Joseba Jaka beka martxan da berriz

Berrituta dator lehiaketa, 10 urteko hausnarketa-etenaldiaren ostean

2006an deitu zuen azkenengo aldiz Joseba Jaka beka Elkar fundazioak, hausnarketa-prozesu bat abiatzeko asmotan. Hamar urte beranduago, eta hainbat konturen inguruan gogoetatu ostean, martxan jarri dute berriz, berrituta. Hasteko, 2015eko Joseba Jaka beka martxan da: narratibako lan argitargabeei zuzentzen zaie, eta urtarrilaren 29ra arte egongo da epea zabalik, lanak bidaltzeko. Joxe Azurmedi, Karmele Jaio eta Iratxe Retolazak osatuko dute epaimahai. Ohi bezala, laginak bidali beharko dira, eta irabazleak urtebete izango du proiektua burura eramateko. Udaberrian emango dituzte bekaren gainontzeko berritasunak argitara, Jose Maria Sors eta Joan Mari Larrartek atzo azaldu zuten moduan.

banner-beka-Sofa-2015

Atzo aurkeztu zuten Joseba Jaka Beka egitasmo berritua Donostiako Elkar Aretoan. Bertan izan ziren Jose Maria Sors Elkar Fundazioko lehendakaria eta Joan Mari Larrate Elkarreko komunikazio-arduradunak. Bekaren nondik norakoak azaldu zituzten, eta bi bideotan bildu ditugu. Horrez gain, bideoen ondoren batu ditugu Joseba Jaka bekaren oinarriak. Informazio gehiago lortzeko jo Elkar Fundazioaren webgunera.


Joseba Jaka bekaren oinarriak

Elkar Fundazioak Joseba Jaka beka berriro martxan jartzea erabaki du, sormen lanak sustatu eta laguntzeko asmoz, ondorengo oinarrien arabera:

1. Deialdi honetara, literatur lanak, narratibako lanak (eleberri edo ipuin bildumak), idazteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beste inondik moldatu gabeak eta aurretik saririk jaso edo argitaratu ez direnak.

2. Partehartzaile bakoitzak, ondorengoak aurkeztu behar ditu:

a) Egin nahi duen sormen lanaren azalpena, 2-5 orri bitartekoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.

b) Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 15-25 bitartekoa, ez nahitaez hasierakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

c) Egilearen izen-abizenak, helbidea, posta elektronikoa, telefonoa eta nortasun agiriaren kopia eskaneatua. (Egileei buruzko informazioa Fundazioak gordeko du erabakia hartu arte, eta epaimahaikoek ez dute jakingo haien berri).

3. Proiektuak, 2016ko urtarrilaren 29ra arte bidal litezke helbide hauetako batera:

Joseba Jaka beka. Elkar Fundazioa. Portuetxe 88, Igara auzoa. 20018 Donostia

4. Jasotako proiektu guztiak Elkar Fundazioak osatutako epaimahai batek aztertuko ditu eta erabakiko du haien artean zein den irabazlea. Epaimahaia honako lagunek osatuko dute: Joxe Azurmendik, Karmele Jaiok, Iratxe Retolazaketa Elkarrekoeditore batek bototik gabe, idazkari lanetan. 2016ko apirilaren 23aren aurretik emango da ezagutzera bekaren irabazlearen izena. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezake epaimahaiak.

5. Beka 10.000 eurokoa izango da —legez egin beharreko atxikipenak barne-eta Elkar Fundazioak ordainduko dio irabazleari era honetara: bekaren diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu ondoren, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan.

6. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du, gehienez, lana amaitua Elkar Fundazioari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 150 orrialde* gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso. Horrez gain, lanaren martxaz jakinaren gainean edukiko ditu antolatzaileak eta epaimahaiak hiru hilero.

7. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenki kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

8. Beka jasotako idazlanaren jabetza egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezingo du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du lana, eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaiak onespena ematen duenetik zortzi hilabeteko epean kaleratu beharko da lana, eta bertan bekaren aipamena egingo da nahitaez.

9. Beka-deialdi honetan parte hartzeak bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, antolatzaileei dagokie erabakitzea.

Argibide gehiagorako: Elkar Fundazioan, josebajakabeka@elkarfundazioa.eus

* Orrialdearen neurri estandarra 1.800 karakterekoa izango da

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.