Munduko liburu-dendarik bisitatuena

Munduko liburu-dendarik ederrena dela diote askok eta askok. Lello e Irmao du izena eta Porton dago, Alde Zaharrean, “Apaizen Dorrea” deritzonetik hurbil. Hura ere zaharra da, Francisco Xavier Esteves ingeniariak 1906.urtean eraikia eta Neogotiko estilokoa. Sartu eta, kanpoko iluntasunetik barrurakoan izaten dugun hasierako itsualdia uxatu eta gero, parez pare, ezker-eskuin, egurrezko eskailera topatuko dugu. Gorri biziz dauzka mailak margotuta, eta baranda maisuki landua. Bi solairu ditu. Gora joan nahi izanez gero, pentsa ezinezko jendetza saihestu beharra dago, milaka turista erakartzen baititu dendaren ederrak. Barandak goian balkoi gisako bat egiten du. Eta handik begiratuta, egurrezko apalategi liburutsuez hornitutako paretak ikusi ahal izango ditugu, eta, sabaian, beirate dotorea argia sartzeko.

Munduko hirugarren liburu-denda politentzat jo zuen The Guardian egunkariak 2008.urtean. Horregatik, edo J.K.Rowling idazleak Harry Potter-en liburuetan agertzen diren Hogwarts Ikastetxeko eskailerak irudikatzearren Lello e Irmaokoak inspirazio iturri izan omen zituelako, milaka bisitari jasotzen ditu. Museo nahiz eliza batek adinako ikusmina sorrarazi du. Polita da liburu-denda bat jendez mukuru ikustea, ezohiko dena paregabea baita. Alabaina, ederra da han-hemenka dauden liburuetako bat hartu eta haren pasarteren bat irakurtzeko txokoa eskaintzen dizuna. Edota, Xabier Letek zioen hitzez irundako lihoa zeureganatu ahal izatea, lasaitasunean. Hori ez dago, ordea, munduko liburu-dendarik bisitatuenean egiterik. Udan ez, behintzat!

 

This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.