Luis Garderekin solasean

Zazpi poesia libururen ostean Luis Gardek lehen narratiba lana plazaratu du Pamiela argitaletxearen eskutik, Ehiztariaren isilaldia. Bertan bi hari, edo bi nobela batean: Ezkabako presondegitik egindako ihesaldia kontatzen du batek, ihesaldi hori bera kontatzerakoan idazle batek egiten duen barne bidaia besteak. Tartean, Ezkabako historiaren enborrean biderkatzen diren adarrak, memoria historikoaren inguruko gogoetak, eta literatura berari buruzkoak.

luis garde tx

 

LuisGarde

Poesiaren arloan ezagutu dugu orain arte zure lana. Nola eman duzu nobelarako urratsa?

Egia erran, ez zen erabaki kontziente bat; hain zuzen ere, ez nuen pentsatu hainbat poema-lan egin ondoren nobelarako urratsa eman nahi nuela. Aspaldi zebilkidan buruan zer edo zer egiten ahal nuela Ezkabako ihesaldiaren gaiarekin. Izan banuen poemaren bat idatzita gertakari haietan oinarriturik, baina pixkanaka handituz joan zen Ezkabari buruzko errelato osoago bat idazteko gogoa. Azken urteotan, hainbat esparrutan lan egiten duten zenbait ikerlari esker, pixkanaka ateratzen joan da sarraski hari buruz informazioa, lehen ezkutatuta zegoena. Horrela, eleberria idazteari ekin nion, garatu nahi nuen argudioak berak, bere hedadura dela eta, eskatzen baitzidan nobelaren formatu hori.

Tartekatzen diren bi hari nagusi ditu liburuak, nolabait bi liburu dira bakarrean: batetik, 1938an kokatutakoa, Ezkabako gotorlekutik presoek egindako ihesaldia kontatzen duena. Bestetik, Ezkabako ihesaldiaz nobela idazten ari den idazlearen prozesua kontatzen duena. Argi zenuen hasieratik era horretako kontakizun bikoitza egingo zenuela?

Bai. Alde batetik, gogoko ditudan nobelak horrelakoak izaten ohi direlakoz; izan ere, hainbat hari biltzen dituzten eleberriak atsegin ditut, bai ahotsen bai estiloen edo gaien aniztasunari dagokionez. Bertzalde, eta batez ere, ohartu nintzen ez nuela nobela “historiko” bat idatzi nahi. Ezkabako gertakariak, Iruñea inguruko 1938ko gertatutako giza ehiza eta triskantza alegia, ezin ziren kontatu denborazko burbuila batean sartuta balira bezala. Nire ustez, narrazioa idazterakoan, 38an gertatutakoa lehenengo denbora-plano batean sar zitekeen, baina bigarren plano batean gaurko ikuspegi batetik aztertu behar ziren hala gertakariak nola gertakarien ondorioak, gaurdaino luzatzen direnak. Nobelan lantzen dudan ideia bat da historia hura “bizirik” dagoela; zoritxarrez, gainera, gerra haren irabazleen ondorengo politikoek ez baitute aukerarik eman errepresaliatuen eta haien familien samina eta umiliazioa senda daitezen. Errelatoan zehar gustura ibiltzeko, gure garaian idazten duen narratzaile bat behar nuen. Narratzaile horrek nahiko… “interbentzionista” izan behar zuen bere oroitzapenak eta baita burutazioak idazteko.

1938ko maiatzean zortziehunen bat izan ziren ihes egitea lortu zuten presoak. Haietatik berrehun inguru hil ziren ihesaldiaren ostean burutu zen giza ehizan. Ez ziren bostera heldu muga pasatzera heldu zirenak. Fikziozko hariak ihesaldi horretako bi gizonen ibilbidea islatzen du, ihesaldiak, gauak, larritasunak sortutako sentsazioetatik abiatuta datuetatik bainoago. Zer-nola kontatu nahi izan duzu fikziozko hariarekin?

