Hiru galdera baino askoz gehiago da Alison Bechdel

Komiki-artista estatubatuarraren nobela grafikoak hartu ditugu hizpide

Bechdel test delakoaren harira egin zitzaigun estreinakoz ezaguna Alison Bechdel ilustratzaile eta artista estatubatuarra. Hiru galderek osatzen dute test hori, eta film/antzezlan/enparau bat zenbateraino den genero-parekidea neurtzeko balio du. Galdera erraxak dira; aitzitik, film gutxik gainditzen dute testa: bi emakume edo gehiago agertzen dira obran? Emakume horiek beren artean hitz egiten dute? Beren artean hitz egiten dutenean, gizon bat ez den zerbaitetaz aritzen dira? Testaren jatorrian Alison Bechdel komiki-zintak daude, eta horren berri eman nahi dizuegu amu honetan.

out100_2012_AlisonBechdel

Hiru mugarri nagusi daude Alison Bechdelen komikigile-jardunean:

Dykes to Watch Out For

Unibertsitate-ikasketak amaitu berritan, artean idazle gisa jardun ala akademian jarraitu zer egin ez zekiela, bizitzan hainbat gauza gertatzen diren moduan kasualitate antzean ekin zion Alison Bechdelek gerora sona eta marrazkilari profesional gisa aritzeko aukera ekarriko zion bildumaren lehen aleari; kasualitate antzean, edo, gutxienez, espektatiba serioegirik gabe. Dykes to Watch Out For (Aintzat hartu beharreko bollerak) izendatu zuen lehen zinta hura. Bechdel lesbiana da, eta amorratuta zegoen pop kulturan, zineman, komikigintzan ez zelako LGTB jenderik agertzen, ez behintzat bizitza arruntak egiten. Lesbiana, gay eta transexualak beti azaltzen ziren tragedia baten erdian eta sekulako klixe bilakatuta. Halaxe, norberak egiteko leloari jarraitu eta bere eta bere adiskideen bizitzak islatzen zituzten tirak marrazten hasi zen. Pertsonaia gogoangarriak sortu zituen (Mo, Lo…) eta, beren arteko harremanen tira-birak aipatzeaz gain, garaian garaiko testuinguru politikoa eta gertaerak azpimarragarriak ekarri zituen zintaz zinta, 1983tik 2008ra.

Erreferentziazko lan dira honezkero DTWOF hauexek, eta hainbat bildumatan batu dira. Hain zuzen, The Essential Dykes to Watch Out For, bildumarik berri eta osoenari buruzko iruzkina idatzi du uda honetan bertan Iban Zalduak bere blogean.

09-06

Fun Home

2006an argitaratu zuen Bechdelek Fun Home: A Family Tragicomic (Etxe dibertigarria: tragikomedia familiar bat) eleberri grafikoa. Aurreko komiki-zintetan helduaroa eta lesbiana gisa “aske” bizitako garaiak hartu zituen hizpide; oraingo honetan, ordea, haurtzaroa eta gurasoei lesbiana zela esan zien bitarteko garaiez mintzo zaigu artista. Hain justu, bere familiaren historiarekin tragikomikoki lotuta dago homosexualtasuna: Bechdelek 20 urte inguru zituela jakin zuen aita gay-a zela, armairuan giltzapetua. Bechdel oso gazte zela hil zitzaion aita, modu zertxobait susmagarrian, eta beren harremanari eta armairuaren hezur-mamitzen agerikoena zen etxe eta familiari buruzko gogoeta ontzen du autoreak eleberrian. Hausnarketa zintzoa eta sarritan hunkigarria da; azken batean, aita zenarekin adiskidetzeko saiakera eder bat.

Orain gutxi musikal bilakatu da Fun Home, eta sekulako arrakasta bildu du Broadwayn. Besteak beste, musikal onenari saria eman diote urte honetan bertan. Bestelako ika-mikarik ere sortu du eleberriak; izan ere, Duke unibertsitateko ikasle batzuek uko egin diote liburua irakurtzeari, grafikoegia zela arguditatuta (hala sexualki nola irudi-gehiegi-edukitzearen zentzuan).

FunHome-580

Are you my mother?

Aitarekiko harremanari heldu ostean, amarekikoa xehe-xehe aztertzeari ekin zion Bechdelek. 2012an argitaratu zuen Are you my mother? (Nire ama al zara?). Hainbat autoreren lanekin uztartzen du gogoeta pertsonal hau, tartean D.W. Winnicott psikonalistaren haurtzaroari buruzko teoriekin eta Virginia Woolfek bere egunerokoetan idatzitako hausnarketekin. Aurreko eleberriaren kasuan ez bezala, Bechdelen ama artean bizirik dago, eta obraren beste gaietako bat horixe bera da, nola hartzen duena amak eleberri-proiektua, eta nola Bechdelen artista bizitzak ispilu egiten dion bere aktore-bizitza frustratuaren aurka.

bechdel-illo_2229406b

Bechdel izena gogoan hartzeoa da, beraz, ez soilik zinematik atera berritan.

This entry was posted in Albisteak, Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.