barikuko erretratuak

 

Gorreriaren argazkiak

Gorreriaren argazkiak dabiltza egunotan egunkarietako azaletan. Espainia ofizialak ez du entzuten, eta ez du entzun nahi. Baina, esateko eta egiteko oztoporik ez du.

Gaurko azal batzuetan, Jabier Salutregi ikusi dugu kartzelatik ateratzen, han urte partida bat igaro ostean. Salutregik zuzendutako egunkaria -Egin- isilarazi zuen Espainia ofizialak, bertan idazten zirenen oihartzuna ez entzun behar izateko.

Atzo, Mariano Rajoi eta Pedro Sanchez ikusi genituen egunkarien azaletan, Katalunia nola isilarazi hitzartzen.

Bihar, seguruenik, errepikatu egingo dira gorreriaren argazkiak. Albert Rivera hartuko du gaur eguerdian Mariano Rajoik. Gaia, berriz ere, Katalunia, Katalunia nola isilarazi. Arratsaldean, Pablo Iglesias hartuko du Rajoik. Hari ere proposatuko dio gurutzadan parte hartzea.

Arazo larria du Espainia ofizialak belarrietan. Ez da gorraize arin bat, ezta aldibaterako gorraldi bat; pertzeptzioko gorreria baizik. Audifonoa -sonotonea- behar du Espainia ofizialak belarrietan.

 

Jose Inazio Basterretxea

About Jose Inazio Basterretxea

Galdakao (Bizkaia), 1959-06-07
This entry was posted in Komunitatea. Bookmark the permalink.

Comments are closed.