Ihesaldiaren zertzelada erreal batzuk ematera behartua nengoen, irakurleak errelatoa zertaz ari den jakin dezan, baina datu historiko horiek bigarren kontakizunean txertatu nituen. Lehenengorako, aipatzen duzun bi ihesaldiren desbenturak kontatzeko, estilo erdi poetiko bat saiatu nintzen lantzen. Ez dakit nork erran zuen, edo non irakurri nuen, poesia idazterakoan irakurleari ez diozula zure hortz-minez solastu behar; egin behar duzuna dela irakurlearengan bere hortz-mina sortzea. Nahiko presente izaten dut ideia nire hau poemak idaztean (horregatik, segur aski, jarraitzaile eskas daukat, kar-kar-kar), eta nobelaren idazketara eraman nuen ideia hori. Hots, ahal den neurrian, irakurleak senti dezalaiheslari horien bidaiakide, beraiek sentitzen zutena irakurleak ere senti dezala: etsipena eta itxaropena, jasandako umiliazioen garra eta galdutako duintasuna berreskuratzeko aukera hurbila… Baita, posible balitz, gizon haien babesgabetasuna, beraien hotza, gosea, ahuldadea… Horregatik, bi iheslarien istorioaren narratzaileak ezin zuen objektiboa izan; beraietako batek izan behar.

Lehen haria, ihesaldiarenak, fikziozko kontakizuna da beraz, narrazioaren baliabideekin kontatutako istorioa. Bigarren hariak gehiago dauka saiakeratik, eta liburua idazteko prozesua biluzten duen heinean metaliteraturatik eta autofikziotik. Ez zen erraza izango bi kontatzeko modu hain ezberdin tartekatzea (fikzioa, saiakera). Lehenengo bata eta gero bestea idatzi zenuen? Amaierarako utzi zenuen atalak tartekatzea eta ordenatzea?

Ez, bi-biak aldi berean idatziz joan nintzen, era paralelo batean-edo. Senaren arabera igarotzen nuen errelato batera bertzera, batzuetan eszena edo testu batean amaitutakoan, bertze batzuetan eszenak moztuz. Prozedura horrek zailagoa irudi lezake, baina atseginago edo anitzago bihurtu zidan lana. Orokorrean, zatiak dauden ordenean idatzi nituen; nahiz eta lehenengo bertsioa burutu ondoren zati gehiago txertatu nituen, bai hasieran, bai bukaeran, bai erdialdean. Tartekatzen diren bi narrazioetako fikzio zatien eta saiakera zatien artean nolabaiteko hari finak ezartzen saiatu nintzen, hots, “tenperatura” komun bat ematen, garai ezberdinetan kokatutako atalak haien artean lotzeko asmoz. Jose Angel Irigarayk “akuarela” hitza erabili zuen nobela hau definitzeko. Behin amaituta, dena den, argudioaren garapenak edo “tenperatura” horiek bai eskatzen zuten zati batzuen lekualdaketa, pixka bat poema-liburu bat atontzeko tenorean poemak ordenatzen ditugun bezala.

Idazlearen ahotsak dokumentazio eta ikerketa baten berri ematen du, memoria historikoa eta memoriaren beraren testuinguruan egindako gogoeta ugarirekin. Zuk zeuk ikerketa eta dokumentazio lana egin ahala idatzi dituzu pasarte hauek? Informazio hori guztia fikziozko kontakizunetik at geratuko ziren beldur zinen agian?

Nobelan islatzen dudan dokumentazio eta ikerketa lana partez fikziozkoa da; partez erreala. Baina orokorrean agertzen den prozesua halakoxea izan zen. Ihesaldiari buruzko agertzen den informazioa, hura nireganatu ahala sartzen nuen nobelan. Elkarrizketak, adibidez, guztiz fikziozkoak dira; informazioa txertatzeko erabili nituen, eta bertzalde narrazioa nahi nuen bideetatik eramateko. Aipatu dizudan bezala, ez nuen egokiena ikusi datu historikoak iheslarien kontakizunean sartzea; kontakizun horrek hagitzez subjektiboa izan behar baitzuen.

