Komunitatea: sarea handitzen doa

Atal berri bat zabaldu dugu ikasturte honetan: Komunitatea. Berebiziko martxa hartu zuen zabaldu eta berehala. Argazkiak idatzi literarioekin osatuak, orotariko sormen lanak, gogoetak… Orain arte askorako eman du Komunitateak. Albiste moduko honetan, komunitateko kideen lana azpimarratu nahiko genuke. Batzuk eta besteek egindako ekarpenak laburbiltzen saiatu gara. Bide batez, gogorarazi nahiko genuke kide berri gehiago hartzeko egarriz dela gure atal berria. Bere idatziak partekatu nahi dituen orori zabalik dagoela Komunitatea. Kide egiteko urratsak ere topatuko dituzue albistearen amaieran.

Komunitate

Orotariko ekarpenak

Aurretik izan da Hitzen Uberan, bere sormen-lanak partekatzen. Besteak beste, Hasier Rekondoren poema batzuk irakurri ditzakezue Aingura hegodunak atalean. Kazetari lanetan ibilia, yoga klaseak ematen ditu eta itzultzaile lanetan dihardu.

Hitzen Uberan-eko Komunitatea atalean, mota ezberdineko ekarpenak egin ditu orain arte: argazkiak idatzi literario batekin osatu, Berrian egiten dituen kritikak plazaratu, orotariko hausnarketak… Komunitatea ataleko partaide aktiboenetakoa da. Oparoa, orotariko ekarpenak egin dizkigu.


Hitzez eta irudiz

Sarean gauza asko gertatzen dira. Eta batzuk, aski interesgarriak. 2013tik hona, martxan da Erisentxokoilunetik izeneko bloga. “Izen berezi hau duen blogaren egileak bi gara, Ekaitz Uzin eta Olatz Sebal. Blogean argazkiak eta poesia uztartzen ditugu”, email bidez jakinarazi zigutenez.

Komunitatea zabaldu genuenetik, ekarpen eder asko egin dituzte. Eta maiz, Komunitateko ekarpen horiek Azala atalean ere islatu ditugu gero (Hasier Rekondorekin ere antzeko egin izan dugu).

Argazki bat eta argazki-oin literario bat. Hori da hitz gutxitan, Erisentxokoilunetik-ekoen txokoan topatuko duzuen ekarpena.


Barikuetako gonbidatua

Jose Inazio Basterretxeak lau nobela eta sei saiakera plazaratu ditu. Komunitatea zabaldu genuenetik, ostiralak alaitu dizkigu Barikuko erretratuak izeneko idatziekin.


Mikel Ibarguren, Haikuketan

Idazle zestoarrak haiku bat idatzi zuen lehenik. Hori izan zen bere lehen ekarpena Komunitatea atalean. Gero etorri zen beste bat. Eta horren ondoren, hirugarren bat. Eta konturatu orduko dozena bat haiku batuak zituen bere txokoan. Idazten jarraitu du, eta une honetan Mikel Ibargurenen soslaian klik egiten baduzue, 15 haiku aurkituko dituzue.

Sormen lanak partekatzeko asmoarekin ere zabaldu genuen Komunitatea, eta Mikel Ibargurenek gogotsu heldu zion haikuak eskatzen duen metodologiari.


Edu Zelaieta, mugaldetik

Mikel Ibarguren ez da Komunitatean batu zaigun poeta bakarra. Edu Zelaietak hiru poesia liburu plazaratu ditu. Horretaz gain, Mugaldekoak taldeko kide da. Komunitatera batzen lehenetarikoa izan zen, eta bere soslaian kontakizun itxurako idatziak aurkituko dituzue. Bere azken ekarpena poema bat izan da, Heriotza erakutsi izenekoa.


Aritz Gorrotxategiren gogoetak

Komunitatea zabaldu berri, Aritz Gorrotxategi idazleak gogoeta bat egiteko baliatu zuen bere txokoa. Boterearen itzala euskal literaturan izenburuarekin partekatu zuen idatziak zeresan handia eman zuen. 27 iruzkin ditu une honetan. Geroztik, beste hiru idatzi gehiago ere plazaratu ditu Komunitatean.

Bide batez, Elkarrizketa txokoan aurkituko duzue Aritz Gorrotxategi. Koldar hutsa zara (Erein) bere nobela berriari buruz luze zabal mintzo da bertan.


Iban Lakaren hausnarketak

Iban Lakak hamaika idatzi partekatu ditu bere txokoan. Poema moduko idatziak, hausnarketak… Ekainean hondartzan, oraingoz Komunitatera igo duen azken idatzian, euskararen inguruko gogoetatxo bat egiten du.


Literatura-pilulatxoak

Hitzen Uberan abiatu zenetik hona, Azala izan da martxan iraun duen atala. Edukietan murgildu aurretik, hitzez eta irudiz osaturiko literatura-pilulatxoa. Mikel Zumetak formula hau erabili du eta Komunitatean ipini dituen idatzi ilustratuak, Azalean ere plazaratu ditugu handik denbora batera.


Askasibarren bi poema

Jon Askasibarrek bi poema igo ditu bere izenarekin zabaldu duen txokora: Oroitzapenak eta Bihotz mina izenekoak.

Bihotz mina

Tristurak ezin du arnastu

bihotz mindu bat ez badago,

bihotzari miña, norbaitek, zerbaitek

edo zuk zeu eman diezaiokezu.

Zure bihotza mintzen duena

ez zaitez zeu sekula izan,

noizean behin behintzat

zoriontsu bizi nahi baduzu.


Tankera ezberdineko idatziak

Ia Sancho Linaresek poema batekin zabaldu zuen bere txokoa. Eta ondoren, narrazio moduko bi idatzi eta azalaren tankerako sormen lan bat igo ditu Komunitatea atalera.


Lagun gehiago ere badira

Idazle gehiago ere aurkituko dituzue Komunitatean. Ainara Maia, Ione Gorostartzu, Pello Otxoteko, Joseba Mikel Ugalde, Aritz Mutiozabal, Ernesto Prat Urzainki eta Juan Ramon Makuso. Gehienak, post banarekin. Ea udazkenak sormen lan gehiago ekartzen dizkigun. Seinale ona izateaz gain, gozagarri ere izango litzateke.


Komunitateko kide 

Komunitateko kide izateko ez da idazlea izan beharrik. Edonork ditu ateak zabalik. Bere hausnarketak, idatziak, lan literarioak… partekatzeko gogoz dabilenak, txoko bat du gurean. Baldintza bakarra: euskaraz egitea.

“Nola egin naiteke Komunitateko kide?”. Galdera hori buruan duenarentzat, hementxe du esteka egokia: KOMUNITATEA. Hitz horretan klik egin eta eman beharreko pausoak ezagutuko dituzu. Oso erraza da.

Hori bai: abuztuan eten egingo dugu Hitzen Uberan-eko martxa. Baina irailetik aurrera, beste kideek bezalaxe, kide eginberria ere bere idatziak plazaratzen hasteko moduan legoke.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.