Poema bat, Karmele Jaioren eskutik

“Atera egin zait”. Hala adierazi zuen aurreko astean hedabideen aurrean egin zuen aurkezpen ekitaldian. Ez naiz ni (Elkar, 2012) ipuin liburua plazaratu ondoren etorri zitzaion Karmele Jaiori poesia idazteko bulkada. Horren emaitza da gaur Donostian errezitaldi bidez aurkeztuko duen lana: Orain hilak ditugu (Elkar, 2015) poesia liburua. Bidelagun izango ditu Aitor Agirre eta Triku Villabella kitarrajoleak, eta Ander Elorza zinemagilea. Donostiako Victoria Eugenia antzokiko klub aretoan, iluntzeko 20:30etik aurrera, Poesia Orduak zikloaren baitan. Aitzakia honekin, prentsaurrekoan errezitatu zuen poema bat eskaintzen dizuegu.

karmele jaio 1

 

HITZ HORIEK

 

Nahiko nituzke hitzak

biluzik.

Ume batek lehenbiziko

aldiz erabiltzen ditueneko

zentzuaz.

Nahiko nituzke hitzak

arrautza-irinetan pasatu gabe,

uretatik atera berritako

arrainak bezain distiratsu.

Nahiko nituzke paretan gogor

jotzen duten pilotak,

oihartzuna sortu eta

bizi-bizi bueltan datozenak.

Nahiko nituzke

urdail barreneko hitzak,

azukrerik gabekoak,

uxualaren egia dutenak,

aldi berean eder

eta deserosoak,

adli berean irrika eta

bihotzerrea sortzen dutenak.

Nahiko nituzke

haragi bihurtzen diren hitzak,

erditze gelako

jaioberri likatsuaren antzera,

bizitzen hasi baino lehen

bizitzak zikinduta daudenak.

 

Karmele Jaio, Orain hilak ditugu (Elkar, 2015)

This entry was posted in ai-Poemak, Aingura hegodunak, Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.