Nire beldurra hauxe zen; idazteari ekin baino lehen ematen banuen aste edo hilabete batzuek bibliografia irakurtzen, azkenean ez nuen deus ere eginen. Izan ere, urteotan etengabe ateratzen ari dira frankismoren garaiko presondegiei buruzko testigantzak eta ikerketak, direla preso ohiek idatziak, direla historialariek argitaratutakoak. Gainera, Bigarren Mundu Gerrako kontzentrazio esparruei buruzko liburu batzuk irakurri nituen, ez hainbertze datu zehatzen bila, baizik eta zertaz idazten ari nintzenez gogatzeko. Gero, arakatu nuen nobelan berean aipatzen diren edo aipatzen ez diren hainbat egile baliotsuren obretan: Primo Levi, Bruno Bettelheim, Hanna Arendt, Tzvetan Todorov bertzeak bertze. Irakurketa gogorrak, benetan, baina ezinbertzekoak gure garaian gertatu diren sarraskiei buruz hausnartzeko.

luis garde aurkezpen

“Nire haurtzaroko oroitzapenetan, hala ere, beste leku bat bizi da, bestelako San Kristobal, oraingoa baino irekiagoa eta zabalagoa, soldadu aspertuek gordetako gaztelu bat. Inguruan, beharbada, Iruñerriko mendizale tukutsuren bat, harrizko saurioaren loa ikuskatzera hurbiltzen zena”.

Idazlearen prozesua kontatzen duen ahotsak asko du pertsonaletik. Honakoa diozu liburuaren aurkezpenean: “(Idazlea) Bildutako agiriak eta lekukotasunak aztertu bitartean, bere memoriarekin bakarka geratu da. Memoria historikoa bere historiaren memoria bilakatuko da. Norberaren oroimena ere jazarle iruzurgilea delako.” Bada pasarte hauetan zeure memoria pertsonalaren agertze bat, Ezkabarekiko, han gertatukoekiko. Zer garrantzia, zer leku dauka horrek liburuan?

Hagitz handia, dudarik gabe. Ezkaba mendia eta haren ingurua nire haurtzaroaren eszenatokia izan zen. Jolasleku bat, nire haurtzaroan mendi oineko zelaietara begira bizi baikinen, nonbait hiriari bizkarra emanda (edo hiriak guri, agian). Hainbertze iruindar bezala, urte anitz pasa ondoren hasi nintzen jabetzen San Kristobal Gotorlekua benetan zer izan zen, eta gure mendi hartan zer gertatua zen. Talka horretatik piztu zen nobela idazteko gogoa: alde batetik, haurtzaroko oroitzapen horiek, halabeharrez idealizaturik, bertzaldetik leku haiek sarraski baten gertalekua izan zirela jakitea, inoiz aurkeztuko ez diren iheslari eraildakoen hezurdurak lurpean daudela jakitea. Edonola ere ez da nobela autobiografikoa, ezta hurrik eman ere. Nire helburua zen ahalik eta hurbiltasun handien sortzea narratzailearen eta gertakarien artean, alegia, ikertzen ari den gaiarekin bustitzen eta zikintzen den narratzaile bat.

“Memoriaren patua porrota da. Gero eta esfortzu handiagoa egin behar dut izen propioak gogoratzeko. Idazketa gordeleku urria da memoriarako, baina eskura dugun bakarra da.” Bada etsipen puntu bat liburuko ahaleginean? Zein da memoria ariketa baten balio erreala zuretzat?

