Aitziber Alonso, ilustratzailea: “Ikusten ez diren gauzak espresatu behar ditugu”

‘Nola sortu album ilustratu bat’ ikastaroa eskainiko du azaroan

Hasi da ikasturtea eta Galtzagorri Elkarteak hainbat ikastaro iragarri ditu. Haurrei zuzenduak daude hiru ikastaro, eta animatzen diren gaztetxoek izen handiko hiru irakasle izango dituzte: Maite Gurrutxaga, Juan Kruz Igerabide eta Jon Zabaleta. Helduentzat ere bada eskaintzarik. Nola sortu album ilustratu bat? ikastaroa eskainiko du Aitziber Alonso ilustratzaileak Donostiako Aiete Kultur Etxean. Eta hain zuzen, Alonsoren ikastaro honetan erreparatu dugu. “Ikastaro hau guztientzat da, irudietan interesa dutenentzat. Ez dugu zertan ondo marraztu behar, kontatu nahi duguna espresatzen ikasi behar dugu”, halaxe azaldu digu Aitziber Alonsok. “Marrazki bat teknikoki oso trebea ez bada ere, gauza ugari konta ditzake”.

aitziber-alonso

Ikastaroak, bereziki lehen saioan, asko badu formaziotik. Margotzea bezain inportantea da album ilustratuen kulturaren berri izatea, ezta?

Aitziber Alonso. Album bat egiterakoan marrazkilariaren lana ez da testu hori marrazki polit batzuekin apaintzea, testuaren bere ikuspuntua ere erakusten du, testuaren azpian dauden istorioak kontatzen ditu, eta testuari gehitzen dio, istorio bat dugu eta istorio horrekin jolasten dugu. Horregatik interesgarria da album desberdinak ikustea, marrazteko eta espresatzeko estilo deberdinak, diseinu eta maketazio desberdinak, tipografiak, gauza hauek guztiak osatzen dute albuma, izaera ematen diote, izaera bat, hau eta ez bestea. Ikus itzazue adibidez Aliziaren bertsio desberdinak, istorio berdina da denetan, baina bertsio bakoitza mundu bat da.

Teknika ere garrantzitsua da. Eta horri ere helduko diozue. Paisaiak, pertsonaiak, kolorea, testura… Album batean testua bezain inportantea da irudia.

“Ikusten ez” diren gauzak espresatu behar ditugu, atmosferak, izaerak, sentimenduak… Tristezia, poztasuna, horretarako jakin behar dugu koloreak duen garrantzia, edo kolore eza, perspektibak, pertsonaia zuzenean begiralearekin lotu nahi dugun, edo kanpotik begiratzen ari garen… Azkenean gauza hauek guztiak zinean, publizitatean eta toki guztietan ikusten dugu: hitzak hizkuntza dira, baina baita irudiak ere.


“Marrazten denok ikasi dezakegu”

Margolariei soilik zuzendua dago ikastaroa? Akaso idaztea gustuko duen batentzat ere inportantea izan daiteke margolarien lana eta logika ulertzea. Gidoilarientzat eta idazle jendearentzat ere egokia dela uste al duzu edo soilik marrazki-egile direnentzat al da? 

Ikastaro hau guztientzat da, irudietan interesa dutenentzat. Ez duzu zertan ondo marraztu behar, kontatu nahi duguna espresatzen ikasi behar dugu. Marrazki bat teknikoki oso trebea ez bada ere, gauza ugari konta ditzake.

Ondo marrazten denok ikasi dezakegu, horrela ez dela uste dugu, baino bai, denok ikasi dezakegu ondo marrazten, eta gero marrazketa hobetzeko… Tira gauza guztietan bezala, lan eta lan egin behar!

Alonso2

Ikastaroak Ilustratzaileen Txokoan izango dira. Izena ematen duenak, materiala ere eraman behar al du edo bertan aurkituko dute beharrezko den guztia?

Material basikoa izango dugu, gero bakoitzak bere lan tresnak eramango ditu, nahiz eta material desberdinak probatzeko aukera izango dugun. Materialaren kontua beti probatzea da, azkenean bakoitzak gustura sentiarazten duen hori aurkitu arte. Baina orri txuri, arkatz eta borratzeko goma batekin, gehiagoren beharrik gabe, mundua dugu gure eskuetan.


Xehetasun gehiago, Galtzagorriren web orrian

Hiru saio izango izango dira. Hiru saioak, larunbatarekin: azaroak 7, 14 eta 21. Donostiako Aiete Kultur Etxean, goizez: 11:00etatik 13:00era. Izena emateko epea zabalik dago. Ikastaro honen xehetasun gehiago (eta haurrei zuzendutakoenak) Galtzagorriren web orrian. Hauxe ESTEKA.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.