Wagner absolbitzeko lau alegato

Konpositore alemanari buruzko saiakera-bilduma argitaratu dute

“Zergatik da oraindik baliagarria, estimulatzailea, indarrekoa Wagnerren lana eta Wagner afera artistiko-filosofiko-politiko gisa?” Galdera horri tiraka eta erantzun nahian prestatu du Hedoi Etxartek Wagner auziaz liburua. Jakin Irakurgaiak sailak kaleratu du, eta atzo aurkeztu zuten, Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Etxartek sarrera bat idatzi du Wagnerren figura garaikidea dela azpimarratuz, eta, ondoren, gaiari heltzen dioten lau autoreren testuak aukeratu ditu, bakoitzak beretik heldu ere: Robert Wangermeé, Catherine Clément, Slavoj Zizek eta Alain Badiou. Tresna gisa dakusa liburua Etxartek, eta autoreetako bakoitzaren ikuspegiak irakurle-mota bati dei egingo diolakoan dago.

81elKLl8zGL

Friedrich Nietzsche filosofoak eman zion kutsu juridikoa Wagnerren obrari buruzko ika-mikari. Wagnerren aurkako liburu bat idatzi, eta berak izendatu zuen hala, Wagner auzi; horregatik izan da gero afera epaiketa bat bezala tratatua. Horrek izan du alde onik, Etxarteren arabera, gaia serio eta zorrotz jorratu izan baita. Etxarte bera gogoz dago Wagnerren ekarpenaren garrantzia eta munta azpimarratzeko: bere ustez, Wagnerrek mahai gainean jarri zituen gaiek itzel balio digute gaur-gaurkorako. Adibidez, kultur politikak nolakoa izan behar duen eztabaidatzen ari bagara, eta eztabaida horri historikoki eman zaizkion erantzunak ezagutu nahi baditugu, ezinbestean jo behar dugu Wagnerren obrara; operak idatzi ez ezik, operari buruzko gogoetak egin zituelako, areago, opera politizatu zutelako, eta ordura arte emantzat hartzen ziren hainbat konbentzio zalantzan jarri zituelako.

“Jesusen eta Napoleonen ostean Richard Wagnerri (1813-1883) buruz idatzi da liburu gehien. Musikako titan baten aurrean gaude. Baina Wagner ez da konpositore bat gehiago Mendebaldeko musikan. Iraultza artistikoaren eta iraultza politikoaren arteko kate-begi birtuoso bat izan zen, gerora Maiakovski, Malevitx, Pound edota Brecht izango ziren mailatik haraindi. Wagnerrek musika jantziaren inguruko guztia problematizatu, aztertu eta politizatu zuen: artearen sozializazioa, eszenaratzea, antzokien barne antolaketa, antzeztearen errituak, konpositoreen arteko ika-mikak, burgesiak hegemonia zuen ikuskizun eredua, interpretazioa, akustika, libretoen zentzua, lanen iraupena. Baina, hala eta guztiz ere, bada zilegi den galdera bat Wagnerren gaur egungo pertinentziari buruz: zergatik da oraindik baliagarria, estimulatzailea, indarrekoa Wagnerren lana eta Wagner afera artistiko-filosofiko-politiko gisa?”

Xabier Eizagirre Jakineko kidearen aurkezpen-hitzak:

Hedoi Etxarteren aurkezpen-hitzak:


Esan bezala, hautatutako autore bakoitzak ertz batetik heltzen dio Wagnerren ekarpenari. Wagermeék musikologiaren eta soziologiaren aldetik abiatzen dut bere proposamena. XIX. mendean musikaren munduan gertatutako aldaketen analisia egiten du, nola burgesiak musika kontrolpean hartu zuenean hainbat aldaketa txertatu zituen, aurrez aristokraziaren sasoietan ez zeudenak: zuzendarien garrantzia, abeslarien figura… XIX. mendeaz diharduen arren, gaur eguneko musika-jaialdietan ikus daitezkeen joera batzuk ikusiko ditugu bertan, Etxarteren ustez. Chaterine Clémentek, aldiz, Wagnerren opera batzuetako libretoetako andre pertsonaiak aztertu ditu, genero-ikuspegiaren argitan. Ondorioztatu duenez, emakumeei jakintzaren papera ematen zaie, gizonei, aldiz, ekintzarena. Slavoj Zizekek sarritan hitz egiten du Wagnerri buruz, estimu handitan du konpositorea. Beti aipatzen du Wagnerren obra, bertako pertsonaiak eta gertaerak, ez hainbeste Wagnerrek egindako edo esandako hura edo bestea. Etxarteren ustez ulergarria da bien arteko lotura, gai berberak baitituzte kezka: maitasuna, heriotza eta merkantilizazioa. Azkenik, Badiou filosofiaren historiatik jorratzen du gaia, eta azaltzen du zergatik den Wagner gai filosofiko bat.

Hemendik aurrera eskuragai, beraz, gai agortezin bati tiraka egiten hasteko lau hari-mutur.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.