokatzeko arrazoia; eta borrokatu, gainera, helburu minimo baten alde, hau da, eskubide zibilen defentsagatik (aurreko borroka batzuen bitartez lortu izan diren kasuetan). Izan ere, eskubide zibilak eternalki baitaude mehatxatuak, eternalki ezabatuak izateko zorian. Beraz, eskubide zibilen programa minimo bat bermatuko duten jendarte eredu berriak sortzeko egin behar da borroka. Adibidez, benetan sozialista izango den jendarte bat.

 

This entry was posted in Albisteak, Amuak. Bookmark the permalink.

0 Responses to Pasolini (II.): testamentu izpiritual-intelektuala

  1. Begoña says:

    Interesgarria da René de Ceccatty idazleak eginiko Pasoliniren biografia,folio biographies-ek argitaratua.

  2. Uberan says:

    Mila esker!!