Maiatzeko loreak neguan

Kalean da 51. Maiatz aldizkaria, ohiko moduan paperean jasotako testu ugarirekin: olerkiak, ipuinak, gogoetak, kronikak, literaturari buruzko albiste laburrak, liburuei buruzko iruzkinak… eta oraingo honetan, baita pastorala ere.

Honela eman digute ongi etorria irakurleoi, aitzin solasean:

”Maiatz berri bat zure eskuetan, beti bezain ezberdin eta aberats eta pozten gaituena. Eskerrak parte hartu duten hainbat lagunei eta idazle guziei kalitatezko aldizkari bat eskaintzen ahal dugulakoan berriz.

Karmeleren heriotzak uda astindu zuen eta harenganako esker onak piztu. Denborarekin mugaz bi aldeetako lanak gehitzen dira eta hor ditugu ere xiberotarrezko testu batzu. Euskararen adar ezberdinak biltzea atsegin haundi zaigu. Lehen urratsak edo bide berrien zilatzeko literatur aldizkari bat lagungarri da.

Honen hedapenaren indartzeko denen laguntza behar dugu, bakoitzak gure inguruan zerbait eginez gure bizia segurtatzen ahal dugu garai lainotsu hauetan. Laster hogeita hamar urte kunplituko ditugu, urrats berrien egiteko aitzakia ona izanen dugu. Heldu den maiatzean literatura berri eta gaztearen inguruan gogoetak bildu nahi genituzke.

Ongi etorri eta irakurketa on.”

Hauexek dira ale berri honetan parte hartu duten idazleak: Leire Zubeldia, Auxtin Zamora, Ramuntxo Partarrieu, Luixa Giltzu, Amaia Iturbide, Etxahun Aurkenerena, Koldo Amestoy, Itxaro Borda, Jseba Aurkenerena, Jakes Sarraillet, Juankar Lopez Mugartza, Joxeba Feliz Tobar-Arbulu, Eric Dicharry, Mailuix Legorburu, Eñaut Etxamendi, Lucien Etxezaharreta, Juan Ramon Makuso, Mixel Etxekopar eta Miren Agur Meabe. Testuekin batera, Blandine Conturie eta Yvana Duchene-ren marrazkiak jaso dituzte.

Amu modura, Luixa Geltzu-ren testu bat ekarri dizuegu:

ETXE HAREK

Etxe harek bere baitan du
Irudi frangoren zama,
han bizi ziren nere arbaso
han sortu zen nire ama,
amaren ama, bere izeba
deitzen zutena mariana,
haien irriñoei egun zor diet
nire muñaren izana.

Larrazkeneko mahats biltze alai
Arto jorra, onddo larre,
Amezti aldeko azkonen zilo
axerien otar erre,
Gerezi beltzak non nahi dilingo
Ekain iduzkien urre,
Belar idorren usain sarkorra
Izerdien ilunaurre.

Supazter xokoan negu hotzean
Nire aitatxi mintzo gerlaz,
Lehengo haurrek eguberritan
Opari ukan liranjaz,
zahar xumeen kulunka hartan
zuhurrezia dut ikas,
orai banabil etxe hura hustu
ta hango irudiz aberats.

Oroimenean oino dakusat
Berezia zen ordulari,
eta aitatxi kontzientziarekin
pisuen altxatzen ari,
oren berria ez zuen onartzen
lotzen zen oren zaharrari,
eta ondoan ni so nindagon
ohar gabe zergatiari.

Nire etxean gerizan daukat
hango armairu zaharra,
gerezi zaina leunduz sendi diot
ezko zaharren zirrara,
egun hezetan ateak hestean
kirrinka bat badu hara,
Alemaniako gerla denboran
amatxik ixur nigarra.

Maiatzek Durangon izan da aurten kaleratutako liburuak aurkezten, hauexek:

Eñaut Etxamendi: Idazlanen bilduma 3.
Pantzo Hirigarai: Poto.
Gita Maliasz: Aingeruekin solasean (Itzulpena: G. Oyharzabal).
Escrivans. Idazle. : talde lana, elebiduna euskara-okzitaniera.
Jean Bordato: Kide.
Amaia Lasa Alegria: Itsasoko izaki (Lurdes Muñoz Otaegiren apaindurak, Jose Luis Padronen hitzaurrea).

Liburuen edo aldizkariaren berri zehatzago izateko, hona jo dezakezue: maiatz@hotmail.fr

Maiatz-en eskaintzatan murgiltzeko azken amua, Amaia Lasaren liburuko lehen poema:

JAUNGOIKO GUZTIAK UKATZEN DITUEN
emakume bat naiz.

Atzo
zeruko jaungoikoa ukatzen nuen,
gero
infernukoa eta
gaur
lurreko jaungoikoa ukatzen dut.

Dotrina guztien aurka altxatzen naiz.

Atzo,
zeruko pekataria nintzen,
gero
infernukoa eta
gaur
lurreko pekataria naiz.

Hutsunean igeri dabilen emakume bat izaten
naiz.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

You may use these HTML tags and attributes: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>