Oholtzan da Koñots Ulia

5′inahalak antzerki-taldeak sortu du, Uxue Alberdiren ipuin bat oinarri

Irailaren 4an egin zuten estreinaldia, Izpuran, eta gaur berriro emango dute, Urdiñarben, iluntzeko 21etan. Horrelaxe aurkeztu dute beren burua 5′inahala taldeko kideek: “Iragan urtean, Sapere aude eman genuen, Kubako ugarteak inspiratu mundu urruti edo kasik onirikoan murgilduz. Bigarren lan honek berriz, Euskal Herriko baserri batera eramaten gaitu, Uxue Alberdiren Euli giro (Susa, 2013) liburuaren “Dena ez dago gure esku” ipuina du oinarri. Lau jokalari agertzen dira taula gainean, Antton Lukuren Garaziko lizeoko antzerki tailerretik pasatuak edo Sapere aude-n arituak. Testua apirilean eskuratu eta uztailean hasi dira antzerki berriaren muntaketan. Talde gazteak antzerkia Euskal Herrian zehar aurkeztea du helburu”.

11952677_751355144974474_4243197871988785835_o

Amaiur Epher taula zuzendariarekin hitz egin dugu antzezlanaren nondik norakoak xehe-xehe ezagutzeko.

Irailaren 4an egin zenuten estreinaldia, Izpuran. Zer moduz joan zen? Pozik zaudete? 

Lehen emanaldia aski berezia izan da. Lau jokalari baizik ez dira agertzen taula gainean eta horrek suposatzen du kargu handia dutela. Usaian taldea handia delarik, aktoreak erosoago senditzen dira, taldeak jokalaria babesten duelako. Baina aurten, taldea ttipitu dugu eta bortitz kausitu dugu lehen emanaldia. Ez niz taula gainean ari, baina lana zuzendu dut eta emanaldi egunean, bat-batean, arras taulatik kanpo gertatu niz. Ondorioz, zainetan nintzen emanaldi osoan.

Hala ere, ikusgarri pollita eskaini diogu publikoari eta uli giro berezia transmititu.

Geroztik Gabadin eman dugu Irailaren 11an, hobeki atera zaigu afera, lasaikiago eman baitugu baina beti bada lan gauzen hobetzeko. Epe laburrean prestatu dugunez (hilabete eta erdiz muntatu dugu antzerkia), onduz joanen da ikusgarria.  Urdiñarben emanen dugu gaur arratseko 9etan.

Literatur lan batetik ideia hartu, eta gero, aske, antzezlan bat sortu. Zer-nolako prozesua da hori? “Hutsetik” hasi baino, lagungarria al da helduleku literarioa? 

Narrazioak aski berriki irakurtzen ditut, beste gisan nobelazalea niz. Uxue Alberdiren Euli giro ireki dutanean, segidan gogora jin zaut Amaren anekdota zahar bat (“koñots ulia” anekdota antzerkian kondatua da). Bildumak eskaintzen dituen giro ezberdinei kasu eman diet, baina ipuin bat egokitzekotan, lehena -Dena ez dago gure esku- egingarriena zitzaidan.

Ipuin horrek proposatzen du kuadro finko bat. Hala ere, uliaren metafora arras malgua da eta aski erreski alde guzitara itzuli eta errekuperatzen/birziklatzen ahal nuen. Bikotearen ibilbidea hartu dut oinarri gisa eta pertsonai berri batzu gehitu. Horren bitartez, istoria zabalduz bikotea azkartu dut. Gainera, Amaren anekdota zaharrak integratzea lortu dut, eta hauek antzerkiarekin bat egiten dute, ez dira batere pretextu edo gehiegikeria gisa agertzen.

Taldean denak langile gazte ala ixtudiante gira. Amaturrak izanki eta urtean zehar taldearen erdia Euskal Herritik kanpo bizi denez, uda dugu biltzeko aukera bakarra. Epe laburrean prestatu zerbait proposatzen dugu beraz, eta literatura lan batetik abiatzea oso praktikoa da. Paradoxalki (gazteak baigira diot hori), denbora gure kontra dugu eta hortan zitzaidan lagungarria oinarri bat ukaitea.

