Sjón idazle islandiarra euskarara

Juan Mari Mendizabalek itzuli eta Pasazaitek argitaratu du

Sjón autore islandiarraren Argoren ezpala eleberria argitaratuko du hil honetan Pasazaite argitaletxeak, Juan Mari Mendizabalek itzulia, La Personnalité buelgoaren azalarekin; Islandiako autore garaikide arrakastatsuenetako bat da. Narratiba ez ezik poesia-liburuak ere kaleratu ditu eta musikarekin lotura handia du. Besteak beste, Björk abeslariarentzako letrak sortu ditu. Zinemari tiraka, Sjón Donostian izango da datorren astean. Ez du liburu aurkezpenik egingo, baina euskal prentsarekin bilduko da, eta mahai-inguru batean parte hartuko du San Telmo museoan.

220px-SjonFreeLicence

Pasazaite argitaletxeak bere helburuei tinko eutsiz, Europako literatur garaikideko autore esanguratsu baina ez horren ezagunak gugana ekartzen jarraitzen du. Xabier Queirugak sustatutako ekimenari esker iritsi zaizkigu, besteak beste, Birgik Vanderbeke alemana, Etgar Keret israeldarra eta Iolanda Zúñiga galiziarra. Oraingo honetan, iparraldera begira jarriko gaitu, Sjón islandiarraren obra bat dakarkigu-eta.

CM7pR96WgAAZv5m_1

Idazleari buruz

1962an jaio zen Sjón (Sigurjón Birgir Sigurðsson) Islandiako hiriburu Reykjavíken. Oso gazterik hasi zen argitaratzen, hain zuzen, 15 urterekin kaleratu zuen bere lehenengo lana, Sýnir poema-bilduma. Orduz geroztik hamaika poesia lan eta beste hainbeste eleberri idatzi ditu, autore benetan oparoa izaki. Kantuak, antzezlanak eta haurrentzako liburuak ere idatzi ditu eta hogeitik gora hizkuntzatara itzuli dira bere obrak. Hainbat sari jaso ditu, tartean, Argoren ezpala honi esker, Islandiako liburu-saltzaileen eleberri onenaren saria erdietsi zuen 2005ean.

Eleberriari buruz

Itsas-bidaia batean kokatutako eleberria dugu hauxe. Bi pertsonaia nagusi: Caeneus, marinel eta istorio-kontalari antzinako bat, Argoren ezpalari esker aspaldiko argonauten kontakizunak azaltzen dituena iluntzero, bardoen tradizionari jarraiki. Bestetik, liburuaren narratzaile Valdimar Haraldsson, 17 urteko gaztea, arraza-gorentasunaren teoriekin burua mukuru duena: arraina jaten dutelako norvegiarrak gainontzeko jendeen gainetik daudela sinesten du sutsuki. Sjónek ikaragarri miresten duen autore errusiar Vladimir Bulgakov-en estiloan, narratzailearen ahots burokratiko eta aspergarria satira gisa planteatzen du autoreak.

Eleberriaren idazketari buruzko artikulu bat kaleratu zuen Sjónek The New Yorker aldizkari estatubatuarrean. Bertan aipatzen ditu obra idazketa inspirazio-iturriak. Hain justu, idazlearen birraitonak hainbat kronika-liburu plazaratu zituen, eta arrazari buruzko teoria menderatzaileak senitarteko horri zor zaizkio. Aitzitik, Islandiako mitoen tradizioa eta greziar mitologia baliatu ditu autoreak Haraldssonen jardun astuna orekatzeko.

Ostegunean Donostian

Sjón Donostian izango da aste honetan, eta liburu-aurkezpenik egingo ez duen arren, mahai-inguru baterako hitzordua apunta dezake plazer duenak.Ostegunean, hilaren 17an, San Telmo museoan bilduko dira Sjón, Ben Sharrock zinemagile eskoziarra eta Xabier Berzosa euskal ekoizkeal. Hizkuntza ez hegemonikoen eta zinemaren arteko harremanak izango dituzte hizpide, 19etatik aurrera. Marian Fernández ariko da moderatzaile-lanetan. Zinema-ideiak eta zinema ideiaduna jardunaldien barruan antolatzen da mahai-inguru hori, UPV/EHU eta San Telmo museoaren eskutik.

Eskupeko modura…

Sjónek  The Sugarcubes musika-taldearekin egindako kolaborazioa:

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.