Oskar Alegriarekin abiatuko da ‘Berrirakurtzen’ zikloaren ikasturte berria

Gaur, arratsaldeko 19:30ean, Donostiako Koldo Mitxelenan

2014ko udaberrian jaio zen Berrirakurtzen. “Esperientzia aberasgarri, ireki eta artistiko bat planteatu nahi dugu. Liburuez, liburuek sortu eta sortzen diguten plazeraz, izuaz edo gogoetaz, modu librean”. Geroztik, hilean behin, pertsona bat gonbidatu dute Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunera. “Proposamena oso irekia denez, gauza diferenteak, gauza bereziak sortzen dira”, Beñat Sarasola Memory Dump kolektiboko kideak aitortu duenez. 2015eko udazkenerako prestatu duten eskaintza ere oparoa da. Oskar Alegria zinegilea, Xabier Erkizia musikaria zein ikertzailea, Idoia Zabaleta koreografoa eta Neighbor taldea izango dira euren irakurketak partekatuko dituzten artistak.

Berrirakurtzen

Hibridazioa. Hori da Berrirakurtzen zikloaren gakoetakoa. Hala dio Beñat Sarasolak. Diziplina ezberdinen arteko hartuemana sustatzea dute helburu: “proposamena oso irekia denez, gauza diferenteak, gauza bereziak sortzen dira”. Eta horregatik, emanaldien inguruko azalpenak emateko orduan, zailtasunak izaten dituzte maiz. Eguna iritsi arte, ez baitute saioaren emaitza ezagutzen. Zentzu horretan, ikusleen pare daude antolatzaileak.

Esan dugu. Diziplina ezberdinen arteko hartuemana sustatzea dute helburu. Arlo ezberdinetan ari den jendea gonbidatu dute orain artean. Eta bide beretik jarraituko dute. Abendura bitarteko egitarauan zinegile bat, musika ikertzaile bat, koreografo bat eta musika talde bat ageri dira.

Denei egiten dieten proposamena sinplea da: liburu bat aukeratu behar da. Nahi den garaikoa eta nahi den generokoa edo estilokoa. Eta bere diziplinatik abiatuz, liburu horren inguruko emanaldi bat sortu behar du. Oskar Alegriak, esate baterako, ikusentzunezko pieza batzuk eskainiko ditu gaurko saioan. Emak bakia filmaren egilea da Oskar Alegria, eta Berrirakurtzen ziklorako Jesus Alegria Armendarizek aspaldian idatzi zuen liburu bat hartuko du hizpide: Artazu izenekoa. Gaur Donostiako Koldo Mitxelenan, 19:30etik aurrera.

Maria Jose Telleria Foru Aldundiko Kultur zuzendariak eta Beñat Sarasola Memory Dump kolektiboko kideak eman dute ikasturte honen hasierako egitarauaren berri.


 

Berrirakurtzen 2015

“Artazu”, Jesús Alegria Armendarizena

Irailak 30 asteazkena, 19:30 – 21:00 / Donostiako Koldo Mitxelena.

Berrirakurketa: Oskar Alegria.

Alegria

“Oskar Alegria irudi-bilatzailea da. Kazetaritza ikasketak egin zituen, eta argazkilari eta zinemagilea da. Bidaia-erreportajeak idatzi ditu, eta “Las ciudades visibles” izeneko argazki proiektu artistikoaren autore da. “Emak Bakia” izeneko lanarekin 70 jaialditan egon zen; bere lehenengo film luzea da, eta bilaketa bat du xede.  Gaur egun Iruñeako Punto de Vista jaialdiko zuzendari artistikoa da”.

 


 

 “Le Voyage aux Pyrénées”, Victor Hugorena

Urriak 29 osteguna, 19:30 – 21:00 / Donostiako Koldo Mitxelena.

Berrirakurketa: Xabier Erkizia.

Erkizia

“Xabier Erkiziak soinua eta musika ditu bere jardunaren ardatz, eta horien inguruko hainbat alderdi landu izan du sortzaile zein ikerlari modura. Gutariko Bat musika taldearen partaide izan zen, eta gerora, Audiolab elkartearen zein Ertz jaialdiaren sortzaile. Besteak beste Soinu mapa egitasmoa osatzen dihardute Audiolaben, non Euskal Herriko soinu mapa osatzea helburu duten. Hamaika erakusketetan erakutsi izan dira bere “pieza”, instalazio eta enparauak, eta beste horrenbeste artistarekin (Mattin, Anari, Borrokan, Maialen Lujanbio…) kolaboratu izan du”.

 


 

“Un artista del hambre”, Franz Kafkarena

Azaroak 26 osteguna, 19:30 – 21:00 / Donostiako Koldo Mitxelena.

Berrirakurketa: Idoia Zabaleta.

IdoiaZabaleta

“Idoia Zabaleta koreografoa da. Dantza Berria ikasi zuen Bartzelona, Florentzia, Amsterdam eta New Yorken, eta 1990an Moaré Danza sortu zuen Gasteizen, dantzaren irakaskuntza eta dibulgaziorako elkartea. Artista eta dantzari ugarirekin lan egindakoa da, tartean Mal Pelo konpainiarekin. Obra askoren sortzaile da halaber, zeinak mundu zabaleko hainbat jaialditan aurkeztu diren. 2008. urtetik Azala egoitza artistikoaren zuzendaria da, non askotariko disziplinetako artisten elkarlana bultzatzen den”.

 


 

“Ezer ez”, Jane Tellerrena

Abenduak 17 osteguna, 19:30 – 21:00

Berrirakurketa: Neighbor.

Neighbor

“Maite Larburu eta Josh Cheatham dira Neighbor taldeko partaideak. Euskalduna da Larburu, eta Ameriketako Estatubatuarra Cheatham, baina Amsterdam hirian egiten dute bat biek. Ura Patrikan izeneko diskoa argitaratu zuen bikoteak 2013an. Tradizio klasikotik salto egin eta gitarra eta ahotsaz baliaturik, kantu pertsonalak egin zituzten. Lehen lana izaki, kantuetan halako naturaltasuna, askatasuna eta nortasuna jasotzeko bikoteak azaltzen duen gaitasuna harrigarri bezain liluragarria da”.

 

Antolatzaileak: Memory Dump, Koldo Mitxelena Kulturunea, Gipuzkoako Foru Aldundia.

 

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.