Anne Sextonen poemak Bilbon

Anne Sextonen poemak eskaratu zituen harkaitz Canok “Munduko poesia kaierak” bilduman, eta ondoren errezitaldia osatu zuten Ainara Gurrutxaga aktoreak, Iban Urizar “Amorante” musikariak eta Canok berak. Asteazken honetan Bilboko Kafe Antzokian eskainiko dute emanaldia beste behin.

AnneSexton

Aurtengo Literaktumen aurkeztu zuten emanaldia, maiatzaren xan Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Anne Sextonen poemak ziren oinarri, Harkaitz Canok euskarara ekarriak. Canok berak irakurri eta harilkatu zituen gehienak, eszenatokiaren aurrealdeko iskina batean paraturik, atriletik argi xume eta ahots hutsez. Parean, eszenatokiaren beste aldean, musika gauzatzeko fabrika ttipia, Iban Urizar “Amorante”ren eskutik. Haien erdian, tarteka kokapena aldatuz, bere kideekin interaktuatuz, Ainara Gurrutxaga aktorea.

Emanaldiak “Ene maite kuttun guztiak” izena hartu zuen, eta aste honetan eskainiko dute berriro, Bilbon oraingoan: irailaren 30ean 20:00etan Kafe Antzokian.

ANNE SEXTON LITERAKTUM KARTELA81

Honela laburtu dute emanaldiaren funtsa:

“Anne Sexton (1928-1974) XX. mendeko poeta iparamerikarrik garrantzitsuenetakoa da. Bere psikiatrak iradokita idazten hasi eta kutsu autobiografiko nabarmeneko obra ondu zuen urte gutxitan. Indartsua beti eta polemikoa sarri, desesperazioari ironiaz erantzuten saiatu zen. Sexualitateari, bulkada suizidei, familia harreman gatazkatsuei eta arazo psikikoek mugatutako bizitzeko egarriari eskaini zizkien poema asko. Bereziki aipagarriak dira, adibidez, tratatu zuten medikuei zuzendu zizkien gutun poematuak.

Ainara Gurrutxaga aktoreak, Iban Urizar (Amorante) musikariak eta Harkaitz Cano idazleak azken honek itzuli dituen Sextonen poema hautatuak irakurri eta interpretatuko dituzte, haren gordintasunari printza samurrak ateraz”.

Donostia Kulturari lapurtuko dizkiogu argazki hauek, errezitaldizaleon tentagarri:

17733773285_0554006152_k

17547478859_3fda72fa79_k

Ostegunean poesia kaiera berriak

Aste honetan bertan Munduko Poesia Kaierak behin baino gehiagotan izango ditugu aipagai. Ostegun honetan (urriak bat) udazkeneko ale berriak aurkeztuko ditu Susa argitaletxeak: Ingeborg Bachmann, Eugenio Montale, Jorge de Sena. Nagore Tolosak, Anjel Lertxundik, Rikardo Arregik dira itzultzaileak hurrenez hurren. Itzultzaileek Beñat sarasola editorea izango dute lagun aurkezpenean, urriaren 1ean 11:30ean Donostiako Garoa liburu-dendan.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.