Indonesiako ahotsak

Edertasuna zauri bat da eleberria deskubritu dugu

PEN erakundearen itzulpen-bekari esker iritsi da Eka Kurniawan idazle indonesiarraren estreinako eleberria ingelesera. Annie Tucker aritu da itzultzaile, eta zubi-hizkuntzari esker izan dugu guk denaren berri. Nobela epiko bat da Kurniawanena, Dewi Ayu sexu-langile ederraren eta familiaren historiaren bidez herrialdearen historia iristen zaigu, kolonizatzaile holandarren garaitik hasi, japoniarren setioarekin jarraitu eta iraultza komunistaren hondarretaraino. Umore beltzez josia, satiraren bidez kritika gogor egiten dio zapalkuntzari, eta askatze-bideari aldarri.

image_manager__lightbox_ekakurniawan_01_lowrest

1975ean jaio zen Eka Kurniawan idazlea, Mendebaldeko Javan. Filosofia ikasi zuen eta Yogyakartako Gadjah Mada unibertsitatean eta azkar asko ekin zion literatura idazteari. 2002an argitaratu zuen lehen eleberria, gaur hizpide dugun Cantik itu Luka (Edertasuna zauri bat da). Izugarrizko arrakasta bildu zuen jaioterrian lan horri esker. Orduz geroztik sei liburu gehiago kaleratu ditu, eleberriak eta kontakizunak. Kazetari, diseinatzaile eta idazle gisa lan egiten du. Bere bigarren nobela, Lelaki harimau (Tigre gizona) ingelesera itzultze-bidean da.

Liburuari buruz

Arnasa lasai hartzeko ia astirik gabe, hasi eta buka egarriz irakurtzen dela esan genezake, umore zorrotzez barrez leherrarazten zaituela, Indonesiari buruz zer gutxi dakizun ikusarazten dizula, baina baita hainbat gauza erakusten ere, topikoak oro hausten dituela, pertsonaia ahaztezinak eta subjektu diren emaumeak dakarzkiola literaturari, eta estilistikoki eta narrazio-tekniken aldetik bikaina dela. Horretaz guztiaz Annie Tucker itzultzaileak askoz gehiago dakiela uste dugu, hala ere. Beraz, “Eka Kurniawan itzultzeaz” artikuluan aipatutako zenbait kontu aldatuko dizkizuegu hona. Indonesian ikerketa-lanean ari zela deskubritu zuen liburua, eta berehala harrapatu zuen. Nobelaren bertuteez eta itzultzearen garrantziaz zera dio:

“Eleberri harrigarria da, hainbat arrazoi direla medio. Hasteko eta behin, konpultsiboki irakurgarria da; historia, satira, leiendak, umorea eta amodio-kontuak uztartzen baititu polifonia erabateko batean. Era berean, oso obra politikoa da. Dewi Ayu indonesiar-holandar sexu-langile ederraren eta bere lau alaben patua du ardatz, eta argumentuak hainbat ildo harilkatzen ditu, sexua, intzestua, bortxaketak, erailketak, eromena, munstroak eta hildako izpiritu mendekatiak ekarriz. Hiperbole grotesko haatik alai honek Indonesiaren iragan gatazkatsuaren kritika garratza egiten du: kolonizatzaileen diru-zalekeria, independentzia lortzeko borroka kaotikoa eta komunisten aurkako masa-erailketak, 1965ean milioi bat inguru lagun akabatu baitzituzten, eta horren osteko agintaldi autokratikoa, zeinean disidenteak zentsuratu, kartzelatu edo “desagerrarazten” baitzituzten. (…) Eleberria ez da naifa, inondik ere: pasioz eta ironiaz josita, Kurniawanek bere irakurleak katigatzen ditu, eta irakurleok ez dugu hizkuntzarekin gozatu beste erremediorik, baliabide teknikoen sorta aberatsarekin kontatzen baitu autoreak sarraskia, horri denari bizirauteko beharrezko den erresistentzia ere garatuz. Suharto agintariaren ondorengo adierazpide artistikoaren emaitza gozo eta aldi berean lehorra da nobela hau, artista eta pentsalari indonesiarrek beren nazioaren historiari aurre egiteko duten moduaren isla, etorkizunari kezkaz begiratzen dioten bitartean. (…) Hori guztia dela eta, ezinbestekoa iruditu zitzaidan liburua itzultzea. Literatura-ale erakargarria dela uste dut, bere horretan, baina era berean azpimarratu nahi dut artefakto kultural eta historiko garrantzitsua dela, Indonesia garaikidea hobeto ulertzeko eta bertara hurbiltzeko tresna lagungarria baita”.

Gehiago jakiteko

Ez da guztiz bidezkoa obraren bertuteak oro aletu ostean irakurleak erabat esku hutsik uztea; hala ere, geureratu bitartean, pozgarria da jakitea Kurniawanen bigarren eleberria ingelesera ez ezik frantsesera iritsiko dela udazkenean, Sabien Wespieser-en argitaletxearen eskutik

This entry was posted in Albisteak, Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.