Paperetik zeluloidera bidean

Iraila zinema-garaia da beti Donostian, eta aitzakia hori baliatuta ikus-entzunezkoen artera hurbildu nahi izan dugu, literaturaren betaurrekoak jantzita. Literatur lanetan oinarritutako zenbait filmen bueltan jardungo dugu erreportaje honetan, bi adierazpideak uztartzean sortzen diren joera batzuei erreparatu eta, besterik gabe, liburuak eta filmak gomendatzeak dakarren plazer berezi horretaz gozatuz. On egin!

The Godfather

The Godfather

The Godfather

Apalategietatik pantailetara aldatu diren zenbait film aipatuko ditugu jarraian. Hamaika dira, eta gutxi batzuk baino ezin izan ditugu ekarri, bateko edo besteko esanguratsu iruditu zaizkigun heinean.

Filma liburua baino ezagunago egiten denean

Ez zaie gutxiri gertatu. Orain pare bat aste jakinarazi dute, adibidez, Trainspotting filmaren bertsio berri bat grabatuko dutela, eta hain zuzen, asko dira Irvine Welshen liburua bera baino lehen Danny Boyle-n filma ikusteko parada izan zutenak, ikus-entzunezkoari esker ezagutu zituztenak Rent, Sick  Boy eta Spud. Liburua hasten den modu berean hasten da filma ere, ezin ezagunagoa bihurtu den paragrafo batekin. Filmak bigarren zatirik ez, baina liburuak badu jarraipenik. Hain zuzen, Porno eleberrian berriro egiten dugu topo Sick Boyrekin, 10 urteren bueltan Edinburgora itzuli berria. Welsh-en idazketak badu bereizgarri bat, hain zuzen ere, Eskoziako gizartea eta errealitatea irudikatu asmo, kale-hizkera eta bertako ingelesaren aldaerak suelto baliatzen ditu. Hitz-joko itzultzeko zailak ere ez dira gutxi, kasu baterako, Pornoko pertsonaietako batek txiste bat egiten dut Kant eta cunt hitzekin, ingelesez berdin ahoskatzen baitira filosofo alemanaren izena eta literalki alua esan nahi duen iraina. Zinemako lengoaiara aise eraman zituen Boylek elkarrizketen bixitasun eta informaltasuna.

Beste kasu bat ere ekarriko dugu, euskarara berriki itzuli den lan bati tiraka. Txalapartak argitaratu du Chuck Palahniuk-en Borroka kluba, Naroa Zubillaga itzultzaile. Kasu hau ere nabarmena da. Palahniuk-ek gerora eleberri dexente eta ibilbide literario mardula egin du; hala ere, aurreneko eleberri horrek eta nobelan oinarritutako filmak arrakasta izugarria bildu zuten. Eztabaidatzekoa da noraino egin diezaiokeen mesede tamainako zabalkundeak obra literarioari. Palahniuk-en zale amorratu askok Diary eleberria dute maiteago, adibidez, eta Borroka klubak arreta gehiegi jaso zuela deritzote.

Zinemagileek literatura irensten dutenean

Autore-izaera aitortzen zaien zinemagile batzuek bereziki sarri jo dute literatur obretara beren lanak oinarritzeko. Horietako bat da Stanley Kubrick. Berak zuzendu zituen, besteak beste, Lolita (1962) eta The Shining (1980). Biak ere nahiko obra diferenteak badira, Kubrickek lortu zuen bere marka pertsonala ezartzea.

Lolita eleberria Vladimir Nabokov idazle errusiar estatubatuartuak idatzi zuen, 1955ean. Polemika handia piztu zuen, jorratzen duen gaia dela-eta: hain zuzen, Humbert Humbert izeneko eskola-irakasle bat neskato batekin maitemintzen da eta sexu-harremanak izaten ditu horrekin. Filmaren eta liburuaren arteko aldeak pertsonaietan bertan hasten dira. Kubrick-en Lolita Nabokov-ena baino dexente helduagoa da, zinemakoak 15-16 urte ditu eta literarioak, aldiz, 12. Salaketarik ez jasotzeko aldatu zuen adina Kubrickek, eta hamabi urte eskaseko neskatoaren istorioa bortitzegi suerta zitekeelako. Katixa Agirre euskal idazleak gaiari buruzko tesia idatzi du, eta gaiari buruz gehiago irakur dezakezue hemen.

