“Poesia orduak”, aurtengo edizioaren kronika

Aste honen hasieran Poesia Orduak jardunaldia antolatu dute beste behin Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak. Astelehenean Ixiar Rozasen testuak, eta asteartean Karmele Jaiorenak izan ziren protagonista. Literatura paperean zein oholtzan ulertzeko modu anitzen erakusleiho izan dira Poesia Orduak.

Beltzuria Club 2

Jende ugari bildu zen Poesia Orduak ekimeneko proposamenak ikus-entzutera. Ez da oso ohikoa izaten horrelako ekimenetan hainbeste jende ikustea, bi egunetan eserleku guztiak ia beterik. Poesia Orduak ekimenak sortu zenetik mantendu du publiko kopuru handi baten interesa. Urtetik urtera suma daitekeenez, publikoaren zati handi bat ekimenak berak erakarrita etorri ohi da (dagoena dagoela etorri ohi den jendea), beste zati bat emanaldi bakoitzaren protagonistak erakarrita. Aniztasuna izan ohi da beraz publikoaren eserlekuetan sumatu ohi dena, adin aldetik, eta gustu zein kultur-interesen aldetik.

2007an martxan jarri zenetik gariak izan dira parte hartzaileak ere. Errezitaldi kolektiboak egin ziren sarri hasieran, baina baita ere egileren baten testuetatik abiatutako errezitaldi eta sentikariak: Bitsa eskuetan (Miren Agur Meaberen testuak, Ibone Ibazetaren musika) Gu(haur) Arrotz(ak) (Itxaro Borda eta jazz banda), 3Lak, Lizardi, Lauaxeta eta Leteren poemak (Antton Valverde eta Anjel Lertxundi), Ez zaitut abandonatuko (Bide Ertzean eta Jon Benito, Jose Luis Otamendiren poemekin), Paradisua eta katuak (Bernardo Atxagaren testuak, Jabier Muguruzaren musika), Haragizkoa (Omar Nabarroren testuekin, Edorta Jimenez, Rafa Rueda, Joseba Barrenetxea eta Jaime Nieto), Sidecar arima (Harkaitz Cano eta Beñat Barandiaran), Nola belztu behar zuria (Joxan Artzeren testuekin Bide Ertzean eta Metrokoadroka), Hura ez da lekua antzezlana, Katamalo proiektua, Tenpora taldea, Atera dena disko kolektiboaren aurkezpena…

Ahots anitzen erakusleiho

Aurten ibilbide luzeko bi idazleren testuak izan dira protagonista: Ixiar Rozasenak batez ere Beltzuria liburutik hartutakoak izan dira, Karmele Jaiorenak argitaratu berri duen Orain hilak ditugu liburukoak. Bata zein bestearen kasuan, hainbat musikari eta laguntzailerekin elkarlanean taularatuak.

Ixiar Rozasek Mursegorekin egin zuen emanaldia. Bien arteko elkarlana errezitaldi honetatik eta Beltzuria liburutik harago doa: Plastika izeneko proiektua egon dira lantzen azken garaietan elkarrekin, Azalan egindako erresidentzia artistikoaren harira bideo honetan ikus daitekeenez:

Rozasek denbora asko darama ahotsaren eremuan murgiltzen, ikertzen. Beltzuriak berak zerikusi handia dauka kezka horrekin: “ahotsaren espazio politikoaren inguruko gogoeta” den heinean. Poesia orduak-en eskaini zuten emanaldian Plastika eta Beltzuria proiektuetan erabilitako materialak uztartu zituzten. Beltzuria berarekin oso errezitaldi ezberdinak egin izan ditu Rozasek, kasu bakoitzean kolaboratzaile ezberdinekin. Kaxildan egindakoan adibidez, Harkaitz Cano, Idoia Zabaleta, Miren Elizalde, Bigara eta Mursego bera izan zituen lagun. Poesia Orduetan egindako errezitaldia serie horretako zazpigarrena izan da.

Aniztasuna da kronika honetan sarri errepikatuko dugun hitza, eta aniztasuna izan zen, hain zuzen ere, asteleheneko emanaldian publikoan sumatu ahal izan zena, eskaini behar zuten horrek sortutako jakin-minaren isla: lerro batzuk atzerago aipatutako belaunaldi ezberdinez gain, diziplina artistiko ezberdineko behargin ezagunak topa zitezkeen: dantza, artea, musika eta literatura, batzuk aipatzearren. Ez da harritzekoa, Rozasek Beltzurian landu dituen kontzeptuekin bat eginez, emanaldiak errezitaldi hutsetik harago hainbat esparrura gerturatu baitzen: kokapena eta desplazamenduekin jolastea, oholtza gaineko espazioaren zentzua, esperimentazioa. Beltzuria irakurri duenari ezagunak egiten ahal zitzaizkion emanaldiko eduki asko: Beltzuria beraren abiapuntuan den irudia azaldu zen (Emakume bat, hodartza batean dago paseatzen, itsasertzean…), adibidez.

