Gertrude Steinen Amerika

Gertude Stein eta The Making of Americans liburuan Amerika azaltzeko bere modua izan ditugu hizpide amu honetan.

Gertrude_Stein_1935-01-04_1050x700

Duela gutxi Amerikari buruzko amu bat eskaini genizuen, Maiakovskiren begiradapean. Maiakovskik Kuba eta Mexiko izan zituen hizpide liburu hartan, baina batez ere Amerikako Estatu Batuak. Poetaren beraren esanetan, “Amerika” hitza okupatu egin zuen herrialdea. Maiakovskik distantziatik, kapitalismoaren urakan-begia ezagutu gabe idatzi zituen hari buruzko hainbat poema. Esperientzia propioen bidetik baieztatu nahi izan zuen lehenago hizkera poetikoz esaten ausartu zena.

Bestelako begirada bat eskainiko dizuegu gaur, kasik kontrako norabidean egindakoa. Gertrude Stein Allegheny-n (Pennsylvania) jaio zen 1874an, baina 1903an Parisera joan zen, eta han bizi zela sortu zuen bere obra gehiena. Lan horien artean dago 1911an idatzi eta 1925ean argitaratutako The Making of Americans, amu honetan aipagarri duguna. Stein Parisen hil zen, 1946an.

The Making of Americans lanak bere idatzizko obrako ardatz asko barnebiltzen ditu. Batetik poesian erakutsitako esperimentaziorako joera, eta bestetik bere autobiografiako materialak erabiltzekoa. The Making of Americans lanak bere familiaren historia soziokultural bat da, mende hasierako Amerikako Estatu Batuetako gizartearen erradiografia ere badena halaber.

Steinen poesiatik “A rose is a rose is a rose” bertso lerroa aipatzen da sarri bere poetika ondo laburtzen duen aipua moduan (1913ko “Sacred Emily” poeman erabili zuen estreinako aldiz, Rose is a rose is a rose is a rose” idatzita). Esaldi horrek adierazten duen estiloa muturrera eramaten du Steinek The Making of Americans lanean, kasu honetan narratibarekin uztartua. Errepikapena da liburu honek estetikoki duen ardatz nagusia, errepikapena bera aldarrikatzen da zenbait pasarteetan, pertsonen izaera sakonenera iristeko baliabide bat bezala. Errepikapena Steinen lanean ez da errepikapen hutsa: zirkuluak eginez doa aurrera. Errepikatzen dira ideiak, errepikatzen dira izenak, errepikatzen dira esaldi osoak, baina gehienetan bariazioak ezarriz, hitzen bat aldatuz, ideiak oharkabean kateatuz.

“Ikastea, pentsatzea eta bizitzea, existentzia baten hasieran, originaltasun gutxi duten gauzak dira. (…) Errepikapena entzuten dudan heinean gero eta entzungarriagoa suertatzen zait inoiz bizi izan zen, bizi den edo biziko den pertsona ororen oinarrizko izaeraren mailu hotsa. (…) Batzuetan errepikapena entzutea narritagarri, nekagarri suertatzen da, baina errepikapena aldiro entzuteak pertsonak hobeto ulertzen laguntzen dit. Horrelakoetan, pertsona bakoitzak bere horretan batasun bat osatzen du”.

Testuan idazlearen agerpena da beste ezaugarri bat lan honetan. Liburua idazketa ariketa bat da, jolas bat, baina pertsonen eta hauen historiaren hondora iristera bideratua. Horregatik, tarteka idazlea bera azaltzen da lerro artera, irakurleari zuzentzen zaio, jarraian egingo duena aipatzen dio, testuataz oharrak egiten dizkio, pazientzia eskatzen dio…

Testua sortzeko materialak bere autobiografiatik atera zituen Steinek, nobelarako bidean. Joera hori ere bere obraren ardatz bilakatuko zen honen ostean argitaratutako hainbat lanetan: 1933ko The Autobiography of Alice B. Toklas (“Alice B. Toklasen autobiografia”) eta 1940ko Paris. France, adibidez.

Steinen obrako ezaugarri horiek egungo sorkuntza joera garaikideetan sarri erabiltzen diren elementuak dira, baina bere garaian ez zen horrela, eta horrek urduri jarri zituen literatur kritikagintzako eliteak. Steinek segur aski asko zor zion garai hartan artean sortutako “-ismoei” (surrealismoari, kubismoari), eta Parisen pintore ugarirekin edukitako harreman estuari. Gerora Amerikako Estatu Batuetako sortzaile askorengan eragin handia izan duen egilea izan da Stein, batez ere hil ostean XX. mendeko bigarren erdian sortutako joera berritzaileetan: literaturan Beat belaunaldia, antzerkigintzan The Living Theatre edo Robert Wilson bezalako sortzaileen ibilbideetan.

Steinek honakoa esan zuen liburuaren hasieran: “beharrezkoa zaigu gure gurasoak presente edukitzea, gure aiton-amonak, geure burua ezagutu gure historia osatu ahal izateko”. Horretan saiatu zen liburu honetan, baina hitzei eta ideiei plastikotasun basati bat emanez.

Stein 1934 eta 35 urteen artean bueltatu zen Amerikako Estatu Batuetara, hitzaldi bira bat egitera, eta harriduraz jaso omen zuen bere bisitak edukitako oihartzuna. Garai hartako komunikabideetan aipatu zen, “urtetan beste idazlerik ez da izan hain modu orokorrean eztabaidatua, karikaturizatua eta sutsuki defendatua”. Segur aski, gaur egun ez zen oso ezberdina izango, hemen, han edo Frantzian.

Amu honen uberan:

Gertrude Stein: arrosak biderkatzeko moduak

This entry was posted in Amuak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.