Bestalde, lehen aldian Kubatar autore batzuek inspiraturiko mundu bat eraiki nuen. Aldi huntan berriz, pentsatzen dut interesgarria zela erakustea euskal literatura ere sorkuntzarako iturri izan daitekela.

Azkenik, narrazioen formatua gustuko dut bere trinkotasunarentzat eta denbora eskasarekin antzerkia -laburra bada ere- idaztea ahalbidetzen du horrek.

Eta idazketaren ondorengo bidea nolakoa izan da: aktoreak aukeratzea, arropak, eszenaren xehetasunak? 

Joan den urtean deia talde bat sortu ginuen, Sapere aude, ene lehen lana emaiteko. Martxo ondarrean bukatu dut Koñots ulia eta taldea osatzeko ez dut zailtasunik izan. Aurten agertzen diren lauak Sapere aude.n arituak baitziren. Ez gira ari casting moduan, baina errolak banatzerakoan kasu eman dut bakotxaren antzerki esperientziari, jatorriari, pertsonalitateari eta errexki egin da banaketa, kasik naturalki. Arropa eta taula gainekoarena aise berantago jin dira, agorrileko azken asteetan. Dekoratu aski xumea dugu edozoin gisaz. Lan haundiena zuzendaritzarena da, denbora guttirekin jokalariek testu eta mugimenduak ikasi behar dituzte, pertsonaia eta antzerkia beretzeko.

Ez da zure lehenengo antzezlana. Zer ematen dizu antzerkiak, akaso beste arte-adierazpideei falta zaiena?

Antzerkia ikasi dugu Antton Lukurekin Nafarroako lizeoan (Donibane Garazi). Talde polita lortu eta gustua hartua ginuen hortan. Domaia zitzaigun afera hortan uztea. Lizeoa utzi eta urte parea iragan gabe, idazlan bat proposatu nion talde berri bati. Hola hasi da gure abentura. Lehenak, bigarrena ekarri du, eta konzientzia gehiagorekin idatzi dut hau, jakinez norat ari nintzen. Antzerkiak gauzak kolektiboki eta zuzenean adieraztea permititzen du, hortan da arras eder. Idaztean plazerra hartzen dut, idazle konstantea izan gabe, baina taularatzeko momentuan eta gure arteko batailetan ehuntzen da antzerkia. Hortan dugu plazerra hartzen. Gero emanaldietan gure lanaren fruitua eskaintzeko zuzenean.

Aurreko antzezlanarekin alderatuta, oso ezberdina izan al da Koñots Ulia hau?

Koñots ulia arras desberdina da Sapere auderen ondoan. Sapere audek kasik 20 pertsonaia zituen (8 jokalari ginen), Koñots uliak aldiz lau. Biak dira labur, baina lehenak agerraldika funzionatzen zuen, leku eta egoera aldaketa frangorekin. Koñots Uliak kasik ez du geldiunerik eta sukalde/ezkaratzeko bizia erakutsia da antzerki osoan. Huis clos batean gira azken finean. Antzerki mailan biak arras desberdin dira beraz : energia eta estetika mailan erran nahi dut.

Hala ere, Koñots ulia Sapere auderen segida zerbait da. Begi-kliska batzu sartu ditut ere. Lehenaren esperientziatik eta irakaspenetarik abiatu niz bigarrenaren idazteko.

Azkenik, desberdintasun handiena emaiterakoan izan da : lehena aldi bakar batez eman dugu, hau aldiz ari da poliki poliki lekuz leku. Taldea ttipituz ere ohartu gira kargua askoz handiagoa duela bakotxak eta berriz ere anitz ikasten dugu esperientzia berri honekin.

Emanaldi gehiago egiteko asmorik/gogorik? 

Oraino ari gira data berrien finkatzen. Baxe Nafarroan arituak gira bi aldiz, gaur Xiberuan emaiten dugu eta Lapurdi eta Gipuzkoatik pasatuko gira ere (azaroaren 29an Oiartzunen). Gauzak oraino zehaztekoak ditugu, eta gure facebook orrian agertuko dira emanaldi ezberdinen datak. Orotara gutti gora behera 7 edo 8 emanalditara iritsiko gira.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.