Gerardo Markuletari elkarrizketa

Gerardo Markuletak Denbora bere lekura poesia kaleratu du Erein argitaletxearen eskutik. 2006an plazaratu zuen aurrekoa, Ezjakintasunak, tartean itzulpengintzaren arloan oparo sumatu dugu bere idazle eskua. Liburu berria eta azken urteetako jarduna izan dugu mintzagai elkarrizketa honetan, denbora bere lekuan jarri nahirik.

OLYMPUS DIGITAL CAMERA
markuleta

Denbora bere lekura. Gerardo Markuleta. Aurkezpen ekitaldia from Erein argitaletxea on Vimeo.

Ia hamar urte pasa dira aurreko poesia liburutik (Ezjakintasunak, 2006). Zer behar duzu plazara ateratzeko, nola izaten da zure poesia idazteko pultsua?

Pultsuarena ez da metafora txarra poesiarekiko harremana irudikatzeko. Berezkoa dut, beti hor barruan taupadaka, gehienetan hautemanezin. Baina tarteka takikardia dator, edo bihotz ausikia, edo zimikoa, edo bihotz ilunak egiten zaizkizu, edo bihotzekoak jo (metaforikoki, noski).

Gutxi idazten dut, are gutxiago argitaratzen, baina beti daukat poemaren bat hasita. Idatzi beharra daukat, eta idatzitakoa norbaiti erakutsi beharra, baina, barruko har hori baretzeko, aski dut adiskide pare bati erakustearekin.

Argitaratzea beste kontu bat da: bildutako poemak hautatu egin behar dira, batzuk kanpoan utzi; aukeratutakoak antolatu, sailetan paratu, bilduman barrena ibilbide bat eskaini irakurleari.

Poesiak ez dauka presarik, poetak ez luke izan behar. Nire ustez, gaitz bakarra dago gehiegi argitaratzea baino okerragoa: goizegi argitaratzea.

Edorta Jimenezek duela urte gutxi berreskuratu du Omar Nabarroren ahotsa. Zeuk Jon Iriberriren azalean ezagutu zenuen plaza, zer geratzen da ahots hartatik? Guztiz fusionatua dago Gerardo Markuletarekin (edo alderantziz?)?

Jon Iriberri eskizonimoarena garai jakin bati lotutako erabakia izan zen. Ez nuen nire poesia zikindu (!?) nahi nire orduko lan-egoera eta egunerokotasunarekin, hots, nire benetako izena azalean jarrita.

Orain, atzera begira, iruditzen zait nire ibilbide literarioari –halakorik baldin badaukat– ez ziola batere onik egin. Huts egitea izan zela, alegia. Eta ez daukat, noski, hanka-sartzea berritzeko asmorik.

Orain, Jon Iriberriren poema haiek (haren izenean argitaratuak) Gerardo Markuletaren hastapenetako poemak besterik ez dira.

Elizondo

Urte hauetan guztietan lanean jardun zara, hala ere, itzulpengintzaren arloan. Besteak beste, euskal poetak gaztelaniatu dituzu, eta atzerrikoak euskaratu. Zer nolako harremana duzu poesiarekin itzulpengintzaren bitartez?

Poesia sortzea, itzultzea eta irakurtzea (edo alderantziz) jardun bereko mailak dira niretzat, kate bereko begiak. Irakurritakoak sortzeko grina pizten dizu, eta, tarteka, itzultzeko gogoa ere bai. Itzultzea ere akuilu zaizu askotan zeureari indar berriz ekiteko.

Hizkuntzak direla eta, oso maite ditut euskarara ekarri ditudan poeta atzerritarren lanak (katalanen antologia, Estellés, laster Ángel González…), baina uste dut garrantzizkoagoak direla euskaratik gaztelaniara egin ditudan bertsioak: Rikardo Arregi, Kirmen Uribe, antologia ugari…, batez ere beste inor gutxi aritzen delako (alderantzizko eta hain esker txarreko) langintza zail horretan.

Narrazioa ere asko itzuli duzu. Bakar bat aipatzearren, Samuel Beckett-en Molloy lan konplexua eman zenigun euskaraz, iaz Meettok argitaletxearen eskutik. Nola gogoratzen duzu esperientzia hura?

Ez nago ohituta testu luze-luzeekin lan egiten; horri gehitzen bazaio Becketten prosaren zenbait ezaugarri: ziurgabetasuna, hutsaltasun-itxura, akziorik eza… erraz uler daiteke niretzat basamortu-zeharkaldi txiki bat izana Molloy euskaratzea.

Gozamena ere izan zen, noski, bai testuala, eta bai bestelakoa: euskaraz inork gutxik espero zuen liburu bat itzultzen jardutea, alegia; azken batean, oso lan poetikoa.