Beltzuria Club 1

Liburuan sarri aipatzen den Gertrude Steinen ahotsa ere entzun ahal izan genuen OFFean. Steinek defendatzen zuenarekin bat eginez, errepikapena izan zen emanaldiko zutabe garrantzitsu bat, Rozasek eta Mursegok hoskidetasunetik abiatuta errezitatutako hitzen zerrenda hiru aldiz errepikatu zutenean adibidez, aldi bakoitzean modu ezberdin batean. Errepikapena jendarte-izaeraren errora joateko bidea zela defendatu zuen Steinek, aldiro apur bat ezberdina den errepikapenean pertsonen izaerarik sakonenari zirrikituak zabalduko bagenizkio bezala. Errepikapenaren zentzu horretan Mursegoren musika ezinbesteko aliatua izan zuen Rozasek, ohiko moduan looparen presentzia, umorea, jolasa eta hunkidura tartekatuz.

Halatsu joan zen emanaldia, soberako aurkezpen, azalpen eta enparauei iskin eginez, publikoa sentsazioetan barnako bidaia batean murgilduz. Egongo zen publikoan deskontziertorik, aulkia utzi eta tabernara marmarka joango zenik… baina batez ere esker oneko sentimendu orokorrago bat, errezitaldietan sarriegi nagusitzen diren adierazpide topikoekin apurtu eta bide berriak ikertu nahi izanagatik.

Orain poemak ditugu

Guztiz bestelako ahotsa ekarri zigun astearteak. Karmele Jaiok duela astebete aurkeztu zuen publikoki bere lehen poesia liburua, Elkar argitaletxearen eskutik: Orain hilak ditugu. Liburu horretako poemak ardatz osatu zuen emanaldia, Aitor Agirre eta Triku Villabella gitarra joleen eta Ander Elorza zinemagilearen irudiak lagun.

Horrelako emanaldietan formatu, esan dezagun, “klasikoa” izan ohi dena erabili zuen Karmele Jaiok, poemak musika eta irudi proiekzioen txandakatuz. Zaila izan ohi da formatu horretan ezustekorik topatzea, hainbestetan izan baita erabilia. Zailena, hain zuzen ere, formatu “klasiko” hori ondo kudeatzea da, publikoa formatuaz ahaztea lortzea. Eta Karmele Jaiok bikain lortu zuen helburua. Berarekin, kolore ezberdinak sortu zituzten musikariek, batzuetan bakarrik, besteetan poemak josiz, tarteka paisaiak osatuz irudiekin batera, eta irudiek berriz irakurketa iradokitzaileei zabaldu zieten leiho bat.

Emanaldiaren hasieran bertan, antolatzaileekiko eta bertaratutakoekiko esker oneko hitzekin batera aitortu zuen urduri zegoela. Ez da harritzekoa, ibilbide luzeko idazlea izan arren, publiko aurrean egotea sarri egokitu zaion arren, hauxe baitu topikoez karga-karga eginda dagoen poesia errezitaldien eremura bakarka gerturatzen den lehen aldia, poesia liburu propio bat aurkeztuz gainera.

jaio club 1

Urduritasuna aipatu zuen, baina emanaldian zehar ez zitzaion gehiegi sumatu. Berehala sartu zuen publikoa bere ahotsean, oholtzan egoteko jarrera apalean, eta garrantzitsuena dena, testuek berauek hartu zuten protagonismoa. Poesia da Karmele Jaiorena, baina egilearen ibilbidea ezagututa esperagarria zenez, narratibaren eragin handia daukana era berean. Jaioren poemak oso gertu daude mikroipuinetatik, irudi poetikoen bonbardaketa bat egin baino, irudi bakar bat hartu eta hondoraino zukutzen du, ipuinek eta poemek -bakoitzak bere modura- testuen amaierak kolpez borobiltzeko izan ohi duten joera uztartuz.

Heriotza izan zen poema askotan protagonista, edo denbora, edo memoria, edo haiek guztiak gogoan eusteko ezintasuna, baina egileak balizko iluntasun hori argitasun zipriztinekin jantzi zuen azkeneko testuan.

Emanaldia susto batekin amaitu zen, lehen lerroko lagun bat lurrera ziplo erori zenean. Zorionez ez zen ezer izan, baina sustoak amaierako txaloak eraman zituen berekin, eta bertaratutako jendeak bazuen horretarako gogoa. Hunkiduran txertaturik eramango zituzten hitzok behintzat.

Narrazioa eta errezitaldiei buruzko apuntea

“Errezitaldi” hitza poesiarekin lotzen da sarri, generoak dituen berezko ezaugarriengatik (pieza laburrak, musikaltasuna, ahozkotasunarekiko lotura, eta abar), baina testu mota asko izan daitezke errezitagai. Interesgarria da ikustea nola eraman ohi diren literatura idatziko narrazio lanak errezitaldi formatura, adibidez. Maila horretan bide interesgarria egin izan dute Bernardo Atxaga edo Harkaitz Cano bezalako egileek, eta azkenaldiko proposamenen artean baita Danele Sarriugartek ere, Erractus emanaldian poemak ez diren Erraiak nobelako testu zatiak sartuta.

Poesia Orduak-en edizio honetan ez dira narrazio lanak izan emanaldien oinarria, baina egile biek dute edo izan dute harreman estuagoa narrazioarekin poesiarekin baino, haien ageriko ibilbideetan behintzat. Poesia kutsutik harago beste era bateko ahotsak sumatu ahal izan dira bi emanaldietan.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.