barikuko erretratuak

 

 Zuria, bakea

Arrautza-oskol zurian gordeta bizi da bakea. Hauskorra da azala; guria, mamia…

Alkandora zuri distiratsuetan bilduta, elkarri bostekoa ematen azaldu dira erretratuan Santos -Kolonbiako presidentea- eta Timotxenko -FARC bertako talde armatuko burua-. Kolonbiako gerra zibilaren heriotza-agiria izenpetu dute, Habanan. Alkandora zuri distiratsuetan babestuta adostu dute gatazkaren inguruko epaitegi berezi bat sortzea, baita amnistia-lege bat ere.

Alkandoren zuritasuna ikusita, Gabo etorri zait akordura. Nobel Saria jasotzera, zuriz jantzita azaldu zen Gabriel García Márquez kolonbiarra. Sariaren karira esana zuen inpresioa zeukala berari baino Hegoameriketako literatura osoari eman ziotela saria; alegia, bere liburuetatik harago so egiten zuela sari hark.

Ematen du, eman, Kolonbiako bake-akordioaren oskol zuriaren babesera, antzerako egoera bizi edo bizi izan duten munduko hainbat herrik amestuko dutela mami guria -amnistia horren, eta inpunitateak ikertzeko epaitegi berezi horren modukoren bat- beraientzat… justiziaren desira ez baita kaltegarri.

 

Jose Inazio Basterretxea

About Jose Inazio Basterretxea

Galdakao (Bizkaia), 1959-06-07
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.