Hainbat liburu gomendio batu ditugu ikasturte honetan

Zer irakurtzen dute idazleek? Zeintzuk dira euren erreferentziak? Eta galdetzen hasita, zein liburu gomendatuko ligukete? Galdera hauetatik sortu zen proposamena: liburu gomendioak eskatzen hastea. 2014/2015 ikasturtean, hauexek izan dira animatu zaizkigun idazleak: Markel Ormazabal, Javier Aramendi, Yolanda Arrieta, Aritz Gorrotxategi, Ana Jaka, Andoni Salamero, Katixa Dolhare-Zaldunbide, Xabier Etxaniz Rojo, Garazi Arrula, Leire Bilbao, Unai Baztarrika eta Iñigo Roque. Albistean barrena topatuko dituzue gomendatu dizkiguten liburuak, eta liburuen inguruko iruzkinak.

gomendio

Markel Ormazabalen liburu gomendioa

Horst Fantazziniren Ormai é fatta! liburua proposatu digu

Ormai

Markel Ormazabalek Hemen naiz, ez gelditzeko baina (Txalaparta) liburua kaleratu zuen iaz. Kartzelan idatzitako liburua, kartzela ulertzeko beharrak idaztera bultzaturik. Ormai é fatta! liburua ere, espetxe ezberdinetako erizaindegietan idatzia dago. Errealitatean oinarritutako nobela edo ihesaldi baten kronikatik harago, “garai jakin baten bizipen azterketa da Horst Fantazzinik liburuan aurkezten diguna. Anni di piombo (Berunezko urteak), Margarethe Von Trottaren 1981eko filmearen izenburutik hartutako esamolde arras ezaguna. Eta berunarena da, hain zuzen ere, orrialdeak pasa ahala irakurlearen ahoak hartzen duen gustoa”, Ormazabalek aditzera eman digunez.

Liburu gomendioa irakurtzeko, hauxe ESTEKA.


Javier Aramendiren liburu gomendioa(k)

Joseph Conrad eta Robert Laxalt-en liburu bana hautatu ditu

AramendiLiburuGomendioak

Javier Aramendi Euskal Filologian lizentziatua da eta irakasle lanetan dabil institutu batean. Iaz, lehen poesia liburua plazaratu zuen Ereinekin: Verba polita. Urria partean, solaskide izan genuen Hitzen Uberan. Honakoan baina, liburu gomendio eske jo dugu Aramendirengana. Bat ez, bi dira hautatu dituen liburuak: Joseph Conrad-en The mirror of the sea eta Robert Laxalt-en Sweet promised land liburua. “Parekotasun guztien artetik badago bat nabarmendu nahi nukeena, egungo bidai, abentura edo oroitzapen liburuetan ohikoa izaten ez dena: haien helburua ez da beren balentriak erakustea, beren ausardia frogatzea edo irakaspenik ematea, benetan maite duten bizimodu baten eta lanbide baten testigantza egitea baizik”.

Liburu gomendioa irakurtzeko, hauxe ESTEKA.


Yolanda Arrietaren beste liburu gomendio bat

Julie Otsuka-ren Buda en el ático (Duomo, 2012) proposatu nahi digu

budaenelatico

“Aspaldian irakurri dudan libururik beteena, hotzena eta zirraragarriena, dena batera. Armonia hutsez, orden ia matematikoz, Historia berrosatzen duen istorio-multzoa”.  Hala dio Hitzen Uberan jaso dugun liburu gomendio honetan. Iragan azaroan, Hondarribiko irakurle taldearekin landu zuen Buda en el ático. Eta ondoren, liburu gomendio hau idazten hasi zen. Gure gozamenerako, dena esan behar bada. Saguak eta gizonak liburu aholkatu zigun iragan abenduan, eta orain Julie Otsuka-ren nobela bat da proposatu nahi diguna.

Liburu gomendioa irakurtzeko, hauxe ESTEKA.


Aritz Gorrotxategiren liburu gomendioa

Felipe Juaristiren Airezko emakumeak (Erein, 2003) liburua hautatu du

airezko-emakumeak-9788497461306

Poesia, nobela, narrazioa, kronika… Estilo guztietan aritu den idazlea da Aritz Gorrotxategi. Itzultzaile lanetan ere aritu da azken aldian. Orain urtebete, J.M. Coetzeeren Jesusen haurtzaroa (Meetok) nobela ekarri zuen euskarara Aritz Gorrotxategik, eta Lev Tolstoiren Zer da artea? (Meetok) liburua itzuli zuen hilabete batzuk lehenago. Liburu asko zituen aukeran, eta Felipe Juaristiren hauxe da hautatu duena: Airezko emakumeak (Erein, 2013).

