Karmele Jaiori elkarrizketa

“Barruak poesiari heltzea eskatzen zidan”

Ez naiz ni (Elkar, 2012) ipuin liburua plazaratu ondoren etorri zitzaion Karmele Jaiori poesia idazteko bulkada. Horren emaitza da Orain hilak ditugu (Elkar, 2015) poesia liburua. Generoz aldatu badu ere, poema hauetan badira bere aurreko idatzietan agertzen diren konstanteak. “Idaztera jartzen naizenean, ateratzen denari egiten diot kasu. Asmatzen hasi aurretik, zer esan nahi dudan entzuten saiatzen naiz. Hori da nire idazteko modua”, hala adierazi digu telefono bidez eskaini digun elkarrizketan. “Eta lan denetan ni idazle berbera naiz. Narrazioetan edo poemetan, ni berbera naiz. Garaian garaiko kontuak agertzen dira, baina konstanteak hor daude”.

Karmele01

Karmele02

Karmele03

Karmele04

Poema liburu batekin zator. Idazketa-lanak beste intentzio bat, beste begirada bat eskatu al dizu?

Koatikoa den mundu hau ulertu nahiak balio du idazketa ororako. Poesiarako, narraziorako… Maiz galdetzen didate zergatik idazten dudan. Eta horregatik idazten dudala uste dut. Ulertzen ez duzun bizitza bat bizitzen ari zara. Sentitzen duzun hori ordenatu nahi duzu, zentzu bat aurkitu nahi diozu, eta idazten jartzearena hortik dator akaso: idaztean gauza batzuk aukeratu egiten dituzu, ez denak, eta nahitaez orden bat ematen diozu. Zure buruari zuzendua, eta kanpora zuzendua. Baina orden bat ematen diozu. Kasu honetan, forma hau eskatu dit, modu honetara egitea eskatu dit.

Idaztearena badator behar horretatik, eta behar horrek bultzatzen zaitu handik edo hemendik joatea. Ez naiz ni (Elkar, 2012) ipuin liburua bukatu nuenean, beste gauza bat nuen buruan. Luzea zen gauza batekin hasia nintzen. Baina barruak poesiari heltzea eskatzen zidan. Eta idazteko beste modu bat eskatu dit, diferentea.

Liburuetan aipuak oso adierazgarriak izan ohi dira. Lehen ataleko aipuak hala dio: “Nolatan igaro da hain azkar denbora nire albotik…”(Ryszard Kapuscinski). Denboraren iragateaz mintzo dira lehen poemak, eta iragate horren aurreko etsipenaz.

Badago atzera begirako bat, eta badago denboraren iragatearen inguruko kezka. Heriotza ere agertzen da, baina batez ere garai bat islatzeko.

Adin-tarte bat islatzeko.

Hori da. Denboraren iragateari buruzko hausnarketak dira, baina barne-begirada bat islatzen da poema horietan.

Lehen zatia aurkezpen modukoa ere bada: nor ari den hizketan, zein ahuldade dituen, zer nolako putzuetan dabilen…

Lehen atalarekin jarraituz: tokiz kanpo, ez-lekuan, deseroso sumatzen dugu poeta.

Ez naiz ni (Elkar, 2012) ipuin liburuan ere bada antzeko airea duen narraziorik. Eta pertsonaiek barrura egiten dute ihesaldi hori. Ez ulertzearen ondorio izan daiteke. Bizitza honetan dena ‘kutxatiletan’dago ordenatua, eta ez bazaude horrelako ‘kutxatila’ batean sartuta, ba galduta zaude. Eta zailtasunak agertzen dira.

Ahuldadeaz hitz egiten denean, zergatik ezin da ahuldade hori erakutsi, zergatik erakutsi behar duzu indartsu zarela ahula zarenean? Kontradikzio horiek guztiak nik ere ez ditut arrazionalki ulertzen askotan, baina akaso horregatik agertzen dira poemetan.

Aipu honek zabaltzen du bigarren atala: “Buztinezko emakumea, buztinezko emakumea naiz, baina maitasuna loratu da nire altzoan” (Angela Figueira Aymerich). Desioz idatzitako poemak daude batetik. Idorte emozional baten lekuko ere izan daitezke beste batzuk. Liburuko pasarte intimoena jasotzen du akaso Ez dabil haizerik izeneko atal honek.

Ez dakit liburuko zati intimoena hau ote den. Desioarekin zerikusia duten bi egoera kontrajarri agertzen dira. Desioaren agortze bat edo erakarmen ahalmenaren sikatzea azaltzen dut, batetik. Eta desioa berpizten den momentu hori, bestetik. Bi une ezberdin horiek azalerazi nahi nituen. Bi argazki horiek kontrastean ipini.

Liburuak bide bat egin nahiko luke, eta atal horretan hori egin nahi izan dut: lehortetik abiatu eta ekaineko argian piztu. Bapatean, desioa pizten da berriro.

