Walter Benjamin euskaraz hasi zenekoa

Pentsalari alemanaren bi artikulu-antologia kaleratu ditu Sans Soleil argitaletxeak

Sans Soleil argitaletxeko Txinpartak bildumaren barruan argitaratu dira Walter Benjamin: Denbora, historia eta artearen inguruko testuak eta Walter Benjamin: Literatura oharrak antologiak. Crowdfunding kanpaina baten bidez saiatu ziren liburuen argitalpenerako dirua biltzen, izan ere, irabazi-asmorik gabeko etxea da Sans Soleil. Auzo-laguntza ez zen aurrera atera, baina ekinari esker, eskuartean ditugu, azkenik, Benjaminen bi antologiak. Hainbat itzultzaile aritu dira lanean.

CQqIoRZWoAAsep7_1

Sans Soleil irabazi asmorik gabeko argitaletxeak Walter Benjamin XX. mendeko filosofo eta kritikari ospetsuaren artikulu nagusiak euskarara ekarri eta bi antologiatan jaso ditu: Literatura oharrak eta Denbora, historia eta artearen inguruko testuak.

Liburuok Walter Benjaminen obran adituak diren Bernat Padró eta José Luis Delgadoren hitzaurre argigarriak dituzte, eta irakurketa laguntzeko zenbait ilustrazio.

Sans Soleil argitaletxea, 2013an sortua, arte-gaietan espezializatutako irabazi asmorik gabeko argitaletxe bat da (hots, argitaletxeko kide eta kolaboratzaileok ez dute beren lanagatik dirurik jasotzen).

“Txinpartak” arte gaiei buruzko erreferentziazko lanak euskaraz argitaratzen dituen bilduma da. Gure hizkuntzan irakur daitezkeen mota honetako obrak urriak izanik, euskarazko arte kritikako liburuen argitalpena indartzeko xedez sortutako egitasmoa da. Artea, zinema, argazkigintza, literatura, filosofia… izango dira “Txinpartak” bilduman aztertuko diren gai nagusiak. Denbora, gogoa, irakurleon konplizitatea eta profesionalen partaidetza lagun, helburua artearen alor ezberdinak aintzat hartuko dituen erreferentziazko corpus zabal eta aberatsa osatzea da. Iraitz Urkulok zuzendutako bilduma da.

Crowdfunding-era jo genuen Walter Benjaminen bi antologien inprenta- eta bidalketa-gastuak ordaintzeko. Hasiera batean Verkami bidez dirua biltzen saiatu ginen, arrakastarik gabe. Verkamiko kanpainan parte hartutako mezenasetatik 18k beren ekarpena guri modu pribatuan helaraztea onartu zuten (haien izenak eskerren atalean aipatzen dira), horiei esker gauzatu ahal izan dugu Walter Benjamin euskarara ekartzeko egitasmoa.

 Antologietan autorearen saiakera nagusien aukeraketa (posible) bat topa daiteke. Aukeraketarako irizpideak: 1. Testu bakoitzak bere alorrean duen garrantzia, 2. halako argitalpen batek ezartzen dituen luzera aldetiko mugak kontu hartuta.

Denbora, historia eta artearen inguruko testuak

WalterBenjamin, oraindik ere, sailkatzen zaila den autorea da. Literatura kritika, hizkuntzaren filosofia, itzulpengintza, komunikabideen teoria edo historiaren ikerketa… genero horietan guztietan erakutsi zuen bere pentsamenduaren originaltasun eta erradikaltasuna. Haren idazkeraren trinkotasunak ez dio egungo pentsamenduaren paisaia anitzean gehiengoaren adostasun bitxia lortzea galarazi. Agian haren testuek hain berezkoa duten anbiguotasunak orainaren irudi iheskor eta ezegonkorra, gaur egun ere haren garaikide bagina bezala mintzo zaigun hura, idatziz atzemateko ahaleginari erantzuten diolako. Saiakera-bilduma honetan, lehen aldiz euskaraz, egileak historiaren inguruan idatzitako hausnarketa nabarmenenak bildu dira. Artikuluok Walter Benjaminen pentsamendu bereziaren erakusgarri dira. Haietan, eztabaidarako bidea agortzetik urrun, badirudi sekula ez dela adieraziz husten, urtetan hozitu eta fruitu emateko gaitasunari osorik eusten dion haziaren antzera.

Liburu honetako artikuluak:

«Indarkeriaren kritika» (Amaia Donés)

«Argazkigintzaren historia laburra» (Danele Sarriugarte)

«Esperientzia eta pobrezia» (Teresa Pradera)

«Artelana errepikagarritasun teknikoaren garaian» (Iñaki Segurola)

«“Historia” kontzeptuari buruz» (Mikel Babiano)

Literatura oharrak

WalterBenjaminek literatura kritika bere egitasmo intelektualaren erdigunean kokatu zuen, kultura adierazpenak orainak bere burua interpretatzen duen modua direla jakinik. Haren testuen irakurketak guk izan ez dugun baina, magiaren eraginez, obretan jasota geratu den eta kritikak eta itzulpenak ahalbidetzen duten eguneratzearen bidez hozitzeko prest dagoen munduaren esperientzia zabaltzen laguntzen du.

Benjaminek gure mundua antzeman eta ezagutzeko modua oso kaltetua izan delako ondorioa atera zuen. Proust, Kafka, Baudelaire, Valéry eta surrealisten obretan, besteak beste, paradoxa honekin egin daiteke topo: gaitasun kognitiboak drastikoki murriztuak izandako eta, aldi berean, prozesu horren erregistro eta gainditzeko bidean diren beste ezagutza modu batzuen gordailu malenkoniatsua bihurtutako mundu baten emaitza dira.

Benjaminek uko egin zion fenomenoak azaltzeari, horren ordez, metodo kritikoaren bitartez horiek berez adieraz zitezen utzi zuen. Hala, haren kritikak badu maieutikaren antzik, obretatik abiatuta gure garaia ulertzen laguntzen duen ariketarena, alegia.

Liburu honetako artikuluak:

«Itzultzailearen egitekoa» (Garazi Arrula)

«Prousten irudia» (Mikel Igartua)

«Franz Kafka» (Gaizko Urturi)

«Baudelaireren gai batzuen inguruan» (Maialen Berasategi)

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.