“Nahiko genuke Ahotseneako literatur gunea hobeto zaindu”

Ostegunean irekiko da Ahotsenean izena emateko epea

Idazle, kantari eta musika talde asko zain dira dagoeneko. Kontsigna argi dago: ostegun honetan, urriak 1, goizeko 09.00etan zabalduko da Ahotsenean izena emateko epea.  Aurreko urteetan legez, “bi baldintza baino ez dira bete beharko: euskaraz sortutako lanak izatea, eta 2015ean argitaratutakoak izatea”, antolaketatik aditzera eman dutenez. Eskaerak e-posta bidez baino ezingo dira burutu: info@ahotsenea.net helbidera bidaliko dira ezarritako ordu eta egunetik aurrera, ez lehenago. Iaz, literatur solasaldiak zuzenekoen gunetik aparteko karpa txiki batean egin ziren. Tarteka, zarata handia egoten zen. Horren jakitun dira Ahotsenea kudeatzen duten lagunak. “Nahiko genuke literatur gunea hobeto zaindu. Ideia batzuk baditugu. Ikusiko dugu”, Lutxo Egiak ondoko elkarrizketan aditzera eman digunez.

lutxo-egia

Aurten bost egunekoa izango da Azoka, abenduaren 4tik 8ra. Ahotseneak ere Azokaren martxa berbera jarraituko du. Lanak zuzenekoen (kontzertua) edo solasaldien (solasa, errezitaldia, performancea, akustikoa…) bidez aurkeztu ahal izango dira. Aurkezpenak egiteko 30 minutu izango ditu sortzaile bakoitzak. Lutxo Egiak adierazi digunez, “literatura-solasaldi guztietan irakurketa musikatuak sartu nahi ditugu, entzuleari helarazi aurkezten ari den liburuaren pasarte batzuk. Nahi dugu Azoka hasi aurretik sortzaileekin bildu. Nahiko genuke Azoka egunetan ere topaketa txiki bat egin. Eta proiektua bera sendotu jende berriaren kolaborazioarekin. Ideiak badaude…”.

Iaz, solasaldien gunea zuzenekoen gunetik aparte egon zen. Horrek eskaintza zertxobait sakabanatu bazuen ere, bi guneen onerako izan zen. Aurten formula berbera errepikatuko al duzue?

Lutxo Egia, Ahotsenea. Bai, horixe da gure asmoa. Iaz arte, batetik, musikari asko zuzenean jotzeko aukerarik gabe geratzen ziren. Bestetik, solasaldietan zarata handia egoten zen. Oro har, sortzaileek harrera ezin hobea egin zioten aldaketari. Hala ere, nahiko genuke literatur gunea hobeto zaindu. Ideia batzuk baditugu. Ikusiko dugu.

Kanpotik begira, bistakoa da Ahotseneak sortzaileen plaza bilakatu duela Azoka. Barrutik begira ere, hala sentitzen al duzue zuek? 

Lutxo Egia, Ahotsenea. Bai, baina kudeaketatik harago, idazle eta musikari horixek ematen diote bizi eta forma Ahotseneari. Iaz, 87 lan berri aurkeztu ziren 55 kontzertutan eta 32 solasalditan. Zenbat lagun igaro ziren Ahotseneatik lau egunetan? 300 baino gehiago, bistan da. Ahotsenea, finean, sortzaile horiek guztiek osatzen dute, eurak dira. Nik neuk bederen ez dut antzekorik ezagutzen. Orain egun batzuk, Tabakaleraren irekitzeaz, Arantza Lauzirika EHUko Arte ederretako dekanoak edukiontziak (eraikinak) eta edukiak (proiektua) zituen gogoetagai. Eta zentzu horretan Ahotsenea eduki latza da, eduki hutsa.  


“Oraindik erronka handiak ditugu”

Aurtengorako ze aurreikuspen dituzue? 

Lutxo Egia, Ahotsenea. Aldez aurretik ez dago jakiterik, baina izen-ematea zabaldu baino lehen 13 idazle eta 22 musikari jarri dira gurekin harremanetan informazioa jakin nahian. Hori seinale ona da. Aurten Azokak egun bat gehiago dakar, bost egun izango dira. Literaturan, ari gara ordutegiak aztertzen Azokako Koordinazio Mahaian. Musikan, berriz, 70 kontzertu eskainiko ditugu. Guztiak beteko diren, ikuskizun dago. Seguruenik oso zaila izango da. Guk geuk gonbita luzatzen diegu euskaraz sortzen duten musikari guztiei. Dakigularik, aurten gutxienez 90 lan berri plazaratuko dira.

Ahotsenea

50. urteurrenera iritsi da Durangoko Azoka. Zuzenean ala zeharka, urtemugak eraginik izangoal  du Ahotsenearen martxan?

Lutxo Egia, Ahotsenea. Ez, Ahotseneak bere tenpoa du. Iaz aldaketa nagusia burutu genuen. Oraindik erronka handiak ditugu. Garrantzitsuena, proiektua egonkortzea lehenago aipaturiko edukiontziari dagokionez, azpiegiturari dagokionez. Baina badaude beste erronka txikiago batzuk. Literatura-solasaldi guztietan irakurketa musikatuak sartu nahi ditugu, entzuleari helarazi aurkezten ari den liburuaren pasarte batzuk. Nahi dugu Azoka hasi aurretik sortzaileekin bildu. Nahiko genuke Azoka egunetan ere topaketa txiki bat egin. Eta proiektua bera sendotu jende berriaren kolaborazioarekin. Ideiak badaude…

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.