Igartzen da bilakaera bat liburu honetan. Etsipen ukitua duten poemekin hasten da (Orain hilak ditugu, Ez nekien). Liburuaren tonoa ere hori da. Baina argi izpi bat sumatzen da liburuaren amaierako bi poemetan (Egunsentia, Basalorea).

Azken atalean heriotza agertzen da berriro, eta ez nuen heriotzari argazki bat eginez amaitu nahi. Azken bi poema horiek argi pixka bat ekarri nahi dute iluntasun horretara. Heriotzaren gainetik bizitzaren indar infinito hori dagoela islatu nahi nuen.

Ez dakit zirkulu hori ixten den edo ez, baina zirkulu baten itxura eman nahi nion liburuari. Heriotzaren hoztasun hori azaldu nahi nuen –heriotz fisikoa agertzen da poema batzuetan–, baina bizitzari begiratzeko abiapuntu gisa. Zein ona den heriotza  fisikoki sentitzea eta zein ona den barneratuta edukitzea, heriotzaren ingurukoa hobeto bizitzeko. Hori da azken atalean agertzen den ideia nagusia.

Dekoratuak atala zabaltzeko, Amaia Lasaren hitz hauek batu dituzu: “Nereak ez diren lurralde hauetatik ihes egin nahi nuke”. Bestelako kezkak nabarmentzen dira liburuaren hirugarren zatian. Hizkuntzaz, idazketaz, tratu txarrez… mintzo dira poemak. Beste intentzio bat sumatzen da.

Sozialagoak dira akaso. Atal honetan kanpora begira nago, bizi naizen munduari so. Barnera begira nago liburu hasieran, baina kanpora ere zabaldu nahi nuen begirada. Perla poema, esate baterako, oso gauza intimoa kontatuz abiatzen da baina gai sozial bat ukituz amaitzen da. Uztartuak daude bizitza pertsonala eta kanpokoa. Dena dela bat, azken batean.


“Lan denetan idazle berbera naiz

Narrazioetan, nobeletan, prentsa-idatzietan, poemetan… Konstante batzuk errepikatzen dira zure idatzietan. Barne obsesioak edo. Alegia, aurreko liburuetako sokatik datorrela poema liburu hau.

Bai, nik ere horrela ulertzen dut. Zentzu guztietan gainera. Inkomunikazioa, komunikatzeko zailtasuna.. Orain hilak ditugu poema liburuan ere badaude beste liburuetan agertu izan diren kezkak. Egia da. Idaztera jartzen naizenean, ateratzen denari egiten diot kasu. Asmatzen hasi aurretik, zer esan nahi dudan entzuten saiatzen naiz. Hori da nire idazteko modua. Eta lan denetan ni idazle berbera naiz. Narrazioetan edo poemetan, ni berbera naiz. Garaian garaiko kontuak agertzen dira, baina konstanteak hor daude.

Poemetan bezala, nobeletako pertsonaietan ere beti dago idazlearen zerbait.

Denetan. Pertsonaietan mozorrotuago, poesian akaso ageriago. Baina hor dago. Ez bazaude zure begirada eskaintzen, zaila da gero idatzi duzun hori ulerterazten.

Prentsaurrekoan, antzekorik adierazi zenuen. Bi joera daudela: etxeko egongela erakustea edo ganbara erakustea. Eta honakoan, ganbarari begira jarri zarela.

Bisitari bat datorrenean, etxeko egongelara eraman ohi dugu. Han dena daukat prest. Nik nire buruaz eman nahi dudan irudia da egongela. Agerian izango dira oso interesgarriak diren liburuak, oso cool diren diskoak…

Ganbarara jaistea edo igotzea izan daiteke beste joera bat. Hasteko ez dakizu zer dagoen ganbaran. Gauza batzuk ezkutatuta dituzu, beste batzuekin ez dakizu zer egin… Nik gustuko ditut ganbarak erakusten dituzten lanak. Hor gehiago identifikatzen zara idazlearekin. Bere ahuldadeak, bere hutsuneak zureak ere badirelako. Azkenean oso antzekoak gara denok.

Izarak, putzuak, kafea… Irudi horiek maiz agertzen dira poema hauetan. Putzuarena bereziki.

Gauza batzuk agertzen dira zuk jakin gabe oso ondo zergatik agertzen diren. Baina agertzen den guztiak du bere arrazoia. Aurreko idatzietan ageri diren soinuak edota usainak ere agertzen dira hemen.

Izara zuri batzuk eskegita ikustea, esate baterako, oso iradokitzailea egiten zait. Izaren mugimendu hori…

Putzua, aldiz, barnean senti dezakezun ahuldadearen irudia izan daiteke. Edo tristeziarena. Bere kontestuan, irudi bakoitzak esanahi ezberdina izango du.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.