Jean Echenoz, Francoise Sagan, Sergi Pamies… azken urteetan zein idazleren azalean sartzeak eman dizu ezusterik handiena?

Aipa nezake Julio Cortázar, edo Eduardo Galeano. Eta zentzu gehiagorekin esan nezake, hasieran ez bainuen ezagutzen, Jean Echenoz, eleberrigile aparta nire eta askoren ustez. Baina, zintzo jokatzeko, Vicent Andrés Estellés aipatu behar dut (Estellés euskaraz, Bostezo liburuak, 2013). Poeta valentziarraren antologian, testu argitaragabe ugari azaltzen da, gerra zibilari buruzkoak, erotiko-pornografikoak… Ustekabe eder galanta itzultzailearentzat… eta irakurlearentzat.

Bueltatu gaitezen Denbora bere lekura liburura. Tituluak berak intentzio argi bat adierazten du, kontrazalak zehaztua datorrena: “Nostalgiarik gabe, poeta atzera begira jarri da, aukera bakarra aurrera bidea dela jakinik”. Zer nolako harremana garatu duzu liburuan denborarekin?

Pinpirin jarriko banintz, esango nizuke: Antonio Machadok, bere garaiko filosofoen harira, poesia “Hitza Denboran” zela adierazi zuen. Eta T. S. Eliot-ek, bere lau koartetoen hasieran: “denbora presentea eta denbora pasatua, agian biak daude presente denbora futuroan”.

Esan nahi baita, poema bati azken puntua jartzen diogun unean berean, iragana izatera pasatzen da; baina, norbaitek poema hori irakurtzen duen aldiro, testua presente egiten da berriz. Zorterik onenarekin, horrek “betiko” funtziona lezake.

Baina beharbada ez da hori zure galderaren zentzua. Aurkezpenean esandakoa berrituko dizut: Iruditzen zait iraganak, denbora joanak, batzuetan gehiegizko pisua hartzen duela gure bizitzan, gure denbora presentean. Nik, behintzat, hala bizi izan dut: nerabezaro gatazkatsua, lehen gaztaro gorabeheratsua, traba astunegia gertatu zaizkit urte askoan. Nik nahi nukeena da oroitutakoari bere pisu doia ematea; bizi izandakoari, bizitzeko traba izaten ez uztea, iragandako denbora bere lekuan jartzea. Eta uste dut, liburu honetako poema batzuekin behintzat, bide horretan jarri naizela.

Liburuko poema batzuek badute memorien kutsua, haurtzaroko eta gaztaroko oroitzapenetara jotzen duzu, baina gerora memoria ariketak liburuan ez du jarraipenik, orainean kokatuagoa dago. Zein neurritan saiatu zara beraz iraganeko oroitzapenak poemetara ekartzen?

Bederatzi-hamar urtean idatzitako poemak izanik, gai, molde eta tankera askotarikoak dira, noski. Lehen bi ataletan, garbiago sumatzen da iragan (eta espazio) pertsonal bateko giroa. Baina, iraganarekiko kezka, adin jakin batera iritsi izanak justifikatzen du, eta gainerako ataletan ere badira kezka horren adierazle diren poemak: “Bizi luze”, “Deus gutxi”, “Argazki bilduma”, “Gaumina”.

Nolanahi ere den, nire poema liburuak beti dira tiradera anitzeko altzariak. Nekez idatz dezaket poemarik “gaia emanda”, ezta nik neuk jarrita ere; ezin, beraz, poema-liburu goitik behera “tematikorik” idatzi.

Bigarren atalean badira karga politikoa (“politika” hitzaren zentzurik zabalenean), eta agertzen diren efemeriderik zehatzenek (Madril, M-11 kasu) agian gertu egon arren urrun ikusten ditugu. Liburuen denbora ez da egunkariek daukaten bera, zein neurritan du zentzua efemeride zehatzei atxikitzea poema batean, urteak pasa direnean?

Euskal idazle garaikide baten idatzi batzuek behintzat “karga politikorik” ez badute, gutxi fida. Gehiegikeriarik ez, baina giroan etengabe arnasten duguna gure sor lanetara iritsiko ez balitz, irazgaiztasun –zentzu etimologikoan– izugarria erakutsiko genuke.

Egia da diozuna, gertakari puntualen aipamenak kalte egin diezaioke poemari, baina nire esperantza da, egoera hura bertatik bertara bizi genuenon sentipenak ispilatzeaz gain, horko “gure ametsen gerizan”, baina gure ametorik gabe, egindakoek eragiten duten ezintasun sentimendu horrek, elkarrizketa horrek, bere iraupena izatea. Alegia, irakurleak M-11n Madrilen zer gertatu ote zen ez dakienean ere (beti begiratu lezake, bestalde) artean ere balekoa izatea poema.

denbora bere lekuraGerardo Markuleta eta Jabier Muguruza Garoan egindako aurkezpenean.

