Azken hondoko tabernan

Belarri jeloskorrek bakarrik ez, gurean sarri kolaboratzen duen Joseba Barrenetxea argazkilariak ere jarri nahi izan du Koldo Izagirre poetaren ahotsa beste melodia batzuen gainean dantzan. Hainbat konposizio bidali dizkigu, tartean, liburu bereko Azken hondoko tabernan.


Azken hondoko tabernan edaten dut
Azken ondokoak garela dakienaren soseguz
Suntsituen hezurrak berbatzen diren artean
Inperioaren aurka poesia baliatu behar dugula uste duten
Nire antzeko inozoak bilatzen ditut
Joanean datorren amorante ukatua naiz
Saritzat emandako maitasuna ez da maitasuna
Ardo amniotiko batean ostrokatu nahi ez dudalako
Poesia gure borroka bera denik uste ez duten
Nire antzeko inozoak bilatzen ditut
Preso makilatuak zuhaitza salatzen duen bezala
Erakusten du zauriak geziaren gramatika
Baina sakrifizioak ez du Jainkoa frogatzen
Martiri batzuk beren fedea baino ederragoak direla uste duten Nire antzeko inozoak bilatzen ditut
Autokritika eskatzen dut ez oinazearen mistika
Ahularen kemenak urrikia sor badezake ere
Jokamolde duin baten ordain datza erdi bi egina bou zaharra Munduak gu ez maitatzeko eskubidea duela uste duten
Nire antzeko inozoak bilatzen ditut
Hezurrari grina erantsi nahi dion inozoa naiz
Akelarrea antolatuko nuke Gernika erraustu berrian
Euskaldunek hondoratu duten euskalduna naiz
Sasiko amoranteen hilerri honek beste alderik ez duela uste duten Nire antzeko inozoak bilatzen ditut
Ez iezadazue galde nola iritsi nintzen hona
Haginka utzi ninduten liburuek haragirik gabe
Odolaz idatzi behar nuen azken esaldi hura asmatu baino lehen Geure buruaz besterik ezin dugula uste duten
Nire antzeko inozoak bilatzen ditut
Nire antzeko inozoak bilatzen ditut
Azken ondotik lehentasun berri bat sortuta
Uhin egin ahal izateko errealitatera
Poesiak bakarrik salba dezake Berlin
Berlinek bakarrik salba nazake ni

This entry was posted in ai-Poema musikatuak, Aingura hegodunak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>