Errealitateari begirada bihurri bat

Karanbola toxikoak (Susa) liburua plazaratu du Andoni Urzelaik

17 ipuinez osatzen da liburua. Kontakizun guztiek eta “kontakizunetako pertsonaia guztiek istorio oso bat erakusten digute. Orain eta hemen gertatzen den istorioa”, Gorka Arrese Susako editoreak adierazi duenez. Ez da nobela bat, baina Andoni Urzelaik azaldu duenez, nobela gisa irakurri daiteke. “Anbientazioa nahikoa komuna da kontakizun guztietan, eta pertsonaia batzuk dantzan dabiltza ipuin ezberdinetan barrena”. Begirada bihurri batez ikuskatu nahi izan du errealitatea. Eta idazkera ere, intentzio horretara lerratu du: “ez dut esango jolas bat denik, baina idazkera nahikoa bihurria eta jolastia da”.

Urzelai

Liburuko pertsonaiak ez daude konforme tokatu zaien bizitzarekin. Eta protesta egiten dute. “Irri egiteko istorioak irudituko zaizkigu. Pentsatu bai, baina egiten ez ditugun gauzak egitera ausartuko dira. Beren inkonformismoa adierazteaz aparte, ausardia horrek elkarren artean borroka modu batzuk egiteko bidea emango die”, Gorka Arresek azaldu duenez.

Susako editorearen hitzetan, Karanbola toxikoak irri egiteko liburu bat da: “ironia eta sarkasmo handiz azalduak datozelako liburuko gertakariak. Baina irriak badu sostengu ekidin ezin bat bere baitan, tristura eta melankonia pixka bat”.

Gaurko garaia erretratatzen du, “nor garen erakusten digu, ispilu bat jartzen digu eta gure burua pixka bat deforme ikusten laguntzen digu. Andoni Urzelaik doain handiak ditu eszenak eraikitzeko eta dialogoetan maisutasuna igartzen zaio”.


Galtzaileen logika

“Galtzaileenganako enpatia dut”, halaxe adierazi du Andoni Urzelaik. Neurri batean edo bestean, “bizitza honetan denok gara galtzaile. Sistemak langa oso altuak jartzen dizkigu eta oso zaila da horra iristea. Ondorioz, jaiotzen garenetik frustazioak pilatzen goaz. Eta liburuko pertsonaia denek dute galtzaile existentzialetik zerbait”.

Andoni Urzelaik  Mikel izeneko pertsonaia nabarmendu nahi izan du. “Idazle erretxindu bat da, erabat haserre dago gaur egungo gizartean dagoen apatiarekin, kuriositate ezarekin… Eta borroka pertsonal bat hasiko du apatia hori astindu guran”.


“Oso arin irakurtzen da”

“Errealitateari begirada bihurri bat”. Hitz horiekin laburbildu du bere ahalegina Urzelaik. Horretaz gain, bere obsesioak ere ageri dira liburuan: “Bakarkadadea, heriotza… Baina ez da liburu transzendental bat. Gai sakonak ukitzen ditu baina oso arin irakurtzen den liburua da”. Idazkera ere intentzio horretara lerratu du. “Ez dut esango jolas bat denik, baina idazkera nahikoa bihurria eta jolastia da”.

Euskal kultura subentzionatuaren kontra egingo du Mikelek, liburuko ipuin askotan present dagoen pertsonaiak. Idazlearen ustez, horrek sor dezake tirabirarik. Hainbat erakunde kritikatzen direlako ipuinetan. “Baina kritika hori nahikoa zirkunstantziala dela esango nuke. Outsider kultural bat delako Mikel. Inork ez dio ezer publikatu nahi eta horregatik hartzen du hautu hori, horren guztiaren kontra jotzeko hautua”.

This entry was posted in Albisteak. Bookmark the permalink.

Comments are closed.