barikuko erretratuak

 

Zola militarrak

Artzaina, txakur luma-gorria eta artaldea, ziento bat ardi zuri. Hori argazkian ikusten dena. Eta paisaia: Nafarroako Bardea, egunotan bonbardatua eta militarrek zanpatua. Txikle izena eman diote gerra-jardunari; baina, ahoa gozatu ordez, gorputz osoa mikazten da han zertan ari diren jakinda.

Espainiako militarrak dabiltza Nafarroako lurretan. Eta haien lagunak, txokora berariaz gonbidatuta. NATOko arma-lagunak dabiltza tiroka paraje haietan. Hegazkinak, helikopteroak, bonbak eta balak… beldurra eta izua. Hori opari ederra, han uzten dutena.

Ez da kontu berria, ez denez. Bardeako bonbardaketa ez da kontu berria. Agian, ez da ezta albiste ere, maiztasunari erreparatzen badiogu… Arazo bat da. Odola mamitzen du pentsatzeak ezen horko hegazkinek -gero- amonak, aitak, umeak, aitonak, amak, gazteak… direnak eta ez direnak zartatuko dituztela inork ez dakien zeren izenean, inork ez dakien zein parajetan. Militarrak… jainkoak egin, eta beraiek elkartzen.

 

Jose Inazio Basterretxea

About Jose Inazio Basterretxea

Galdakao (Bizkaia), 1959-06-07
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.