Bai, badago etsipenaren puntu bat. Liburuan erraten dut memoria prozesu bat dela, gure gauza eta bizipenetarantz hurbiltzeko ahalegin bat. Memoriaren patua porrota da baldin eta ahalegin hori egiten ez badugu, ahazmenaren edo ezmemoriaren aurka gogoz ez badihardugu. Ez da gainean daramagun tresna edo gailu bat, hala nola sakelako telefonoa edo pendrive bat; aldiro borrokatu behar dugu bai denborak ezartzen digun ahazmenaren aurka, bai botere politiko eta sozialek inposatzen diguten ahazmenaren kontra. Ahazmenaren bi alde horiek aipatzen ditut nobelan: lehenengoa, norberarena; bizitzak berak, arrazoi biologikoengatik, gutako bakoitzari ezartzen digun ahazmena. Bigarrena, botereek digutena, memoria indibiduala eta kolektiboa ezabatzen eta husten baitigute, beraien neurriko errealitatea jendearen gogoan txertatuz. Zenbat eta memoria gehiago galdu, orduan eta manipulagarriagoak gara. Memoriaren ariketa ezinbertzekoa dugu, adinean sartu ahala ohartzen naiz memoria baizik ez garela. Giza memoria ez da errealitate pasibo bat; nobelan errealitate aktibo eta aldakor gisa ikusten dut oroimena, era kontziente batean egitera eta bultzatzera behartuta gauden ariketa eta esfortzu bat.

Liburuan, idazlearen ahotsaren definizioan, bada autoironia puntu bat ere. “Hedapen urriko poemen idazle batek Ezkabako ihesaldiari buruzko nobela bat hastea erabaki du”. Zazpi poema-libururen egilea zara, hamar urteren buruan kaleratutakoak denak (2004-2014). Zer nolako balantzea egiten duzu poesian egin duzun ibilbideaz? Zer eman dizu, zer duzu faltan?

Egia da, naski, aipamen hori guztiz autoironikoa da, eta eleberrian zehar ez da falta autoironia hori, hain zuzen narratzaileak bere poetaren lanaz idazten duelarik. Nork bere mugen kontzientzia izan behar du. Gauza bat da ahalik eta lan txukunena atontzea, zure paperak behin eta berriz orraztea, irakurleari liburu duin bat eskaini ahal izateko; eta bertze bat euskal literaturaren ekoizpenek zer-nolako oihartzun eskasa duten onartzea. Hitz gutxitan, zure lana serio hartzea baina zeure burua ez hainbertze. Ariketa hori ere beharrezkoa bezain osasungarria da, nire ustez.

Neure ibilbideari dagokionez, pozik, ezin kexatu. Gauden garaian egonda zazpi poema-liburu argitaratzeko parada izatea ez da gauza makala, poesia zirkuitu komertzialetatik kanpo dagoela kontuan hartuta. Edozein argitaletxerentzat inbertsio ausarta da gaur egun poesia editatzea. Nire kasuan, ideia batek hurrengo ideia eskutik dakarren bezala, liburu bakoitzak hurrengoa ekarri izan dit. Bilduma bat bukatu ondoren beti geratzen dira liburuan sartu ez diren testuak, ideiak… Hari solte haietatik tiraka hasi eta berriz piztu izan zait proiektu berri bati ekiteko gogoa. Idazteko eta berridazteko lana urrun daude batzuetan plazer hutsa izatetik, baina lan bat amaitua eta argitaratua ikusteak sormenaren prozesuaren gorabeherak konpentsatzen ditu.

Balantzaren bertze platerean kokatuko nukeena da gaur poesiak, are nabarmenago euskal poesiak, irakurleen artean daukan oihartzun eskasa. Alde horretan, zailena da poesiaren inguruan betidanik hedatuta eta errotuta izan diren topikoen kontra borrokatzea, hots, poesia zaila dela, poema guztiak errimatuak direla, poesiaren gaiak naturarekin eta giro bukolikoekin edota mistikoekin lotuta daudela… Narratibaren irakurle anitzek beldurra diote poesiari.