Liburu gomendioa irakurtzeko, hauxe ESTEKA.


Ana Jakaren liburu gomendioa

Reflejos en un ojo dorado liburuaren irakurketa proposatu digu

Reflejosenunojodorado

Kazetaritzan lizentziatua, liburuen promozioan lan egiten du Ana Jakak. Poesia idatzi izan du, gaztelaniaz gehienbat, hainbat sari irabaziz eta antologiatan parte hartuz. Ez zen diruagatik (Elkar) nobela plazaratu zuen iaz. Liburu gomendio bat idazteko proposamena egin diogu eta hauxe da bueltan igorri digun iruzkina, Reflejos en un ojo dorado liburuaren inguruan idatzia. “Tabu ezatik haratago, erakargarri egiten ditu Carsonek gizarteak epaitzen dituenak: ahulak, mesfidagarriak, behartsuak. Hor datza, nire ustez, Carsonen jenialtasuna”.

Liburu gomendioa irakurtzeko, hauxe ESTEKA.


Yolanda Arrietaren liburu gomendioa

John Steinbeck-en Saguak eta gizonak, Iñigo Errastik itzulia

Azala_SaguakEtaGizonak_Contornos

Irakasle ikasketak egin zituen Yolanda Arrietak, eta baita Antzerkia eta Kultur eta Gizarte Antropologia ere. Idazketa sortzailearen inguruko tailerrak gidatzeaz gain, literaturara hurbiltzeko saioak egiten ditu haur txikien guraso eta irakasleekin. Hainbat liburu argitaratu ditu, halaber, haur gazte zein helduen literaturan. Liburu bat proposatzeko eskatu diogu eta  John Steinbeck-en Saguak eta gizonak liburuari buruzko iruzkina igorri digu. “Steinbeck-ek maisuki lortzen du irakurlea fikzioaren amaraunean estekatzea, prosa zuzen eta sentikorrez, elkarrizketa bizkor eta trama itogarri bezain indartsuez”. Halaxe dio Yolanda Arrietak. Iñigo Errastik itzuli zuen eta berarentzat ere badu aipurik Arrietak: “euskarazko jarioak bat egiten du John Steinbeck-en jatorrizko ingelesarekin, fikzio on ororen eremu komunean”.

Liburu gomendioa irakurtzeko, hauxe ESTEKA.


Andoni Salameroren liburu gomendioa

Gabriel Kortaren Diot (Itxaropena, 2013) liburua hautatu du 

diot

Hiru poesia liburu plazaratu ditu Andoni Salamerok: Zu. Ni. Bi. Bidean… (2004), Bide ertzeko printzak (2006) eta Japonia: poesiaren sumendi ezkutua (2012). Hiru poemarioak Apatx argitaletxearekin argitara emanak. Eta aukeran, poesia da proposatu nahi diguna. Baina ez bere soroan jasotakoa. Gabriel Kortaren uzta da aholkatu diguna. “Utzi zeure arnasa zuria, irakurle, Gabrielen olerkietan akabera izaten, haren arima erratuan bidaide eta gogaide aurkeztuz, atseginik aurkituko duzu, une eder askorik ere bai”. Hitz sentitu horiekin bota digu amua Zumarragako idazleak.

Liburu gomendioa irakurtzeko, hauxe ESTEKA.


Katixa Dolhare-Zaldunbideren liburu gomendioa

Boubacar Boris Diop-en Murambi, le livre des ossements liburua hautatu du

Boubacar

Azterketa literarioak argitaratuak zituen aurretik, baina Biribilgune (Elkar) izan da plazaratu duen lehen nobela. Itxaro Bordaren obra mirestu ez ezik, aztertu ere egin du, literatura konparatuaren bidez. Berrian  irakurri daitezke Katixa Dolhare-Zaldunbideren iruzkinak, Kultura saileko Hirudia atalean.  “Rwandan, 1994an gertatu Tutsien genozidio ikaragarriaz” mintzo den liburu bat proposatu digu. “Genozidio horren oroitzarre gisa du preseski Zulma argitaletxeak 2011n lehen aldikotz plazaratu Boubacar Boris Diop senegaldarraren Murambi, le livre des ossements eleberria bir-argitaratu”.

Liburu gomendioa irakurtzeko, hauxe ESTEKA.


