Argitaratzearen alde

etxeak

Idazleak idatzitakoa jendarteratzeko duen modurik eraginkorrena da argitaratzea. Ebidentea da gaur egun orain dela hogeita hamar urte baino liburu gehiago argitaratzen dela, askoz gehiago. Paradoxikoki, laurogeigarren hamarkadan ezarrita zegoen literatur sistemaren aurka sortu ziren aldizkari eta argitaletxeak dira gaur egungo literatur sisteman hegemoniko.

Gaur egun – segur aski – laurogeigarren hamarkadan baino gehiago idazten da euskaraz. Gehiago argitaratzen dela ere aipatu dut, baina, zer argitaratzen da? Rekalde tabernako azken mahaian eserita ginela aspaldi ikusi gabeko lagun batek aipatu zidan gaur egun oso gutxi argitaratzen direla idazle gazteak. Poesian gehiago direla baina narratiban ia guztiak sari edo bekei esker argitaratzen direla. “Urruzuno saria irabazi eta idazle izan nahi duen gazteak ze aukera du? Lehen liburua argitaratzeko Igartza edo antzeko beka edo saririk irabazi beste aukerarik ez du?” Horrelako zerbait esan zidan – edo hori ulertu nuen behintzat.

Autoedizioa aipatu genuen alternatiba gisa. Baina benetan al da gaur egungo literatur sistemari alternatiba? Hau da, normalean autoedizioak modu indibidualean egiten direla. Alde batetik sistema literario hemetiko eta urrun bat daukagu eta orbitan autoedizio indibidual eta isolatu batzuk. Tirada oso txikiak, banatzeko zailak eta irakurleak aurkitzeko are zailagoak.

Zer egin? Zergatik ez gara antolatzen? Ez al dauka idazle gazteak argitaratzeko gogorik? Batzuetan iruditzen zait gure literatur sistema hain urruna egiten zaigula ez dugula honekiko inolako atxikipenik sentitzen. Baina ez dut sinisten ez dagoela argitaratzeko prest dagoen idazle gazterik (argitaratzen direnak baino gehiago, noski). Adibide bat jartzearren: zenbat dira urtero-urtero literatur sariketa eta beketan atzera botatzen diren eskuizkribu eta liburu-proiektuak? Zenbat dira argitaratzeko esperantza sariketa bat irabazi behar izatean daukatenak?

Guzti hau helburu batekin diot: bada garaia idazle eta literaturzale gazteok (ere) bil gaitezen eta eztabaida dezagun argitaratzeaz.

Martin Bidaur

About Martin Bidaur

"-klarionez marraturiko zirkulu hertsia dun hiria-" Oblomovitisak jota
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.