Idazlearen ahots poetikoaren eragina suma daiteke idazkeran, liburuko zenbait pasartetan. Poema zati batzuk ere topatuko ditu irakurleak han-hemen. Zein neurritan izan zaizu orain arte landu duzun ahots poetikoa lagungarri edo oztopo, narrazio lan bati aurre egiterakoan?

Nondik ikusten den, ordura arte poesia bakarrik idatzi izana lagungarri edo oztopogarri suertatu zait. Bi iheslarien errelatoaren prosa poetikoaren zatiak idazteko lagungarri izan da, pasarte haietan aiseago ezagutzen nuen nire ahotsa, nahiz eta poesia eta prosa poetikoa bi prozedura ezberdin izan. Bigarren narrazioan, gaur kokatzen den poeta ikerlari horren kasuan, ahotsa lantzearen lana agian ez zaila edo desatsegina, baina berriagoa bai suertatu zait. Seguru aski batzuetan nabari da idazten duenak poesia idazteko ohitura duela, eta hori ez da desegokia, egiantzekotasuna ematen baitio testuari. Baina saiakeratxo horientzat bilatu nahi nuen erregistro soila, fluidoa, ahozko estilotik hurbil-hurbila, arrunt eramankorra suertatu zitzaidan.

Ezkabako ihesaldia du oinarri nagusi liburuak. Ezinezkoa litzateke horrelako gai bat poesiaren bitartez lantzea?

Ideia bikaina litzateke hori, erronka gisa ekiteko modukoa. Hagitz gustukoa ditut elkarrekiko lotura sendoa duten poemen bildumak. Saiatu liteke Ezkabako poemario bat idazten, agian Lee Mastersen Spoon River´s Anthologyaren ildoan. Orain neure burua gezurtatu behar dut, arestian esan baitizut ihesaldiaren argudioak eskatzen zuela poesia uztea eta prosan sartzea. Baina batak ez du bertzea kentzen. Nik garatu nahi nuen argudioak eskatzen zuen nobela bat; ez gaiak berez. Bertzelako ikuspuntutik ikusita, ihesaldiak eman lezake gai horrekiko poema bilduma bat ekoizteko.

“Nire iragana bestelakoa da orain. Aldatu egun da. Besteren iraganak kutsatua dago. Baina lehengoa bezain nirea izaten jarraitzen du”. Nolakoa da zure iragana liburu hau idatzi ostean?

Iragana etengabe aldatzen da. Memoriaren eraikuntza den aldetik, memoria lantzen eta partekatzen baldin badugu nork bere iragana aberastuko du. Nire iragana lehen baino aberatsagoa da, ertz gehiago ditu; horrekin batera kezkagarriagoa eta mingarriagoa ere bada.

Amaitzeko, liburuko beste aipu bat: “Istorio kontalariak gara denok; geu gara kontatzen ditugun istorioak”. Zenbaterako ematen du “norbera kontatzeak”, zenbat liburu eman ditzake horrek? (Agian, amaierarik ez duen ariketa bat da…?)

Literatura bera bezain amaiezina da “norbera kontatzea” ariketa hori. Finean, idazten duzunean gertatu zaizuna eta gertatu ez zaizuna kontatzen duzu, zuri gertatzea gustatuko litzaizukeena eta zuri gertatzea nahiko ez zenukeena. Gure bizimodu aspergarrietan bizitzen ez ditugun gertakariak asmatzen ditugu literaturan. Beti zehazten diot inguruko jendeari nire poemetan agertzen den “ni” hori ez naizela ni, poesia orokorrean edo nirea bederen ez dela ez konfesionala ez autobiografikoa; edonola ere poemetan edo narrazioetan kontatzen ditugun istoriotxoetan guk denok dauzkagun nahiei eta beldurrei buruz hitz egiten dugu irakurleekin.

This entry was posted in ga-Elkarrizketak, Gatzetan gordeak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.