Xabier Etxaniz Rojoren liburu gomendioa

Las bellas extranjeras liburua proposatu digu


lasbellasextranjeras

Bere literatur ibilbidean ipuingintza da gehien jorratu duen generoa. Lau ipuin bilduma argitaratu ditu: Begiak itxi eta kitto (Elkar), Hamar manamenduak (Erein), Nork bere ozeanoa (Erein),   Txatartegirako ipuinak (Erein, 2010) eta Sirena hotsak (Erein, 2013). Ipuingintzaz gain, beste genero batzuk ere jorratu ditu. Mircea Cartarescu idazle errumaniarrak idatzitako Las Bellas Extranjeras liburua proposatu digu.

Liburu gomendioa irakurtzeko, hauxe ESTEKA.


Garazi Arrularen liburu gomendioa

Sofi Oksanen-en Garbiketa liburua proposatu digu

Garbiketa

Tafallan sortu zen Garazi Arrula Ruiz, 1987an. Atzerriko hizkuntzako irakasle-ikasketak egin zituen, Itzulpengintza eta interpretazioa lizentzia gero eta, azkenik, Hizkuntzalaritza masterra. Besteak beste, Anaïs Ninen Venusen delta (Txalaparta, 2013) ipuin-liburua eta F.Scott Fitzgeralden Plazeraren gau ilunekoak antologia (Elkar, 2014) euskaratu ditu, azken hau Iñigo Roquerekin lankidetzan. Berria egunkarian kolaboratu izan du eta Elearazi blogeko sortzaileetako bat da. Liburu gomendio baten bila jo dugu Garazi Arrularengana eta hauxe da proposatu digun liburua: Sofi Oksanen-en Garbiketa (Erein-Alberdania, Batera saila).

Liburu gomendioa irakurtzeko, hauxe ESTEKA.


Leire Bilbaoren liburu gomendioa

Mario Montalbetti idazle peruarraren antologia poetikoa

Mario+Montalbetti

Poema liburuak, haurrentzako kontakizunak, album ilustratuak… Askotarikoak dira Leire Bilbaok, bakarka edo beste batzuekin elkarlanean, plazaratu dituen lanak. Liburu gomendio eske hurbildu garenean baina, poesia izan da hautatu duen generoa. Mario Montalbetti idazle peruarraren antologia bat proposatu digu. “Sarritan, hizkuntza bera hartzen du gaitzat”, Leire Bilbaoren iruzkinean irakurriko duzue. “Galerak dira bere beste obsesioa. Espero ez denetik aurkitu daiteke liburu honetan. Poesiaz gozatu nahi duen ororentzat gomendagarria”.

Liburu gomendioa irakurtzeko, hauxe ESTEKA.


Unai Baztarrikaren liburu gomendioa

Joxean Agirreren Adiskide bat nuen (Elkar, 2013) hautatu du

adiskide bat nuen

Blas de Otero-Bilbo Uria Nazioarteko VI. Poesia Lehiaketa irabazi zuen iaz. Sariketara aurkeztu zituen poemekin osatu du bere lehen liburua: Ezinbestean (Erein, 2014). “Inoiz irmo izandako sentipen eta ideien dekadentziaz hitz egiten dut”, hala aitortu zigun Hitzen Uberan izan genuen solasaldian. Orain, gure enkarguari erantzunez, liburu gomendio batekin dator gure artera. Liburu bat proposatzeko eskatu eta Joxean Agirreren azken nobela hautatu du: Adiskide bat nuen (Elkar, 2013). Unai Baztarrikaren iritziz, “erabiltzen duen ironia finak harilkatzen du nobelaren mamia eta protagonista-narratzailearen izaera anbiguoari forma ematen dio bide batez”.

Liburu gomendioa irakurtzeko, hauxe ESTEKA.


Iñigo Roque Eguzkitzaren liburu gomendioa

Pier Paolo Pasoliniren Le ceneri di Gramsci (1957) proposatu digu

LasCenizas

Itzultzaile gisa nabarmendu da azkenaldian. 2012an, Fernando Pessoaren Poemak pluralean antologia modukoa argitaratu zuen Denonartean etxearekin. Geroztik, Antonio Lobo Antunesen Gauzen ordena naturala (Literatura Unibertsala), F. Scott Fitzgeralden Plazeraren gau ilunekoak (Elkar) ipuin-antologia (Garazi Arrularekin batera) eta Iolanda Zuñigaren Post-it bizitzak (Pasazaite) liburuak ekarri ditu euskarara. Honakoan, gomendio eske jo dugu Iñigorengana. eta Pier Paolo Pasoliniren lan hau aukeratu du: Le ceneri di Gramsci (1957). “Aberri teluriko bat marrazten digu, oso lurtarra, gorespenik gabea, izerdiz eta bulko sentsualez ttittatua”.

Liburu gomendioa irakurtzeko, hauxe ESTEKA.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.