Bi Lolita-k kultuzko lanak badira ere honezkero, The Shining eleberria beldurrezko generoaren barruan sartu ohi da, eta literatura horrek, sarri, bere kalitateari buruzko azalpenak eman behar izaten ditu. Generoko idazle ezagunenetariko batek idatzi zuen, Stephen Kingek, zirkulu berezituagoetatik kanpo ezaguna den apurretako batek. Kubricken filma klasikoa da gaur egun. Koloreen erabilera bereziki esanguratsua da, tentsioa igotzen joan ahala. Azpimarragarria da aktoreen lana, halaber, Jack Nicholson Jack Torrance bihurtua. Horrez gain, Kingen beste lan batzuetan ageri den ezaugarri bat aurkitzen dugu Jacken eroaldian, begizta-amaiera moduko bat, hasierara garamatzana, istorioa egiatan ez dela bukatu pentsarazten diguna. The Shining-en gertatzen da eta baita Misery-n ere, zeina, kurioski, zinemara ko egokitu baitzuten.

Literatura ere irudiz osatua dagoenean

Canneseko zinema-jaialdian irabazle suertatutako La vie d’Adèle-k (Abdellatif Kechiche zuzendari) ere nobela grafiko bat du oinarri, Julie Mahroren Le bleu est une couleur chaude. Orain arte aipatutako obren kasuan ez bezala, non irudi-mena irakurle bakoitzaren esku-edo zegoen, Le bleu-ren kasuan komikigileak berak estetika eta kolore-sorta batzuk helarazten dizkigu bere obran. Kechichek egin zezakeen beste nobela grafiko batzuekin egin den berbera, alegia, autorearen beraren irudiekin muntatu filma; ezagun da, adibide baterako, Marjane Satrapiren Persepolis. Aitzitik, Emma eta Adèle hezur-haragizko bihurtze erabaki zuen zinema-zuzendariak.

Filmak kritika positibo asko jaso zituen. Sexu-askapenaren aldeko mugimenduek eta feministek txalotu zuten: bi emakumeen arteko amodio-istorioan jartzen zuelako arreta, behingoagatik dena ez zelako zailtasun lesbiana-bikote batentzat eta ez zelako tragedia huts, bestelako sexu-harremanak esplizituki agertzen zirelako… Nobela grafikoaren tonutik aski urruntzen da filma, haatik. Nobela grafikoa bada zertxobait tragikoagoa, eta Àdelek, lesbiana izateagatik, pairatzen du jazapernik. Gaiari buruzko artikulua argitaratu zuen Barbara G. Vilariñok, Pikara aldizkarian.

Zein baino zein, bakoitza berean

Amaitzeko, aurreko hiru talde horien barnean biltzen ez den adibide eder bat aipatu nahi genuke. Batetik, Elfriede Jelinek autore austriarraren eleberria eta Michael Hanekek hura abiapuntu hartuta egindako luzemetraia: Die Klavierspielerin eta La pianiste. Eleberri konplexua da Jelinekena. Vienarraren lan gehienak bezala, irakurleari itomen-sentipena eragiteko moduko prosa gotor, gordin eta poetikoan idatzia dago, eta ama-alaba batzuen harremana kontatzen du. Alaba, Erika Kohut, piano-jolea da, ez ordea amak desio lukeen bezain arrakastatsua, ez da kontzertu-emaile bat. Elkarrekin bizi dira, bakarti eta irizpide zorrotzei jarraiki. Kohutek piano-eskolak eman behar ditu sosak biltze aldera, eta ikasleetako batekin lotzen da, azkenean amari ere zuzenen eragiten dion harreman afektibo aski korapilotsu batean.

Jelinekek hitzekin helarazten duena iradokitzen asmatzen du Hanekek, bere lengoaia propioa erabilita. Seguru asko, horrelako proiektu bat porrot hutsa izango litzateke baldin eta Jelineken testu indartsuak bere horretan birsortu izan balira zineman ere, adibidez, off ahots baten bidez. Haneke itzultzaile trebea da baina, eta badaki ikus-entzulea arnasik gabe uzten Jelinekek irakurlea behartzen dakien moduan.

This entry was posted in ga-Erreportajeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.