Oso hunkigarria egin zait “Besteak beste” poema, zeinean, oker ez banago (Garoako errezitaldian eman zenuen azalpena), zure iloba batekin mintzo zaren zer den “beste” sentitzea, ezberdin. Ezezagun denarekiko dugun beldurra, adierazten diogun mesprezua. Haur batekin mintzo zara, baina egunero-urtero Europako mugetan gertatzen denari begiratzen badiogu, edo Europako mugen barruan –berton, Euskal Herrian- dagoen arrazakeriari begiratzen badiogu oso gaurkoa, erreala iruditzen zait poemak dioena. “Zu ezagutzea du/ bide bakarra/ zurekiko beldurra uxatzeko”. Etengabe errepikatu beharreko mezuak eta gogoetak dira horiek?

Zoritxarrez, hala da. Euskaldunok, nire ustez, oraindik guztiz konpondu gabe daukagu –geure buruari aitortu barik– 60ko hamarkadan Espainia aldetik etorritako familia ugariekin, oro har, zeinen gaizki jokatu genuen. Hurrengo “uholdearekin”, hegoamerikar eta magrebtarrekin, hobeto jokatzen ari garela sinetsi nahi dut. Eta oraingo honek, gerra iheslarien honek, prestatuago harrapatuko gaituela uste dut.

Horrelako mezuak beharrezkoak dira, baita poema eta kantuetan ere, horren aurkako mezuak libre eta zabal dabiltzalako, jendartean, hedabideetan eta politikari eskasen ahoetan. Heziketa falta da, benetako pertsonak ezagutzeko beharra.

Ausartuko naiz esatera: eman lezake euskaldunona bezalako herri txikiok zailtasun berezia daukagula auzi honetan; oso nekeza iruditzen zaigulako geure nortasun, ustez behintzat, mehatxatuari eustea, eta kanpotarra beso zabalik hartzea; eginbehar biok bateratzea. Baina ez da hala.

Eta bada ere poesia liburuetan klasikoa den azpigai bat ere: poesia bera, idazketa bera. “Zergatik egiten dizkizut zuri/neuretzako diren galderak?” galdetzen duzu poema batean. Hemen galdera bueltan: zergatik?

Euskadi irratian, poemako galdera guztiak egin zizkidaten, banan-banan. Pozten naiz zu bakar batekin konformatzea.

Galderak formulatzea da kontua; batzuetan errazago da norbere buruari egitea; beste batzuetan “inori”, hots, irakurleari botatzea; eta, sarritan, norbere buruaren erdibitzea den “zu” bati zuzentzea. Azken batean, ez dago alde handirik.

Baina berriz diot, garrantzitsuena isiltasuna haustea da, ezerezaren hutsa koloreztatzea, orri zuriari erliebea, bolumena, zer esana eranstea.

Haiku zaletasuna utzi duzu agerian, aurreko beste liburu batzuetan bezala, honetan ere. Posiblea da haikua idaztea Japoniatik kanpo? Alegia, haikuak dituen ezaugarri teknikoetatik haratago, eduki ohi duen lerro arteko karga posible da Japoniakoa ez den testuinguru batean?

Irakurle gisa bai, baina sortzaile modura, mendebaldean, nekeza da haikuaren espiritua harrapatzea, egia da; baina nekeza eta ezinezkoa ez dira gauza bera.

Gu, beharbada, zailtasun teknikoak liluratzen gaitu: 5/7/5, hau da, hamazazpi silabatan zer edo zer argitsua, distiratsua edo sakon antzekoa adieraztearekin konformatzen gara. Baina, batzuetan, zailtasun horren kortseak berak ezusteko emaitzetara eramaten gaitu, agian japonieraz onargarri liratekeen haikuren bat edo beste ere sortzera.

Badira egunerokotasunik xumeenari lotutako maitasun kantuak ere liburuan, azken atalean kasu. Non topatzen dituzu egun poema-gaiak?

Horra galderarik zailena. Poemak (edo poema-haziak) azaltzen zaizkit bizitzan, eta (oraingoz) besteren heriotzan. Irakurritako edo itzulitako poemetan. Entzundako esamolde harrigarri edo ezusteko batean. Abestietan, zineman, filmen bikoizketan, publizitatean. Giza portaera edo keinu jakin batzuetan. Naturaren gurpil beti ere liluragarrian. Pasadizoko edertasun eta itsustasunetan. Lo –ametsetan–, argi-loan, esna, eta batez ere bien bitartekoetan. Ohiko lekuetan eta toki ezezagunetan, bidaietan. Lagunartean, familian, familiako txakurrengan, balkoian. Etxetik kanpo, etxean, eta batez ere etxerako bidean.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.