Kolonialismoaren zauri-erroak, Mariama Bâ

Mariama Bâ-ren Hain gutun luzea bide, begirada luzatu diogu euskaraz datorkigun afrikar literaturari.

Mariama_Ba__public_domain_

Afrika Beltzaz ari garenean, Senegalez kasu, zailtasunak izan ohi dira euskarari munduko hizkuntza kolonial nagusiak ez direnenetan idatzitako lanak topatzeko. Hango ahotsak etorri datozenean, hizkuntza horietako bat bitartekari izan ohi da gehienetan. Frantsesa, Mariama Bâren kasuan, nahiz eta tarteka wolof-eko hitz batzuk jasotzeko ahalegina egin. Horren harira, Susa aldizkariak 1986ko uztailean Afrika Beltzari eskainitako ale hura etorri zaigu gogora. Aspaldikoa eta garaikidea, ezin modu kezkagarriagoan. Honako lerro hauek paratu zituzten sarrerak Susakoek:

«Beltz literatura»ren iturrietan barrena abiatuz gero, Euskal Herriarekin eta euskararekin, eta orohar euskal kulturarekin gertatu denarekin antz handia duten fenomenoak ikusi ditugu: aho-literaturaren garrantzia, bertako hizkuntza aberatsen galtzea, hizkuntza arrotzen (frantsesa eta inglesa batez ere) ezarpena, alfabetatze ezaren kaltea, etabar luzea.

Baina, zer da «beltz-literatura»? Ezin esan daiteke Afrikako literatura denik, Afrika beltza Afrika osoaren zati bat baino ez bait da. Bestalde, Afrikan bizi ez diren beltzak daude. Batzu mendebaldeko hirietan kokaturik, bestetzu Antilletako irletan, esklabuen ondorengoak. Iparrameriketako beltzak ere hor daude. Francofonia eta anglofonia hor daude. Eta, konturatu gara, gehien ezagutua den beltzek sortutako literatura bi hizkuntza horietan sortua izan dela. Eta, halarik ere, hor daude bertako hizkuntza, hizkuntza autoktonoak. Asko eta asko ukatuak, eta besteak ez aski garatuak”.

Eta hala ere, bitartekariei esker ezagutu dugu hainbat idazle eta sentipen, egun bizirik dauden zauriak, kontraesanak, kolonismo bortitzen erroak:

“Zaurien odolbilduak orban ilun eta okaztagarriak utzi ditu lurrean. Haiek garbitzean, gizakion identitateaz egiten dinat hausnar: odol gorri berbera atal berberak odoleztatzen. Leku jakinean kokatutako atal horiek zeregin berberak betetzen ditizten.

Sendagai berberek gaitz berberak osatzen ditizten zerupe guztian, dela beltza dela zuria laguna: denak bat egiten baikaitu gizaki izaerak. Horrela, giza biziaren sarraskiari begiratzen badiogu, zer dela-eta hiltzen dute elkar gizakiek arrazoi zirtzilengatik sortutako borroka gaiztoetan? Hala ere, izaki paregabetzat din bere burua gizakiak. Zertarako balio dio adimenak? Adimenak berdin sortzen din ederra eta gaiztoa, sarriago gaiztoa ona baino”. Mariama Bâ, Hain gutun luzea.

gutun_luzea_azala_02

Liburuak dakarren hitzostean Josune Muñoz adituak Afrika beltzaz dugun ezezagutza sakona, izan du, besteak beste, mintzagai:

“Euskarazko literaturara Afrikako testua ekartzeko ahalegin gutxi egin da. Ziur asko, auzoliteraturaren joerek bultzaturik. Batetik, Frantziako Estatuan ez da itzulpen behar dori hedatu, bartik bat literatura afrikar frankofonoa argitaratzearen alde egin delako. Bestetik, Espainiako estatuan Afrikako literatura argitaratzeko ahaleginak egon badira ere, oso gutxitan egomn da hango literatura bide komertzialetan sartzeko benetako saiorik, asmorik edo apusturik. Argitaletxe komertzial handien katalogoetara begiratu besterik ez dugu horretaz ohartzeko. Testuinguru horretan, orain arte, Afrikako literatura euskaraz irakurtzeko aukera eskasa izan da oso. Ipuin ugari, egia da; baina eleberri gutxitxo. Afrikako ipuingintza munduko aberats eta erakargarrienetarikoa izan arren, genero literario horri begiratzeak Afrikako literaturaren irudi jakin bat sortu du: hain zuzen ere, haur imajinariora hurbiltzen dena”.

Mariama Bâren obra eta pentsamendua kokatzeko aukera eman digu testu honek: “Ohiko tradizioaren eta modernitatearen arteko talka aztertzeaz gain, ikuspuntu eta sentsibilitate feminista afrikarra jorratu zuen”. Hasieran aipatu dugun moduan, frantsesez idatzia dago liburua, kolonialismoaren eragin sakonaren adierazle: “Eleberria frantsesez idatzita egon arren, literatura postkolonial guztietan gertatzen den bezala, herri-hizkuntzen aztarnak topatuko ditugu narrazio osoan zehar, jendarte horien aberastasun eta konplexutasuna gogoraraziz”.

Hitzoste honi zor diogu ere euskaraz oraindik ezezagun zaizkigun beste izen batzuk ere nabarmendu izana, Ken Bugul, Fatou Diome, adibidez. Ezagutzen hasteko bide.

 

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.